Gizarte Kontseilua eta Plan Estrategikoa garrantzi handiko tresnak dira, horien bidez herritarrek udal politiketan eragina izan dezaketelako
Daniel Zulaika, Hiesaren Aurkako Planaren koordinatzaile autonomikoa izan zena, eta Pilar Lekuona, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidentea, Gizarte Kontseiluko lehendakari eta lehendakariorde izendatu berri dituzte, hurrenez hurren.
Donostiako Estrategia Bulegotik beraiekin hitz egin dugu, aro berri honi nola egiten dioten aurre eta hiriko aholku-organo gorenaren erronka nagusiak zeintzuk diren ezagutzeko, besteak beste.
Gizarte Kontseiluaren buru bezala estreinatu berri zarete. Nola egiten diozue aurre etapa berri honi?
DANIEL: Ilusioz eta bertigo pixka batekin. Oso desberdina da Kontseiluko beste kide bat bezala egotea edo haren funtzionamendua koordinatzeko ardura izatea. Hala ere, erakundean lau urtez egon izanak aukera eman dit haren funtzionamendua ezagutzeko. Gainera, Kepa Kortaren eta Estrategia Bulegoko lantaldearen esperientzia eta lankidetza izateak segurtasun eta lasaitasun handia ematen dit.
PILAR: Ilusioz eta gogotsu hiriko aholkularitza organo honetan lan egiteko eta horren kide izateko. Ilusioz, Kontseiluak ordezkaritza zabala biltzen duelako, hiriko esparru ugarietako pertsona oso interesgarriak. Niretzat, zalantzarik gabe, ikasteko erronka bat da Kontseiluari planteatzen zaizkion gai guztiak landu ahal izatea. Lan egiteko gaude, kideek transmititzen diguten guztia biltzeko eta fideltasunez helarazi ahal izateko.
Zuen esperientzia eta ezagutza kontuan izanik, zer ekarpen egin dezakezue?
DANIEL: Nire bizitza profesionalean zehar hainbat proiektu martxan jartzea eta koordinatzea egokitu zait, horietako batzuk konplexuak, batere errazak ez diren arazoekin eta kolektibo sozialen parte-hartzearekin. Nik uste dut esperientzia hori dela ekar dezakedana. Bestalde, beti saiatzen naiz gauzen alde positiboa ikusten, batzen, adostasunak bilatzen,... horrelakoetan lagundu ohi duena.
2020 eta 2030eko Estrategien kasuetan, aldiz, hori gutxiago gertatzen da,ahalegin handia egin baita helburuak azaltzeko eta helarazteko. Kontseilu Sozialaren kasuan uste dut oraindik bide bat dugula egiteko eta horretarako behar diren pausoak emango ditugu.
PILAR: Kontseilu berriarekin hasieratik atera den gaietako bat da: herritarrei informazio hori nola eman eta nola komunikatu, guztiek organo hori existitzen dela jakin dezaten eta haren funtzionamendua eta lana zein den ezagutu dezaten. Gizarte Kontseiluan egiten den lan guztiarekin -Donostiako Estrategia Bulegoarekin batera-, uste dut beharrezkoa dela herritarren artean (Kontseiluan ere ordezkatutak daudenak) elkar ezagutzea sustatzea, han eztabaidatzen dena oso garrantzitsua baita. Kontseiluari eta Plan Estrategikoari berari ere ikusgarritasuna ematea beharrezkoa da zalantzarik gabe, herritarrek zertan ari den zehazki jakin dezaten. Legealdia hain laburra izanik eta hainbeste gauza egiteke izanda, uste dut garrantzitsua dela jakitea zergatik erabakitzen den gauza batzuk egitea, eta ez beste batzuk. Hori nola egin daiteke? Kanpoko hedapen-bide egokiak erabiliz eta Gizarte Kontseiulak egiten duen lana ikusaraziz; bertako kideak zeintzuk diren eta zein esparrukoak diren ere erakutsiz.
