Elkarrizketak

“Ez naiz inoiz lekuz kanpo sentitu Donostian”

Sheyla Corcostegui

Gazte eta helduen errefortzuko irakaslea eta Gizarteko Kontseiluaren Batzorde Iraunkorreko kidea

Sheyla Corcostegui bizkaitarra eta Lehen Hezkuntzako irakasle diplomaduna da, eta errefortzuko eskolak ematen dizkie gazte eta helduei. "Nire lanari oso emana naiz, eta horrek denbora libreko ordu dezente kentzen dizkit", onartu du. Gainera, Donostiako Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kide da.

 

Zozketa bidez hautatua izan zara Donostiako Gizarte Kontseiluan hiritarrak ordezkatzeko. Nola hartu zenuen albistea?

Sorpresa handia izan zen. Egia esan, aurretik ez nuen Gizarte Kontseiluaren berririk, eta ez nintzen gai ikusten, nire lekutik, Batzorde Iraunkorrean ekarpenak egiteko. Hala ere, baietz esan nuen momentutik, Kontseiluaren zereginetan murgildu naiz, eta konpromisoa hartu dudanez, herritarren ordezkari gisa ahal dudan guztia ematen saiatuko naiz.

Donostian bizi zara duela 5 urtetik. Nola ikusten duzu hiria?

Hona bizitzera etorri aurretik, Donostia den bezalakoa ikusten nuen: hiri ederra, eta ahal nuen guztietan bertara etortzea gustatzen zitzaidan. 5 urteren ondoren, perspektiba zertxobait desberdina da. Hiri ederra izaten jarraitzen du, baina kanpotik ikusten ez diren beste hainbat alderdi ikusten ditut. Nire ustez, bizi-kalitatea oso ona da, eta alderdi positibo asko ditu, baina, era berean, iruditzen zait maila turistikoan masifikatzen ari dela, eta herritarren beharrak pixka bat alboratzen ari direla. Ez da seinale ona auzokoei entzutea goi-denboraldian nahiago dutela hiriko hainbat eremu saihestu, masifikazioagatik.

Zure jaioterriarekin alderatuta, zer alderdi bereizgarri aurkitzen dituzu?

Donostia eta Bilbo asko gustatzen zaizkit, baina ez dute zerikusirik. Donostia lasaiagoa da, eta dena eskura duzu. Hala ere, kultur jarduerak gehiago sustatu beharko liratekeela uste dut. Kursaala, Victoria Eugenia antzokia, Antzoki Zaharra eta abar ditugu, eta etekin gutxi ateratzen zaiela esango nuke. Jende asko joaten da Donostiatik inguruko hirietara aisialdirako alternatiba bila, hemen ez dituztelako aurkitzen. Bestalde, merkataritza eta aisialdiko eskaintza (esaterako, zinema), Garbera merkataritza-gunean kontzentratzen ari da, eta konexioak eta ordutegiak oso mugatuak dira.

Kanpotik datoztenentzat, hiri irekia da Donostia?

Bai, nahiko irekia. Ni ez naiz inoiz lekuz kanpo sentitu, eta, gainera, auzoetan auzo-elkarte ugari daude parte-hartzaile berriei zabalik. Horrek auzokideak ezagutzen laguntzen du.

Alkatea bazina, zer aldatuko zenuke?

Hasteko, oso zaila da Donostia bezalako hiri handi bateko alkate izatea. Baina uste dut gai batzuk ahaztuta daudela eta buelta bat eman beharko litzaiekeela, hala nola, edonon aparkatzen duten motorren kontrol faltari (Reale Arena futbol-zelaiaren ondoan bizi naiz eta partida egunetan eromena da). Esan bezala, kalitatezko turismoa bilatzen saiatuko nintzateke, eta, horretarako, etxebizitza turistikoen erabilera gehiago kontrolatu beharko litzateke, baita etxebizitzaren prezioa ere. Pena da lehen etxearen bila ari diren gazteak Donostian geratu ezin izatea, prezioak erabat puztuta baitaude. Ondorioz, hiritarren batez besteko adina oso altua da, gazteek kanpoaldera joan behar dutelako.

Eta zer gai aztertu ditzake Gizarte Kontseiluak?

Erakunde askok osatzen dugu Gizarte Kontseilua, eta horri esker, landu beharreko gaiak ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen dira. Beraz, zaila zait gai zehatz bat nabarmentzea... Nire aldetik, nire eskumeneko gaiez hitz egin dezaket, esaterako, etxebizitzaz, aparkalekuez, gizarte-premiez, eta abar. Azken finean, gure hiria hobetu nahi badugu, Gizarte Kontseilua bezalako organo bat edukitzea beharrezkoa iruditzen zait.

Amaitzeko, bada nabarmendu nahi duzun beste alderdiren bat?

Hiriak ez die behar adina babes ematen ospe handia izan arren, bereziki ezagunak ez diren kirol-taldeei, hala nola, esgrima, kempoa eta abar. Hiriko hainbat kultura-ekitalditan inplikazio handia duten taldeak dira, baina Udalaren laguntza faltak ito egiten ditu edo anonimatuan mantentzen ditu. Ikusten duzuenez, landu beharreko gaiak asko dira, eta erronka horiei guztiei erantzuna bilatzea lan nekeza da.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak