Programaren barruan, Donostia Impact Hubek 18 emakumez osatutako lehen taldea jaso du egunotan, eta 24 egunez, prestakuntza-, ekintzailetza- eta konexioa-prozesu bat egingo dute. Prozesu horren bidez, beren negozio-ereduak landu eta garatuko dituzte, tokiko errealitatearekin harremanetan eta sinergiak eraginez.
Programan parte hartuko duten emakumeek Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzarekin lotutako erronkari egin beharko diote aurre aurtengoan, ekonomia bidezkoagoa, berdinzaleagoa, parte-hartzaileagoa eta integratzaileagoa sustatzeko asmoz, pertsonak erdigunean jarrita. Horregatik, Donostiako Estrategia Bulegoak bilera bat egin du haiekin, hiriaren 2030 Plan Estrategikoaren bosgarren helburuari (oreka ekonomikoari) lotutako gidalerro nagusien eta hiriburutzaren balioen inguruan aritzeko.
Hala, Tabakaleran egindako topaketan, hiriaren errealitate sozioekonomikoarekiko interesa azaldu dute parte-hartzaileek, eta Donostiako problematika nagusien eta hiritarrek elkarrekin komunikatzeko dituzten topaguneen inguruan galdegin dute.
Beste bizpahiru astez luzatuko den egonaldian, partaideekin harremanetan jarraituko du Estrategia Bulegoak, beren proiektuak garatu ahala, aholkuak eta informazio zehatza eskaintzeko. Gainera, Gipuzkoako erakunde-sarearekin elkarlanean aritzeko eta sinergiak bilatzeko interesa duten erakunde, ekintzaile eta/edo pertsonei irekitako ekitaldietan parte hartuko dute datozen egunetan programako kideek.