Hortik aurrera, interesgarria izan liteke Kontseiluko kide ez diren pertsonek/erakundeek "postontzi" bat izatea, iradokizunak helarazi ahal izateko leku bat hain zuzen ere.
Eta testuinguru honetan, nola baloratuko zenukete hiriko eragile ezberdinen parte-hartzea?
DANIEL: Gizarte Kontseiluaren kide izan naizen urteetan eztabaidak sortu dira oso gai ezberdinen inguruan, eta oso ekarpen onak egin dira. Kontseiluaren barruan esperientzia handiko kideak daude, hiriko errealitatearen hainbat alderdi oso ondo ezagutzen dituztenak, eta horien gaitasuna gehiago aprobetxatu beharko litzateke. Gizarte Kontseiluan, gainera, hiriko esparru desberdinetako 70 ordezkari baino gehiago daudela azpimarratu nahi dut, hau da, ordezkaritza zabala dagoela.
PILAR: Bikaina. Parte hartzen duten eragileek zorroztasun handiz egiten dute, lan egiteko eta batzeko gogo handiarekin. Udaletxean hainbat erabaki hartzeko orduan, organo horri balio gehiago eman beharko litzaiokeela uste dut.
Gaur egun indarrean dagoen planaren ikuspegiak, hiriaren etorkizuna, hiri kohesionatua, adinarekin lagunkoia dena eta ondo konektatua dagoena bezala irudikatzen du. Hiri horrek aberastasuna sortzen du I+G+Brekin lotuta, zientzia eta teknologiako nazioarteko erreferentea baita kulturarekin eta ekonomia sortzailearekin lotutako jardueretan. Hiri irekia, dinamikoa, abegikorra, bizitzea eta gozatzea merezi duena eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarritasun-eredua dena.
Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, hain zuzen ere, Eneko Goia alkateak helburu horiek lortzeko Gizarte Kontseiluarekin batera lan egitea ezinbestekoa izango dela adierazi zuen.
Ikuspegi hori partekatzen duzue eta lor daitezkeen helburuak direla uste duzue? Nola baloratzen duzue Gizarte Kontseiluak orain arte egindako lana eta zertan aldatuko da hemendik aurrera?
DANIEL: Erabat ados nago eta uste dut alkateak adierazten dituen helburuak lortu daitezkeela; batez ere, ez garelako zerotik hasi. Aurretik egindako lana dago, urte askotan zehar egindako dinamika eta pertsona ugari inplikatu dituena.
Duela lau urte Kontseiluan sartu nintzenetik, herritarrak kezkatzen dituzten benetako gaiei buruz hitz egin dugu eta 10 urte barru izango ditugun arazoak edo egoerak ezagutzen eta horiei aurreratzen saiatu gara … eta, nabarmendu nahi dut, horietako saio guztietan zerbait berria ikasi dudala: datu bat, ideia bat, hausnarketa bat. Lan handia egiten ari da, eta ni bi erakundeen defendatzaile sutsua naiz.
Bigarrenik, eta hiriaren arazo konplexu guztiak aldi berean jorratzea ezinezkoa denez, gure asmoa hiruzpalau gai zehatzetan oinarritzea da, gure ustez herritarrentzat garrantzi berezia dutenen inguruan hain zuzen ere. Hasieran hiru hartu ditugu kontuan: auzoen gaia, zahartzea eta klima aldaketari nola aurre egin. Horrekin, eraginkorragoak eta efizienteagoak izaten saiatzen gara.
Azkenik, hurrengo lau urte hauetako bileretarako plangintza bat ezartzen ari gara, orain arte egindakoan oinarrituta eta ikusteko landutako gaiak bere horretan mantentzen diren, bere ikuspegia aldatu behar den, edo beste berri batzuei bide eman behar diegun, edo hori egiteko modua egokiena den ere aztertzeko.
PILAR: Ikuspegi horrekin bat nator, eta berehalakoa izango ez den arren, eragile askoren baterako lanaren eta borondate politikoaren emaitzarekin, lor daitezkeen helburuak dira.
Esango nizuke une honetan Gizarte Kontseilu gisa gehien kezkatzen gaituena zahartzea, belaunaldi berrientzako lan-merkatua eta kanpotik iristen diren pertsonen erabateko integrazioaren beharra direla, horiek, izatez, ezinbestekoak izango baitira jarduera-sektore askotan. Horri gehitu behar zaio biztanleriaren zahartzeak auzoetarako erronka berriak planteatzen dituela, eguneroko ikuspegi orekatuago batekin (zerbitzu publikoen beharrak aztertuz, auzo bakoitzeko azpiegiturak, bertan bizi diren pertsonen arteko harremana, eta abar).
Ildo hauek guztiak dira plan estrategikoaren bidez lantzen saiatuko garenak: zahartzea, gazteria, belaunaldien arteko erreleboa eta etorkinen (adingabeak eta helduak) inklusio-integrazioa. Klima-aldaketaren ondorioz, murgilduta gauden larrialdiarekin zerikusia duen guztiaz gain.
Nola irudikatzen dituzue etorkizuneko hiriak? Eta zer nolako Donostia nahiko zenukete 2030erako?
DANIEL: Nire ustez, hiriak, batez ere handienak, pertsonen aurkako inguruneetan bihurtu dira... Autoa errege izan da, horrek dakarren guztiarekin: kutsadura, zarata, auto-ilarak, familiek eta haurrek ez dute paseatzeko tokirik izan … Baina eraldaketa horretan, modu grafikoan esatearren, autoak bere pribilegioak galtzen ari ditu, oinezko herritarraren onurarako. Hiriak oinezkoentzat bihurtzen ari dira, bizikleten erabilera sustatzen ari da… Horrek guztiak hiriko paisaia aldatu du neurri handi batean, eta geroz eta gehiago aldatuko du. Laburbilduz, etorkizuneko hiriak gizatiartuko dira.
Donostiari dagokionez, aldiz, oso hiri polita izaten jarraituko du. Aukera gehiago egongo dira gazteentzat, donostiar berrien inklusioak aurrera jarraituko du irmoki, auzoen arteko aldeak gutxituko dira, hiria mundu berri batera zabalduko duen abiadura handiko tren bat izango dugu… Baina, era berean, hiria zahartuagoa egongo da.
PILAR: Aurreko ildo bera jarraituz, oso hiri gizatiarrak bezala imajinatzen ditut, bertan bizi diren pertsona bakoitzaren behar bereziei aurre egiten saiatzen diren auzoak dituztenak, ahal den bizi-kalitaterik onena bermatzeko.
2030eko Donostiari dagokionez, hiri kohesionatua, irekia, multikulturala, iraunkorra eta modernoa izatea nahiko nuke. Donostia jasangarria, egungo larrialdi klimatikoari aurre egingo diona eta herritarren osasun ona eta bizi-kalitatea zaindu eta bermatuko duena: sarbide eta komunikazio bide egokiekin, biztanle gazte ugariekin eta, esango nizuke, hain kontsumista ez dena. Hau da, hiri gazteagoa izatea, kohesionatuagoa bere adineko pertsonekin eta beste kultura batzuetan integratuagoa egotea gustatuko litzaidake.
Errealitatea, aldiz, gainditu beharreko hainbat erronka dituela da. Zeintzuk dira, zuen ustez, gure hiriaren "eginbehar" nagusiak.
DANIEL: Erronka bikainak eta garrantzi handikoak dira. Zahartzeari buruz adierazitakoaz gain, honako hauek ere aipa ditzakegu: jaiotza-tasaren beherakada, etorkinen gizarteratzea – Donostiar berriak dira –, merkataritza txikiaren etorkizuna, bizitzaren garestitasuna, sortzen jarraitzen ditugun hondakinen kopuru handia, belaunaldien arteko erreleboa gastronomiaren esparruan … Egia esan, erronka horiek guztiak neuronak puztera behartuko gaituzte.
