Gizartearen zati batek ez ditu oso berritzaileak diren proposamenak ulertzen, hortaz, ezin dute aurrera egin proposamen eta ikuspegi horiek
Donostiako Innovae Vision enpresa robotikaren eta ikusmen artifizialaren alorrean enpresa berritzailea da, eta horri esker sari eta aintzatespen ugari jaso ditu.
Azkenekoa, Toribio Etxebarria saria da. Ezagut ditzagun esku artean dituzten proiektu interesgarriak eta Donostian punta-puntakoa izan nahi duen sektore bati buruz duten ikuspegia.
Innovae Vision enpresak bigarren saria eta sari teknologikoa irabazi du Toribio Etxeberria sarietako enpresa-ideien arloan. Zertan datza enpresa-proiektu hori?
Innovae Vision ikusmen artifizialeko eta robotikako teknologietan oinarritzen diren aplikazioak neurrira diseinatzen eta garatzen dituen enpresa bat da. Orain arte, garapenak dibulgazio zientifikoko eta kulturaleko inguruneetara bideratu dira, hala nola zientzia-museoetara. Arlo horretako gure lanetako batzuk Zientziaren Kutxagunean ikus daitezke: Innovae Music, mugimenduaren eta koloreen bidez jotzen den musika-instrumentua, edo Animal Eyes, hainbat animaliaren begien bitartez ikusteko aukera ematen duen sistema. Horiez gain, laster beste modulu batzuk inauguratuko dira, eta horien artean dago DogBot Colliseum modulua. Bisitariek robot-txakur batekin elkarreraginean jardun ahal izango dute modulu horretan.
Etorkizunera begira, ikusmen artifizialean oinarritzen diren pertsonen eta ordenagailuen arteko elkarrekintza-sistemak garatu nahi ditugu, ordenagailuak giza komunikazioaren ahozkoa ez den osagaia ezagutu ahal izan dezan. Ildo horretan, gaur egun, keinuak, gorputzaren jarrerak eta aurpegiaren adierazpenetik ondorioztatzen diren emozioak hautemango dituzten sistemetan ari gara lanean.
Epe ertainera begira, gure teknologia aplikatzeko egokiak izan daitezkeen beste merkatu batzuk ikertzeko asmoa dugu, hala nola industriaren sektorea, ingurumen-adimena, bideo-jokoen industria, minusbaliatuari laguntzeko tresnak (gizarte-teknologia).
Zer proiektutan ari zarete lanean orain?
2005. urtea fisikaren nazioarteko urtea da, eta bi elkarrekintzako modulu ari gara garatzen diziplina horrekin lotzen diren zientzia-museoetarako. Modulu horietako bat Albert Einstein-i eta bere erlatibitatearen teoriari eskainitako omenaldia da. Beste modulua termografiari buruzkoa da, eta modulu horren bidez, bisitariek beren gorputzaren berotasunarekin esperimentatu ahal izango dute; berotasun hori leku batetik bestera nola transmititzen den ikusi ahal izango dute.
Zientziaren Kutxagunerako prestatzen ari garen beste garapen bitxi bat erabiltzailearen esku hutsez maneiatzen den marrazketa-programa bat da. Sistemak, kamera bati esker, eskuaren mugimenduak antzemango ditu, eta, gure antzemate-teknologiaren bidez, erabiltzailearen keinuak programaren komando bihurtuko ditu. Horrenbestez, eskuak airean mugituz marrazkiak sortu ahal izango dira.
Bestalde, K6 Gestión Cultural enpresarekin batera prestatzen ari garen sistemak erabiltzaile batek azpil batean jarri duen janaria antzemango du. Sistema horren bitartez pertsona jakin baten pisu, altuera, adina eta abarren arabera dieta egokia den edo ez ebaluatuko da. Udaberrian Ordizian zabalduko den nutrizioari eta dietetikari buruzko museo berrian ezarriko da modulu hori.
Zuen enpresa-ekimenak lehen saria lortu zuen 2003ko Kutxaren “IV. Ekintzaile Lehiaketan”. Zer garrantzia dute zuentzat aintzatespen horiek?
Gure ideiak eta lana horrela baloratu izana oso garrantzitsua izan da enpresa sortzeko prozesurako. Oso motibatzailea da enpresa-munduan esperientzia duen jendeak zure proiektua bideragarria dela uste izatea. Gainera, Kutxaren Ekintzaile Lehiaketaren sari ekonomikoari esker enpresa eratu ahal izan genuen, eta hasiera bateko inbertsioen zati bati aurre egiteko aukera eman zigun. Eta horixe zen, hain zuzen ere, informatikan lizentziatutako hiru gaztek beren proiektua gauzatzeko zuten arazorik nagusiena.
Informatika Fakultatearen bitartez harreman estua duzue Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Zertan datza lotura hori?
Innovae Vision enpresa EHUko Informatika Fakultateko Automatika eta Konputagailu bidezko Ikusmen taldearen eta Konputagailu Adimena taldearen Spin Off gisa sortu da. Enpresa-ekimen honetako hiru sustatzaileak ikerketa-talde horietatik gatoz.
Gaur egun, oso harreman estua dugu Unibertsitatearekin, eta hainbat mailatan sortzen da harreman hori. Adibidez, ikasleei praktikak eta karrera-amaierako proiektuak enpresan egiteko aukera eskaintzen diegu, ikusmen artifizialaren arloan presta daitezen. Horrez gain, enpresako kideen etengabeko prestakuntzari buruzko oso politika argia dugu, eta gutako asko Informatika Fakultatean ari gara doktoretza-programa egiten. Etorkizunean, gure ikerketa-lana doktoretza-tesi gisa amaitu nahi dugu, gure aholkulari den Manuel Graña Konputagailu bidezko Ikusmenaren arloko katedradunak babestuta. Gainera, I+Gko bi proiektu estrategiko ari gara lantzen, bata ahotsa eta aurpegiaren adierazpena aztertuta giza emozioak automatikoki hautematean oinarritzen da, eta, bestea, multimedia edukiko (argazkiak eta bideoak) datu-base handietan bilaketak egiteko eta indexatzeko zerbitzu aurreratuak garatzearekin lotzen da.
Donostiak teknologia berrien arloan abangoardian kokatu nahi du. Ikusmen artifiziala eta robotika, Donostian hasiberria den sektore bat dela esan al daiteke?
Hala izan daiteke. Nolanahi ere, oraindik goiz da hori jakiteko. Ingurune honetako enpresa eta teknologi elkartegi askok bi eremu horien aldeko apustua ari dira egiten. Haatik, Donostialdeko enpresak Estatu mailan zein Europa mailan bereiziko badira, bide luzea dute aurrean, eta, horretarako, etorkizunean behar-beharrezkoa izango da entitate interesdunen arteko elkarlana areagotzea. Erakundeen bultzada ere erabakigarria izango da, ezinbestekoa izango baita teknologia berrietako ikerketak aurrera egiteko.
Nolanahi ere, bertako gizartearen zati handi batek ez ditu oso berritzaileak diren proposamenak ulertzen, ezta etorkizunerako ikuspegi ausartak ere; hori dela eta, ezin dute aurrera egin proposamen eta ikuspegi horiek.