Hutsuneak osatu behar dira aurrea hartuz eta proiektu berriak abian jarriz
Ekintzailea da lanaldi osoz. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna den Xabier de la Mazak (Donostia, 1983) grina, lana, sena eta iphonean, ordenagailu eramangarrian zein gizarte sareetan ordu asko konbinatzen ditu.
Komunikabide ezberdinekin elkarlanean aritzen da, bai prentsa idatzian bai irratian eta telebistan ere, eta zenbaitek “hiriko bazter-nahaslea” dela dio.
Gure ustez, PIRATAK mugimenduarekin batera, De la Maza joan den udako pertsonaia izan da. Besteak beste, The Loaf in a Box, Musika Parkean, Pintxos&Blogs, The Glutton Club, 365cities.org eta, duela gutxi, Pantori.es ekimenen atzean dago.
Hirian aisiaz gozatzeko modu berri bat sustatzen duten “egonezinen” taldeko kidea da. Erakunde publikoen laguntzen mende ez dagoen formula bat, alegia. Oinezko hiritarrak dira gidaritza hartzen dutenak.
-“Donostiako udako pertsonaia” zarela esatera ausartu gara, eta gure irakurleek berehala ulertuko dute horren zergatia.
Azken hilabeteetan zenbat proiektu, emanaldi, ekimen, eta abarretan parte hartu duzu zuzenean edo zeharka?
(Barreak) Joan gaitezen proiektuka. 2008. urtetik enpresa-jarduera bat garatzen ari gara. Gaur egun bi enpresa ditugu: Delifunart, lehen sektorerako marketin estrategikoko aholkularitza enpresa bat eta, 2012an Deustuko Unibertsitateko Garate Innogune eraikinean La Salsera eratu dugu. Transmedia enpresa honetan guretzat bakarrik edo hirugarrenentzat proiektu oso esperimentalak garatzen ditugu edozein sektoretan.
Bestetik, The Glutton Club delakoa, jardueren bitartez gastronomia bultzatzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta honen komunikazioak gastronomiarekiko interesa duen jendea du batik bat xedetzat, ez baitira gauzak jakintzat ematen. Horri esker, dibulgaziozko jarduerak burutu daitezke.
Donostian hasi zen eta, gaur egun, Bartzelonan eta Bilbon egiten ditugu jarduerak.
Deustuko Unibertsitatearekin harreman ona mantentzen dugu eta gure publikoak unibertsitateko ikasleak eta 40-45 urterainoko jendea barne hartzen du.
The Glutton Club elkartearen giltzak produktu-ekitaldia aldatzea, komunikazioa aldatzea, prezioa eta baita banaketa ere aldatzea izan dira. Hor Internet da erdigunea.
Baina aurten gure proiektu nagusia The Loaf in a Box izan da: Renfe geltokiaren aurrean, Urumea ibaiaren ondoan kokatutako aldi baterako okindegi bat. Ekimen hau 2016 Bulegoaren eta TES, Tecno-Emotional Spaces, proiektuaren parte-hartzeari esker egin ahal izan da, beraiek arduratu baitira lurzoru publikoaren kudeaketaz eta horrek guztiak dakarren burokraziaz.
The Loaf proiektuaren finantzaketa pribatua izan da 0ean, heren bat La Salseraren kontura, eta gainerako bi herenak inguruko industria enpresen kontura.
Proiektuak jakin-mina pizten du, artisau-ekimen txiki, berritzaile eta ezberdin bat izanik, laguntza ekonomikoa industria enpresengandik lortu duelako.
Funtsean, The Loaf munduko onenetarikoen artean dagoen Dan Lepard okinaren (The Guardian egunkariko zutabegilea, BBC Food sailaren idazlea, Sainsbury eta Tesco supermerkatu marketarako aholkularia...) eskutik gauzatu den saiakuntza izan da. Eta, hitz batez, ogiaren zabalkundearen inguruko proiektu baten kristalizazioa da; izan ere, guk 2008tik daramagu ogiaren zabalkundea lantzen, eta hau proba bat izan da inbertsio handiagoak egiten hasi baino lehen.
The Loaf proiektuak funtsezko hiru euskarri izan ditu: ogiaren ekoizpena eta salmenta, ezagutza eta trebakuntza, eta komunikazioa.
Zalantzarik gabe, uda bizia izan da hasieran genituen itxaropen guztiak gainditu dira eta.
Zure ustez zein izan da erabateko arrakasta honen giltza?
Plaza bat, topagune bat eta hartu-emanerako eremu bat bihurtu da. Jendea elkarrekiko interes batengatik elkartu da han. The Loaf ezagutzera profesionalak, handik zebilen jendea, gourmetak, errepikatu duen jendea, berariaz The Loaf ikustera Espainiako beste eremuetatik etorri den jendea, eta abar, gerturatu dira.
Beste jarduera bat, Pintxos&Blogs, laugarren denboraldia. Beers&blogs bat bezalakoa da, baina donostiar erara. Hamar hilabetez, irailetik uztailera, egiten den gai ezberdinei buruzko hizketaldi bat da. Ez da beharrezkoa parte hartzen duen jendeak blog bat edukitzea, baina garrantzitsuena da Internet Donostiako eta Gipuzkoako jendearentzat topagune bat bihurtu dela.