PILAR: Jaiotza-tasa sustatuko duen eta gazteei etxebizitza eta familia bateragarri egiteko irtenbideak emango dizkien eredu demografiko baten alde egin behar du, eta, azken batean, beraien lurraldean independizatzen lagunduko diena.
Halaber, etorkinen inklusioa ere ezinbestekoa izango da zaintzaren, industriaren eta zerbitzuen sektoreen beharrei erantzun ahal izateko.
Klima-aldaketari dagokionez, egokitzapen-plan bat egin beharko litzateke, eta horrtan ari gara lanean, Klima 2050 estrategian hain zuzen. Plan horrek hasieratik klima-aldaketaren ondorioaz ohartarazi eta sentsibilizatu beharko lituzke herritarrak.
Demografia eta larrialdi klimatikoa benetako premiazko gaiak dira.
Biak osasunaren mundutik zatozte. Donostiak osasun ona du? Gure hirian, zein alderdi hobetuko zenituzke osasun-arloan (zerbait hobetuko bazenute)?
DANIEL: Donostiako laguntza osasunaren arloan, Gipuzkoako eta Euskal Herriko gainerako lekuetan bezala, oso ona da. Eta horretaz konturatzen zara beste herrialde eta erkidegoetara bidaiatzen duzunean. Pribilegiatuak gara zentzu horretan, nahiz eta alor horretan ezin garen konformistak izan. Beti daude hobetzeko arloak.
PILAR: Osasun ona du, osasun azpiegiturak ditu, erreferentziazko ospitalea daukagu, zentro pribatuak, kontsultak... Osasun zerbitzuen ikuspegitik hiri oso erosoan bizi gara, nire ustez. Zerbitzu onak ditu, osasun ona, eta bizi-kalitate oso ona dugu.
Agian zerbait hobetzeagatik, eta hau berez udalaren lehia ez bada ere, esango nuke erizain eta medikuak falta direla gaur egun gizartean ditugun osasun-arazoei heltzeko. Kalera ateratzen diren profesionalak falta dira, herritarrak beraien etxeetan artatzeko, beraien inguruneetan. Etxeko arreta gehiago behar da, eta horrek, gainera, ospitaleratzeak, larrialdiak eta abar gutxiago izatea ekarriko luke.
Era berean, arlo sozialaren eta osasunaren hurbiltasun handiago baten aldeko apostua egingo nuke.
Hiri/herri bat eredu bezala?
DANIEL: Egia esan, oso zaila da hainbeste erakargarri dituen hiri bat aurkitzea. Hiri asko daude interes handiko alderdi zehatzak dituztenak eta beraietaz ikasi eta aintzakotzat hartu behar ditugunak, baina gure hiria bezalako beste bat aurkitzea zaila da, bere osotasunaren ikuspegitik. Testuinguru horretan, azpimarratu nahi nuke, halaber, bisitan etortzen zaizkigun lagunei edo hitzaldi bat ematera gonbidatzen ditugun hizlariei, gure hiriari buruz zer da gehien gustatu zaiona galdetu diedanean, batez ere bi erantzun izan direla errepikatu direnak: jendearen adeitasuna eta hiriaren garbitasuna. Erantzun horiek garrantzi handikoak direla uste dut, normalean hiriaren edertasunari –esparru paregabeari– edo gastronomiari erreferentzia egitea espero baituzu.
PILAR: Ez daukat bakar bat ere. Egia da dena kohesionatuago dagoen herri bati begiratuko niokeela, desberdintasun kultural eta ekonomiko handiak ez dituena, bertan guztiok aukera berdinak izango baigeniuzke.
Horrelako ezberdintasunak daude gure hirian bertan. Pobreak gero eta pobreagoak dira eta aberatsak gero eta aberatsagoak dira, eta Donostia bezalako hiri batek hori saihestu beharko lukeela uste dut.