Krisi garaietan inbestitu behar da gehien gizarte-zerbitzuetan eta pertsonetan
2011n Caritas Gipuzkoak 24.000 pertsonari eskaini zion arreta lurralde osoan, horietatik erdia, gutxi gorabehera, Donostialdean. Baina, kopuruaz haratago pertsonak daude: erakunde honen lanaren ardatza. Pertsona guztiek, salbuespenik gabe, elementu positiboak dituzte.
Eta elementu horiek aurkitzea da erakunde honen helburua. Horri guztiari buruz hitz egin dugu Caritas Gipuzkoako idazkari nagusi Jose Emilio Lafuenterekin.
Caritas Gipuzkoak hainbat arreta-zentro eta mota ezberdinetako fundazio kudeatzen ditu, eta larrialdi egoeretan ere esku hartzen du, esaterako hondamendi naturalak gertatzen direnean.Nola azalduko zenuke Caritasek Donostian egiten duen lana?Zein da erakundearen filosofia?
Caritasek zenbait programa, proiektu eta baliabide ditu Gipuzkoan, gehienak Donostialdean.
Arreta eskualde honetan jarrita eta pixka bat kokatu gaitezen, lehenik eta behin Cariataseko harrera dago, beratara zailtasun eta behar egoeran dagoen edonor gerturatu daiteke.
Abegi-puntu garrantzitsu bat Salamanca pasealekukoa da. Hortik baliabide espezializatu batera bideratzen dugu pertsona, edo kasu bakoitzaren arabera, aholkua ematen diogu.
Hemen dago gutxiengo etnikoen saila, eta bertan, ijitoen familien esku-hartzean espezializaturiko gizarte-langileek egiten dute lan. Zenbait sail ditugu: borondatezko langileak, prestakuntza, garapenerako lankidetza, etab.
Beste abegi-puntu garrantzitsua Intxaurrondoko Laguntza Etxea da, immigranteei zuzendua. Horrek berezitasun bat du, hara jotzen duten pertsonen gehiengoa egoera juridiko eta administratibo irregularrean baitago. Laguntza ematen zaie alderdi horretatik.
Bestalde, askotariko arazoei arreta emateko baliabide espezializatuak daude.
Esaterako, Aterpe, kalean dauden eta ostaturik edo bizilekurik ez duten pertsonentzako harrera-etxea. Zerbitzu integrala eskaintzen zaie behar materialen ikuspuntutik: elikaduraa, gizarte-jantokia, garbitegia. Bestalde, normalean kontsumoekin (drogak, alkohola) zerikusia duten arazoak gainditzeko laguntza eta esku-hartzea ere eskaintzen da.
EUTSI proiektua arazo horietan kronifikatuta dauden pertsonek dituzten kalteak murrizteko programa aitzindaria da. Oso programa esanguratsua da, hemen kontsumoa ez baitago zigortuta, alegia, onartu egiten da. Oso kasu bereziak dira, pertsona horien hondamen egoera dela-eta, bai baitakigu ez diotela kontsumitzeari utziko.
Proiektu hau EHUko Psikologia fakultatearekin eta Osakidetzarekin lankidetzan garatu dugu.
Villa Betania ere badugu, GIBa duten gaixo terminaletan espezializatutako egoitza. Euren azken egunak igarotzeko harrera-etxea da, familiarik eta baliabiderik gabeko jendea baita.
Lamorus zentroan ere hezkuntza- eta prestakuntza-lantegiak egiten ditugu. Kalean dauden pertsonekin okupazioa, ohiturak eta diziplina lantzen dira. Motibazioa eta gaitasunak ere jorratzen dira.
Azkenik, Hotzaldi daukagu, neguko aterpea; azaroaren 15etik apirilaren 30era arte egoten da irekita. Bertan, kalean bizi diren eta bestelako ostaturik ez duten pertsonei ematen zaie arreta, neguaren eragina arintzeko. 40 pertsonentzako tokia dago.
Krisia hasi zenetik, zer alderdik hunkitu zaituzte gehiago?Zer iruditu zaizue larriena?
Caritasera gerturatuko zirela inoiz imajinatu ere ez genuen pertsonek duten zailtasun egoera. Orain arte, profil jakin bat zuten pertsonekin egin dugu lan, zailtasun ekonomikoak zituen jendearekin, bai hilaren bukaerara iristeko, bai diru-sarrerak antolatzeko; hezkuntzan gizarte-langileen laguntza behar zuten pertsonak...
Baina, azken urteotan, profil horrekin zerikusirik ez duen jendeak jo du gugana. Langabezian geratu diren eta zenbait gasturi aurre egin behar dieten pertsonak. Horrek harritu gaitu gehien. Kasu batzuetan, hemengo jendea da.
Nabarmendu beharreko beste profil bat, aurretik Caritasen izan diren eta zailtasunak gainditzeko prozesu interesgarri bat egin ondoren, berriz ere atzera egin duten pertsona da. Gizarteratze osoa lortzera eraman zituen prozesua egindako jendea da, enplegua, etxebizitza, egoera erregularra, eta abar zutenak, eta krisiaren ondorioz, lanpostua galtzean berriro hasierako puntuan daudenak. Pertsonengan frustrazioa eragiten du atzera-egite horrek.
Pertsonei eta Caritasen lan egiten duzuenoi ere, ezta?
Bai, guri ere bai, baina guretzat garrantzitsuena pertsona da. Gure esku-hartzea pertsonengan oinarritzen da. Gure filosofia, edo gure gizarte-ekintzaren ereduaren gakoetako bat, bakoitzak duen onena ateratzea da. Gure ustez, pertsona guztiek, salbuespenik gabe,elementu positiboak dituzte, eta gure lana elementu horiek aurkitzen laguntzea da.
Pobrezia egoera egunero dago komunikabideetan, baina, ohartzen al gara herritarrok horren atzean dagoenaz?
Egoeraren errealitateaz ohartzen hasiak gara. Krisiari buruz hitz egitean, iritsi zaigun egoera bat balitz bezala mintzatzen gara, bat-batean agertu izan balitz bezala. Nire ustez, krisialdia hor zegoen, ezkutuan, aspalditik, gure eredu ekonomikoa eta garapen-eredua direla-eta.
Badago Caritasen FOESSA (azterketa sozialen eta soziologia aplikatuaren sustapena) fundazioaren txosten bat, «2008ko Bazterkeria eta gizarte garapena Espainian txostena»ren seigarren ediziokoa, hain zuzen, krisia azaleratu aurreko hamarkada aztertu zuena, eta gorakada ekonomikoko urteetan baliabideak behar bezala erabili ez zirela eta, ondorioz, herritarren premiei erantzuteko babes sistemarik sortu ez zela ohartarazten zuena. Eta are eta garrantzitsuagoa dena, gorakada ekonomikoaren urte horietan aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak ez zirela gutxitu zioen. Horrek, pertsona asko urrakortasun egoeran utzi zituen. Eta, langabeziaren aldagaia sartu denean dena hondatu da. Krisia dagoeneko hor zegoen baina, ez zen ikusten, ezkutuan zegoen.
Eusko Legebiltzarrak 2008an onartutako Gizarte Zerbitzuen legearen helburua 2016rako gizarte zerbitzuen unibertsalizazioa lortzea zen. Nola eragiten dio lege horrek eta legearen garapenak Caritas bezalako erakundeei?
Krisiaren aurretik, zenbait urtez, Gizarte Zerbitzuak pixkanaka garatzen ari zirela ikusi dugu, eta hori ona eta positiboa da. Ez dugu lortu nahi adina garatzea, baina gizarte-babesaren sistema bat ezartzeko ahalegina egin zen.
Saiakera hori eten egin da edo asko mugatu da krisiaren ondorioz ezin izan delako aurreikusitako guztia gauzatu. Gainera, duela gutxi egindako erreforma batzuk garapen hori eragotzi dute, esaterako diru-sarrerak bermatzeko legeak. Benetan lortu duena, prestazio hori lortzeko zailtasunak jartzea izan da, eskatu ahal izateko erroldatze epe minimoa luzatu baitu.
