Elkarrizketak

Udalaren egitura osoa DSS2016rako ari da lanean

Txuri Aranburu

2016rako lan taldearen Koordinatzailea

Txuri Aranburu, Pedagogian lizentziaduna eta Gizarte Hezkuntzan diplomatua, DSS2016rako Donostiako lan taldeko koordinatzailea da. Hiriak prest egon behar du, arlo guztietan, halako neurriko gertaera bati aurre egiteko.

 

Aranburuk 28 urte egin ditu udalean lanean; hasieran, teknikari moduan eta ondoren, Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan. Hiriaren bigarren mendeurreneko programazioko arduraduna ere izan da.

Kementsua, eraginkorra eta ekintzailea da, eta buru-belarri arituko da Donostiak 2016ko hiriburutzak eskatzen duen maila izateko. Beti ari da taldean lanean eta besteen esfortzua kontuan hartzen.

Zer da lan taldea eta nola funtzionatzen du, zer dinamikarekin?

DSS2016Hasieran, Donostia Turismok, Estrategiak, Donostiako Sustapenak, Donostia Kulturak eta nik, koordinatzaile naizen heinean, osatzen genuen lan taldea. Bi helburu nagusirekin hasi ginen lanean:

2016ko Europako Kultura Hiriburutza Donostia eta bertako herritarrak eraldatzeko aukeratzat hartu genuen, baita herri-administrazio moduan halako gertaera bati aurre egiteko dugun ardura moduan ere.

Hasieran, hamabost egunetik behin egiten genituen bilerak, baina azken hiletan astero bildu gara, asteazkenero. Alkatea edo Alkatetzako kabineteko kideren bat ere etortzen da.

Lan taldearen bileretan, hasteko, sail bakoitzak egin dituen izapideen eta horien egoeraren berri ematen du labur. Ondoren, gaiaz arduratzen den zuzendaritzak asteari dagokion gaia azaltzen du. Modu horretan jorratu ditugu hainbat gai, adibidez, mugikortasuna, harrera-plana, leihatila bakarra, fiskalitatea, harremanen sistema, nazioartekotzea eta abar. Gaien azalpen orokorra ematen dugu, eta erronkak, kezkak, zailtasunak, koordinatu beharrekoak, hartu beharreko neurriak eta abar planteatzen ditugu.

Ahal den heinean, 2014an, 2015ean eta 2016an izango ditugun erronka nagusiak zehazten ditugu, eta, alkateak parte hartzen duenez, erabakiak hartzen ditugu modu batean edo bestean jarduteko.

Duela gutxi, Mugikortasun eta Lehendakaritza Sailak eta Udal Informatika Zentroa batu zaizkio batzordeari behin betiko. Gure ustez, udaleko sailen eginkizuna funtsezkoa da. Mugikortasun Saila ezinbestekoa da hiria etorkizunerako prestatzeko. Lehendakariaren sailari eta Udal Informatika Zentroari dagokienez, udaleko beste sail batzuek haien beharra izaten dute.

Beste sailen bat batu beharko zaio hurrengo hiletan? Nolako bilakaera espero duzue?

Bai, noski. Hala ere, behin betiko partaidetza ez da horren garrantzitsua. Izan ere, bilerak irekiak dira eta, kasuan kasu, ekarpenak egin ditzaketela uste duten sail guztiek har dezakete parte. Gainera, taldeko kide ez diren beste sail batzuekin ere lan egiten dugu, oso garrantzitsuak direlako eta ekarpen handia egin dezaketelako, besteak beste, Ingurumena, Mantentze eta Hiri Zerbitzuak, Prebentzioa eta Udaltzaingoa, Partaidetza, Gizarte Sustapena eta Kirolak.

DSS2016

Horiek guztiek DSS2016n hartuko dute parte, egia esan, orain ere parte hartzen ari dira. Horregatik, aldian behin aztertzen dugu lan taldean behin betiko edo noiz behinka parte hartu behar duten.

Udalaren egitura osoa DSS2016rako ari da lanean, batzuk asko, beste batzuk gutxiago, sortzen diren beharren arabera.

Bestalde, lan taldearen akta eta deialdi guztiak udalaren sail guztiei banatzen zaizkie. Zuzendaritza guztiek astero jasotzen dute informazio hori. Horrenbestez, lan taldeko kide ez izan arren, beren interesekoa den gairen bat badago edo ideiak eta proposamenak egin ditzaketela uste badute, bileretara joan daitezke, horretarako aukera ematen dugu.

Horri esker, azkarrago jardun dezakegu eta beharrezkoak edo kudeatzeko errazak ez diren bilerak saihestu ditzakegu.

Hiru hitzetan edo ideiatan adierazita, nola nahi zenuke herritarrek ulertzea/bizitzea DSS2016?

Proiektu irabazlean bildutako laburpenaren arabera, gure kultura-politikak birplanteatzeko eta, kultura-proiektu baten bidez, hiri moduan ditugun erronkei aurre egiteko aukera da. Horrenbestez, bizikidetzarako bidaia da, kulturaren eta heziketaren bitartez. Tokiko alorra, gertukoena, du abiapuntu eta globalera heltzea du helburu, Europako esperientziekin lotu ahal izateko.

Udaleko langileei dagokienez, badakite Europako Kultura Hiriburu izango garela eta horrek zer ekarriko duen?

Gaitzuste-une bat egon zen, eta badirudi halakorik ere gertatu dela kultura-hiriburu izan diren beste hiri askotan, baina duela zenbait hiletik, gure erantzukizunari buruz kontziente izaten hasi gara, lan taldearen ahaleginari esker.

