TABAKALERA. Kultur Garaikideko Nazioarteko Zentroa
Tabakalera kultura garaikidea sortzeko zentro bat da, pentsamendu kritikoa, gogoeta eta eztabaida esnatzeko nahiarekin jaioa. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, joan den irailaren 11an ireki zen eta herritarren harrera ezinhobea izan zuen.
Tabako fabrika izandako eraikin batean kokatuta dago, Donostiako Egia auzoan. Tokiko eta nazioarteko eragileen arteko ezagutza-transferentzia errazteko lan egiten da bertan, hainbat saretan parte hartuz horretarako. Jardunbide artistikoak profesional bihurtzeko laguntza ere eskaintzen du. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatutako proiektua da.
Tabakalerak, ikaskuntza-espazio berrien bidez, ezagutza trukatzeko eta transmititzeko leku bat eskaintzen du. Eztabaida eta gogoeta pizten ditu, eta gaitasun kritikoa elikatzen, betiere aldaketa sozialerako elementu gisa ulertuta.
Tabakalera proiektua lehenengo plan estrategikoaren baitan lantzen hasi zen, ikus-entzunezkoen eta kulturaren aldeko apustu irmoa eginez. Zinemaldiari eta kulturari lotutako bestelako jaialdiak medio, Donostia nazioartean ezaguna da, hortaz, sormenaren eta multimedia ekoizpenen aldeko ageriko apustu batek hiriaren espezializazioan sendotzea ekarriko zuela aurreikusi zen.