Orain arte egin ditugun lau denboraldietan gai anitz jorratu dira: zientzia eta teknologia, arkitektura, ekonomia, umorea, hezkuntza, pobrezia eta lankidetza, kultura proiektuen kudeaketa, kirola, merkataritza elektronikoa...
Gonbidatuen lana hizketaldia dinamizatzean, zenbait ideia proposatzean, eta gero Pintxos&Blogs deialdietara etortzen den jendearekin, 30 edo 40 partaide inguru, partekatzean datza. Izena ematen duen jendeak afaria ordaintzen du, 15 euro, eta irabazi osoa jatetxearentzat da. Betiere mantendu nahi izan dugu jendea gogoko duen hizketaldi arratsalde-gau batera etortzea.
Eta aurten gauza gehiago, Musika Parkean, Pantori.es
-Hitz egin dezagun Musika Parkean ekimenari buruz. 2012an bigarren edizioa ospatu da eta argi dago ekimena finkatu egin dela.
Jaialdia sei hilabetetan zehar garatzen da, hiriko sei parketan, eta aurten jada ez dira sei kontzertu izan, gehiago baizik, formatuak aldatu ditugu, dantza ere sartzen hasi gara, Miramar Jauregian egindako swing probarekin, eta abar.
Finkapen maila ona lortzera iritsi gara jada: adibidez, Miramar Jauregiko Musika Parkean deialdiak 2.500 pertsona bildu zituen.
Musika Parkean ideia soil batean oinarritzen da: hiriko berdeguneak modu zibilizatuan erabiltzea edo gune hauei erabilera ezberdin bat ematea.
Musika zuzenean entzuten da, eta jendea bere piknika eramatera animatzen dugu. Horrez gain, deialdi bakoitzean gai ezberdinak dinamizatzen dira: sandwichak, edariak, saskiak, mahai-zapiak, garaiko soinekoak eta jantziak... Esan daiteke aitzaki hori erabiltzen dugula gauza ezberdin bat egiteko.
Eta, beste behin, The Loaf proiektuarekin gertatu den moduan, gizarte baliabideen eta Interneten eginkizuna funtsezkoa da, baina baita ohiko komunikabideena ere, jarduera guztien berri ematen dute eta.
-Zure azken proiektuetako bat PANTORI.ES da, nola sortu zen proiektu hori eta nola deskribatuko zenuke?
Pantori hitzak “despentsa” esan nahi du japonieraz. Abuztuan hasi ginen proiektua garatzen, baina urriaren batean sortu edo aurkeztu da jendaurrean.
Pantori La Salsera eta La Bici Roja enpresen arteko lankidetza proiektu bat da.
La Bici Roja deskontu.com eta Dendatan proiektuak garatu dituen enpresa da. Teknologia eta merkataritza elektronikoarekin zerikusia duten gauzetan espezializatu da. La Salseraren ekarpenak, alde batetik, kontaktuak (gastronomiaren inguruan gauzatu ditugun proiektu guztien bitartez lortutakoak) eta, bestetik, merkatura gerturatzeko bideen ezagutza dira.
Pantori, laburbilduz, astelehenetik ostiralera eguneroko proposamen gastronomikoak egiten dituen webgune bat da. Espainiako txoko guztiak miatzen ditugu kalitate oneko artisau-produktuen bila. Pantori bitartez erosteko pizgarria ez da beherapena, baizik eta bestela eskuratu ezingo zenukeen produktu baten aurkikuntza eta hau, egun batez, eskuratzeko aukera.
Proposamena Interneten 24 orduz mantentzen da, eta Pantori bidezko erosketa ekoizle eta eroslearen artean zuzenean egiten da.
Guk Donostiatik produktu bat nazio mailan proiektatzen dugu, eta aldi berean gizarte zientzietan arreta jartzen duen campus batean gaude. Hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu.
Ekintzailetza izaera teknologiko batekin lotu izan ohi da beti. Horregatik, Innogune inauguratu zenetik, urte bat baino gutxiagoan, zerbitzu sektoreko enpresak eta Gizarte
Zientzien campusa elkartzen dituen proiektu hau, proiekzio nazionalarekin eta Donostiatik, martxan jartzea lortu izana gure ustez oso berri ona da.
-Zer iradokitzen dizu Donostiako aisia-eskaintzak? Eta donostiarron ongi pasatzeko moduak?
Uste dut donostiarrak ahal duten moduan dibertitzen direla, gainerako hirietan gertatzen den bezala. Ez nago batere ados Donostia hilik dagoela esaten dutenekin. Gainera, iruditzen zait guztiok kexatzen garela gure hiriez.
Eskaintza urria izan daiteke hainbat eremuetan, ba bai, beti gertatzen da hori, baina beste batzuetan eskaintza oparoa da. Hala ere, denbora aurrera joan ahala hori doitu beharko litzateke.