Normalean sailetako zuzendaritzekin biltzen naizen arren, talde teknikoekin ere hitz egiten dut, eta denak ari dira proiektua barneratzen eta norabide berean lan egiten. Hiriburutzari dagokionez, gure helburuak ondo bideratu ditugula uste dut eta denok ari gara norabide berean aurrera egiten.

Hiri moduan, egiteko asko geratzen zaigu. Baina zein dira lehentasunak orain, 2014. urtea amaitu aurretik NAHITAEZ egin beharrekoak?

Lehentasuna duten hainbat erronkari egin behar diegu aurre.

Mugikortasuna da horietako bat. Hirira nondik iritsi eta hirian nola mugitu. Garraio publikoaren eta ibilgailu pribatuaren aukerak ditugu. Bestalde, aparkalekuak (TAO eta aldirietako aparkalekuak), autobus-estazioa, espazio publikoak eta semaforoak kudeatu behar ditugu eta mugikortasuna kudeatzen lan egiten duten sare eta erakunde guztiak koordinatu behar ditugu, etab.

Bisitariak hartzea: harrera-plana sortzea, zerbitzuetako sektoreko hainbat arlori trebakuntza ematea, jardunbide egokien liburua sortzea eta banatzea, establezimenduak modernizatzea neurri fiskalen bidez, pertsonen tratua...

Hiriko zerbitzuak eta mantentze-lanak kudeatzea: hiriaren mantentzearekin lotutako guztia (argiztapena, garbitasuna, hondakinen kudeaketa, hondartzak, lorategiak, parkeak…)

Prebentzioa eta segurtasuna: Oso garrantzitsua da. Udaltzaingoak, suhiltzaileek, osasun-sailak eta abarrek hartu behar dute parte.

Ingurumena: Hiri gisa hartuko ditugun arlo guztietako neurri guztietan CO2 gutxitzeko parametroak ezarri behar ditugu.

Toki-administrazioa modernizatzea: izapideak egiteko leihatila bakarreko bulego bat ireki nahi dugu, adibidez, bide publikoak erabiltzeko baimenetarako eta denbora errealeko informazioa ematen duten aplikazioekin eta abarrekin.

Previous Next

Zer pentsatu zenuen DSS2016rako lan taldea koordinatzea eskaini zizutenean?

DSS2016Ni zergatik aukeratu ninduten pentsatu nuen. Bigarren mendeurrenaren koordinaziotik urruntzea behar nuen, esfortzu handia egin nuelako, baina ezetz esatea kosta egiten zait.
Proiektuaren norainokoa eta lantaldea ezagutu ondoren, ez nuen gehiago pentsatu, eta aurrera egin nuen.

Eskerrak eman behar dizkiet, bereziki, Amaia Almiralli, Kepa Kortari, Manu Narvaezi eta Euken Seséri. Elkarrekin lan eginez dena da errazagoa eta atseginagoa. Gainera, zuzendaritzetako langile, teknikari eta administrazioko langile ugarik ardura handiz egiten dute lan eta beti daude laguntzeko prest

Labur esanda, gogoz, grinez eta erabakigarritasunez lan egiteko prest nago.

Nolakoa da lanegun arrunt bat Txuri Aranbururen bizimoduan?

Goiz jaikitzen naiz, goizeko seiak aldera, eta etxea antolatzen dut.

Bulegora etortzen naiz eta aurreko eguneko gaiak berrikusten ditut, adibidez, bileren laburpenak egiten ditut, bizpahiru izaten dira, ondoren, asteazkenetako bileraren deialdia prestatzen dut, hartutako akordioak aztertzen ditut eta haien segimendua egiten dut. Gainerakoen lana koordinatu eta erraztea da nire eginkizuna.

Badakit udaleko sailetako zuzendariek ohiko lan zailei hau gehitu behar diotela. Horregatik, ezin diet ezer exijitu, lagundu eta erraztu baizik.

Bulegotik kanpo igeri egitea eta itsasoan egotea gustatzen zait. Igeriketa talde bateko kide naiz eta udan izugarri gozatu dut egunero itsasoan igeri egiten. Neguan, igerilekuan entrenatzen dugu, baina eguraldiak ahalbidetzen duen bitartean itsasoan ibiliko gara asteburutan.

Zaletasun horiez gain, denbora librean furgonetan bidaiatzea, irakurtzea eta familiarekin eta lagunekin egotea gustatzen zait, beste edonori bezala.

Pertsonen zer ezaugarri balioesten duzu gehien?

Zintzotasuna. Norberarekiko errespetua, besteak errespetatzeko abiapuntua delako. Eta alaitasuna, umore oneko pertsonak behar ditut inguruan. Umore oneko pertsonak gustatzen zaizkit, barre egiten eta poztasuna transmititzen dutenak. Asko laguntzen dit horrek.

Bizitzeko hiri bat?

Donostia, inolako zalantzarik gabe.

Bisitatzeko hiri bat?

Ezin dut bakarra aukeratu. Garapenerako Lankidetzako Saileko buru nintzenean, garapen bidean zeuden herrialdeetara bidaiatzeko zortea izan nuen. Horregatik, jende guztiari gomendatzen diot halako herrialde batera bidaiatzea behin gutxienez. Edozeinetara. Nik baditut nire gustukoenak baina edozeinek balio du. Munduko herritarren bi heren baino gehiago nola bizi den jakitea garrantzitsua da. Gure beharrei eta arazoei garrantzia kentzen eta hemen, eta ez hemendik kilometro gutxira, jaio izateagatik zortea izan dugula jakiten laguntzen du.

Nola imajinatzen duzu Donostia 2016. urtearen ondoren, 2020an adibidez?

Aurreko puntuaren ildotik, aldeak balioesten eta errespetatzen dakien hiria izatea gustatuko litzaidake, edonolakoak, jatorrikoak, sexu-aukerakoak, erlijiokoak, arrazakoak eta abarrekoak.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak