Elkarrizketak

Gauza txikienetatik eta tokian tokitik eraldaketa handiak egin daitezke

Jon Albizu

Ongizate eta Mugikortasun zinegotzia

Jon Albizu Agirrezabalagaren (Zumaia, 1975) ustez «oso gizarte mobilizatua gara, arazo bat dagoenean etxean gelditzen ez dena» eta izaera hori lehenengo pertsonan bizi du Donostiako Udaleko Lankidetzako eta Mugikortasuneko zinegotzi den aldetik. Ziur dago krisia ez dela aitzakia gizarte-zerbitzuak murrizteko.

Donostia, 2020an? Elkarte-sarean indar handia duen hiria izatea gustatuko litzaioke, hiritar oso aktiboekin, eta orain duena baino garrantzi handiagoko sistema publikoarekin.

Albizu EHUn lizentziatu zen Politika Zientziatan, eta Soziologia ikasketak egin zituen Edinburgoko Napier Unibertsitatean (Eskozia).

 

Bilduk gizarte-zerbitzuen aldeko apustua egin du baliabideak murriztu ordez, zeintzuk dira lehentasunak arlo horretan?

Lehenik eta behin, esan beharra dago EAEko sistema osoak, sistema bakar baten moduan funtzionatzen duela, bere osotasunean. Alegia, erakundeetako bakoitzak (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak), funtzio eta ardura jakin batzuk ditu, eta haiek Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legean jasota daude.

Tamalez, arau hori onartu zenetik garatzeke dago, eta hori ezinbestekoa da legearen helburu nagusiena ongi gauzatzeko, zera da, ongizatea sortzea eta kalitatezko gizarte-zerbitzuak eskaintzea herritar guztiei.

Aurreko legegintzaldian gizarte-zerbitzuen finantziazioa eta horien indarra herritarren arabera arautzeko zenbait dekretu onartzeko aukera galdu zen. EAEko erakundeen egitura osoan oraindik ez dugu gizarte-zerbitzuak finantzatzeko bideak zeintzuk diren ezartzen duen udal-legerik, eta hor oinarrizko eztabaida bat dago, ez dagokiguna udalei bakarrik.

Nolabait, oinarriko gizarte-zerbitzuak babesik gabeko puntu batean daude, gure zereginak garatzeko lege-esparrua zein den ez baitakigu. Edonola ere, 2013rako gure erronka, bai Donostian bai EAE osoan, bide horiek argitzeko aurrerapausoak ematea eta norantz goazen jakitea da.

Hau esanda, eta Donostiaren kasuari begira, gure zeregina «sarbide» gisa jardutea da.

Gizarte-zerbitzuen eremuan, eskakizun guztiak gizarte-zerbitzuetako udal-zentroetatik sartzen dira. Ondoren, gure sistemak, kasu bakoitzaren beharren arabera, erakunde batera edo bestera bideratzen ditu.

Donostian, egun, gizarte-zerbitzuetako zazpi zentro daude, auzoetan banatuta. Gutxi gora behera 15.000 espediente «aktibo» (zera da, adibidez 2008an ireki ziren espedienteak baina luzaroan irauten dutenak) lantzen ditugu.

Oso egoera desberdinak bizi dituzten familiez ari gara hitz egiten.

Ez dira behar ekonomikoen kasuak bakarrik: hainbat mailatako mendetasuna dela-eta etxerako laguntza, desgaitasunen bat duten pertsonak, adinekoak, immigranteak edo genero-indarkeria jasaten duten pertsonak.

Gure ustez, egungo testuinguru ekonomikoan, krisia ezin dateke aitzakia izan gizarte-zerbitzuak murrizteko, ezta horien kalitatea murrizteko ere.

Eskumenak eta legezko betekizunak ditugun arloetan, eta kasu honetan gainera, gure konpromiso politikoa dela-eta betebehar etikoak ere baditugula aintzat hartuta, gizarte-zerbitzuak gutxitu ordez indartu egin behar direla uste dugu.