Jendea kexu da sarri eta ez daki aisiarako zer jarduera/eskaintza dagoen hirian. Alde batetik, ikasi behar dugu ezin dela dena zure hirian aurkitu. Ez du zentzurik opera ekoizpen onenak Donostiara ekarri ditzatela eskatzea. Gauza oso onak ikusi nahi badituzu Madrilera, Bartzelonara, Londresera edo Parisera joan beharko duzu. Hemen ahal duguna egiten dugu eta oso kalitate ona lortu dugu gainera.
Artista onenak eduki, indie musikan espezializatuak izan eta asteko zazpi egunetan antzerki ekoizpen onenak eskaini behar al ditugu? Ez dut uste, gero jendea ez delako etortzen; ez da horrelako eskaririk existitzen, daukaguna daukagu eta kito.
Eta iruditzen zait Donostiak duena jendeak eskatzen duena dela. Eta norbaitek zerbait falta dela antzematen badu, hemendik adorea ematen diot proiektu hori martxan jarri dezan.
Hori izan da argi eta garbi guri gertatu zaiguna. Guk geuk Pintxos&Blogs, Musika Parkean edo The Glutton Club proiektuak gure hirian hauen falta sumatzen genuelako jarri ditugu martxan. Azken batean, gauza horien falta sumatzen genuen hiritarrak izan gara, baina jarduera gastronomiko eta kultural ezaz kexatzen urteak eman ordez, jarduera horiek abian jarri ditugu.
Horregatik, hutsune bat antzematen duten eta kexa horrekin bat datozen pertsona guztiei adorea ematen diet albokoekin proiektu horiei heltzeko.
-Oker ez banabil, jesuiten “balioa pertsona da” esaldiarekin ados zaude. Donostia/San Sebastian 2020 estrategiak gure herrialdearen etorkizunean baloreak oinarrizko elementu gisa lantzearen alde apustu egiten du. Nola gabiltza, zure iritziz, baloreei dagokienez?
Sarri asko errepikatu ohi dudan esaldi bat da, beste gauzen artean, garatu ditugun proiektuak, baita txikienak ere, pertsonekin garatu ditugulako. Proiektua ondo ala gaizki ateratzea ez dago bakarrik aldagai tekniko edota ekonomikoen mende, baizik eta proiektu hori garatzeko batzuek eta besteek dugun gogoaren mende. Jesuiten esaldi honen adierazle nagusia zera da: The Glutton Club, Pintxos&Blogs, Musika Parkean eta The Loaf in a Box ekimen arrakastatsuak dira jendea elkartu duten proiektuak izan
direlako. Jendeari esker egin dira handiak, antolatzaileen atzean, besteak beste, gaiak proposatzen dizkizun, kontaktuak ematen dizkizun eta gauzak errazten dizkizun “guardia pretoriar bat” deitu ohi dudana dagoelako.
Une honetan, lehen aldiz gizateriaren historian, gauzak modu positiboan egin ditzakegu baliabide guztiak ditugulako. Eskura ditugun baliabideak erabiliz, gutxienez herrialde garatuenetan, modu positiboan eraiki dezakegu, ez bizirik irauteko behar huts bati erantzunez, baizik eta eraikuntzaren ikuspegitik.
Hala ere, egin daitekeena eta egiten dena alde batera utzita, erosotasunerako joera orokorra nabaritzen da. Esan daiteke gizarte zibilak oro har aldaketak motel bereganatu ohi dituela. Eta ez bakarrik bereganatu; nire ustez, gure gizartean arriskuak gain hartzen dituzten proiektuek ez dute eduki beharko luketen gizarte babesa lortzen. Beharbada erosotasun hau azken ehun urteetan gizarte dinamiko bat ez edukitzearen ondorioa da. Kolpe militarrak, gobernu aldaketa etengabeak, gerra zibil bat eta berrogei urteko diktadura bat jasan dituen XIX. mendetik gatoz. Ez dugu herria edo gizartea protagonista bihurtu duen bi mendeko tradizio demokratikorik. Eta esan daiteke honek, azken hogei urteetako hazkunde azkarrarekin batera, gizartea lelotu duela.
Igorri behar dugun mezua hauxe da: gauza asko egiten ari den jendea dago, askoz gauza gehiago egin daitezke eta, bai maila publikoan bai gizarte mailan, egin daitekeen onena, gauza horiek babesteaz gain, ez eragoztea da.
-Amaitzeko, zer eskatzen diozu etorkizunari maila pertsonal/profesionalean eta baita bizi zaren hiri/auzoaren mailan ere?
Hiriak duen potentzialetik eratorritako arriskuak gain hartzea eskatzen dut.
Hiriak geldi dauden edo gutxiegi erabiltzen diren aktiboak ditu, bai fisikoak (azpiegiturak) bai ukiezinak.
Indargune horiekin ausartu behar dugu eta potentzial horri laguntza eman behar diogu. Egungo krisi egoera agertoki berriak hausnartzeko eta hauei aurre egiteko aprobetxatu behar dugu.
Etorkizunari eskatzen diot jendeak mezu hori barneratu dezala eta horren arabera jokatu dezala, lehenbailehen.