Babes sozialaren sistema murrizteko tentazioa batzen zaie krisia dela-eta eratorritako zailtasunei. Gure ustez, bereziki krisi garaian inbestitu behar da gehien gizarte zerbitzuetan. Ez luke zentzurik izango herritarrak okerren pasatzen ari direnean laguntzak mugatzeak. Pertsonengan eginiko inbertitzea dela ikusi behar da, ez gastu bat. Eta murrizketak egin behar badira, gai sozialetan eraginik ez duten arloetan egin daitezela.
Desberdintasunak gero eta handiagoak dira, eta baliteke une batean erdi-mailako klasea, orain arte ezagutu duguna behintzat, desagertzea. Nola irudikatzen duzue etorkizuna CARITASen?
Etorkizuna imajinatzea konplexua eta zaila da. Orain arte esandakoaren ildotik, prebentzioa egingo nuke. Aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak daude, eta gero eta handiagoak dira. Ez mundu-mailan bakarrik, mendebaldeko gizarte modernoetan gertatzen ari da, baita hemen ere. Errealitatea da.
Joan zen abenduan ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) txosten batean jaso zuen aberatsen eta pobreen arteko aldea duela 30 urtekoa bezalakoa dela.
Errealitate horrek prebentzio-egoeran kokatzen gaitu, eta eraikitzen ari garen gizarte-eredua birplanteatu behar dugu. Gizartearen dualtasun batean sartzeko arriskua dago. Eta kohesio arazoak izatekoa.
Argi dago guztiok egin beharko ditugula ahaleginak eredu desberdin bat, gizarte desberdin bat lortzeko.
Nola dabil gizarte gipuzkoarra balio aldetik?Solidarioak al gara?
Gipuzkoan krisian ez dagoen zerbait badago, solidaritatea da, argi daukat. Gipuzkoako gizartea oso solidarioa da, eta ekintzetan oinarritzen naiz hau esateko.
Krisia hasi zenetik Caritasen diru-sarrerak asko handitu dira dohainei eta kideen kuotei esker, eta Caritasera euren denbora eta lana eskaintzeko gerturatu den jende kopurua ere handitu egin da. Gero eta okerrago egon, orduan eta erantzun sozial handiagoa izan dugu.
Bizi dugun momentuaz ohartu behar gara, eta bertaraino nola iritsi garen pentsatu. Guztiok egin behar dugu azterketa hori. Zenbait gairen aurrean nola jarduten dugun pentsatu: kontsumoa, baloreak, ingurumena…
Eta gure ingurunea bakoitzak bere esparrutik hobetzeko zer egin dezakeen pentsatu. Bakoitzak bere portaeraren arabera era positiboan eragin dezake bere ingurunean.
Azken finean, gizarte desberdin bat aldarrikatzea da helburua; pertsonak duin egitera, ondasun komunera eta gizarte bidezkoagora eta zuzenagora begira dagoena.
Zure ikuspegitik eta ezagueratik, edo Caritasen antzeko Europako beste erakundeekin izandako lankidetzatik, zeintzuk dira kontinentearen joerak gizarte-laguntza alternatiboaren edo herri-administraziotik kanpo dagoenaren esparruan?
Gizarte-ekintzaren eta esku-hartzearen ereduari dagokionez, nire ustez garrantzitsua da arreta pertsonengan jartzea. Ez dugu arazoekin lan egiten, pertsonekin baizik. Hori da muina. Pertsonen egoera ahal den neurrian duin egitea, pertsonen gaitasunak garatzen saiatzea.
Eta oso garrantzitsua da ere harrerarekin, entzutearekin eta konpainia egitearekin zerikusia duena. Laguntza eta laguntasuna ere eskaini behar ditugu.
Garrantzi handia ematen zaie behar ekonomikoei, eta badute, baina atzetik ere badaude beste behar mota batzuk.
Zentzu horretan, oso interesgarria da oinarrizko gizarte-zerbitzutik egiten den lana udal zentroen bitartez. Eta hemen interesgarria izango litzateke pertsonari akonpainatzeko lana berreskuratzea, eta ez bakarrik Lanbidetik egiten den laguntza eta tramitazioa. Pertsonen gaitasunak bultzatzeko haiengandik hurbil egon behar dugu.