Egonaldian izango duten erronka aurkezteko eta lurraldeko Gizarte Ekonomiaren esperientziekin harremanetan jartzeko, Impact Hub Donostiak topaketa bat antolatu du parte-hartzaileen eta Donostiako Estrategia Bulegoaren, Emaus Fundazioaren eta Mondragon Team Academyren artean, Tabakaleran.
Parte-hartzaileek elkarlanean eta taldean egingo dute lan alternatibak proposatzeko eta Donostiako Gizarte Ekonomiaren Hiriburuaren helburuei erantzuteko. Izan ere, hiriburutzaren jomuga ekonomia bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta parte-hartzaileagoa bultzatzea da, baina, batez ere, pertsonak erdigunean jarriko dituen ekonomia-eredua sustatzea. Horretarako, Estrategia Bulegoak ekonomia sozial eta solidarioaren printzipioen berri eman die parte-hartzaileei, eta eredu honek hiri eta lurralde osoaren garapenean duen paper garrantzitsua azaldu die. Gizarte-ekonomiara egindako hurbiltze horretan, bi gai planteatu dizkiete, egonaldian landu eta proposamenak egin ditzaten:
-
Nola hurbildu gizarte ekonomia gazteei eta ekintzailetza-ekimenei?
-
Zeintzuk dira tokiko ekintzailetza-ekimenak jarduera-eredu horietara bideratzen lagunduko duten gakoak?
Egonaldia amaitu baino lehen, azterlan horien inguruan proposamenak garatzeko konpromisoa hartu dute parte-hartzaileek, beti ere, hirian eta lurraldean aplikagarriak diren ideak badira.
Networking irekia
The Break programaren baitan, ekintzaileentzako agenda zabala prestatu du Impact Hub Donostiak. Saio horiek, gainera, Gipuzkoako erakunde-sarearekin lankidetzan aritzeko eta sinergiak bilatzeko interesa duten erakunde, ekintzaile eta norbanakoei zuzenduta daude. Hori dela eta, Impact Hub Donostiak, Mondragon Team Academy eta Gaztenpresarekin elkarlanean, networking saio irekia antolatuko du urriaren 10ean, 17:00etatik 19:00etara, Tabakalerako El eskondite-n. Parte hartzeko, ezinbestekoa da inprimaki hau betetzea.