Ez da bi hiriburuek partaidetza-organoen inguruko esperientziak eta ikaskuntzak partekatzen dituzten lehen aldia, izan ere, joan den urtarrilean, Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako zinegotziak Donostiako Kontseiluak Kursaalean egindako osoko bilkuran parte hartu zuen.
Zulaikak, halaber, hiru euskal hiriburuetako organoek abiatutako bide partekatua izan zuen hizpide: «Gure helburua hiru Gizarte Kontseiluen arteko lankidetza-harremana indartzea da eta, ahal den neurrian, proiektu komunak garatzea».
Donostiako Gizarte Kontseiluari dagokionez, gaiaren inguruan argitaratutako 2008ko lehen erreglamenduarekin hasitako ibilbidea errepasatu zuen Zulaikak, egungo egiturara iritsi arte. 2019aren amaieran, foroak legegintzaldi berri bati ekin zion, eta bi helburu nagusi ezarri zituen: garrantzizkotzat jo ziren gai batzuei lehentasuna ematea (Adinekoak, Belaunaldien aldaketa, Donostiar berriak, Klima-aldaketa eta Auzoak), eta egindako jarduerei dinamismo handiagoa ematen saiatzea.
Gizarte Kontseiluaren jarduerak
Zulaikaren arabera, Donostiako parte-hartze organoaren jarduera garrantzitsuenak Osoko Bilkurak eta Batzorde Iraunkorraren bilerak dira. “Etapa berri honetan, saioen egitura aldatu dugu. Sei minutu inguruko hamar bat hitzaldi labur antolatu ohi ditugu, gehienetan, Gizarte Kontseiluko kideek eskaintzen dituztenak”. Formatua 2020an sortu zuten, alarma-egoeraren amaieran, Covid19ak hirian eragindako kalteen ebaluazioa egiteko, Kontseiluko hogei kide gonbidatu zituztenean pandemiak hiriko sektore ezberdinetan izandako eraginaren berri eman zezaten.
Kideek oso modu positiboan baloratu zuten topaketa, eta, hortik aurrera, formatua mantendu da azken saioetan,besteak beste, migratzaileek hirian duten harrera aztertzeko.