Jakina, diru-sarreren gutxiagotzeak hori guztia baldintzatzen du. Baina, lehentasunak ezarri behar ditugunez, argi dugu zerbitzu horiek ez ditugula murriztuko eta, ondorioz, beste arlo batzuetan egin beharko ditugula murrizketak.

-Nola ikusten duzue 2013 Gizarte Ongizate sailaren ikuspuntutik?

Udalak (osotasunean) diru-sarrera gutxiago dituen arren, aurkeztu dugun aurrekontuan gizarte-zerbitzuen sailak bere apustu estrategikoei eutsi die. Beraz, gastua ez da gutxiagotu.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Legeak adierazten du oinarriko zerbitzua garela, eta horren arabera, gure aurtengo helburua Zuhaiztiko Gizarte Zerbitzuen zentroa (Gros eta Egia auzoei eskaintzen die zerbitzua) hobetzea da, handitu beharra dago eta hala egingo dugu, proiektua aurrera eramateko dirua lortzen badugu.

2013an «Gaueko» zerbitzua irekita egongo da, lehen aldiz, urteko hamabi hiletan, horixe baita hartutako konpromisoetako bat. Gaueko zerbitzua, lehen Neguko deitzen zena, gauez kalean, beste baliabiderik gabe dagoen jendearentzako zerbitzua da.

Eskaria oso handia zela ikusi genuen, baliabiderik gabeko jende asko zegoela eta, zentzu horretan, Kale Gorrian izeneko esperientzia oso interesgarria egin da, kalean dagoen jende kopurua zenbatzeko.

Horregatik, neguko lau hiletan irekitzetik hamabi hiletan irekitzera pasa gara.

Honekin ez dugu lortuko gizartearen desberdintasunen mekanismoa zuzentzea, baina bai hirian beharrezkoa den zerbitzu bat handiagotzea.

Gure kudeaketaren beste atal oso garrantzitsu bat Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) da, urtero 7 milioi eurorekin finantzatzen duguna, beste erakunde batzuekin batera. Laguntza horiek, jasotzen dituzten pertsonen autonomiaren arabera, etxeko garbiketarako ordu batzuk edo bestelako laguntza batzuk biltzen dituzte.

-2008an krisia hasi zenetik, zer alderdi izan da larriena, hunkigarriena, gizarte-gaien ikuspegitik?

Ikuspegia ez da gizarte-zerbitzuena bakarrik.

Eragin handiena izaten ari den faktoreetako bat langabezia da. Laguntza publiko guztien grafiko bat begiratzen badugu, ikusiko dugu azken bost edo sei urteotan harreman zuzena dagoela langabeziaren eta diru-laguntzen artean. Hori nabarmena da.

Gero, Donostiak berezitasun zehatzak ditu, adineko asko dituen hiria da, eta bizi-itxaropena oso handia da. Azken finean, beste herritarrek baino laguntza gehiago behar dituzten pertsonak, eta hori krisiarekin zuzenean lotuta ez dagoen arren, erantzuna behar duen erronka da, lan handia eskatzen du.

-Jon Albizuren ustez zer gizarte/herrialde/leku da, gizarte-zerbitzuei eta babesgabekoekiko arretari dagokionez, jarraitu beharreko eredua?Eta zer ikasi beharko genuke horiengandik?

Zenbait urtez bizi izan nintzen Eskozian, eta urtebete Italian, eta sentsazio orokorra, nire esperientziaren ikuspegitik, zera da, herrialde horietan administrazio publikoaren sare osoa, ez gizarte-zerbitzuena bakarrik, hemen duguna baino zabalagoa dela.

Gaur egun Bruselan bizi den lagun bat dut, eta berarekin hitz egiten dudanean, esaterako ama izateagatik dituen zerbitzuez eta amatasun-bajen estalduraz, administrazio publikotik jasotzen dituen laguntzak hemengoak baino askoz ere handiagoak dira.

Sentsazio orokorra zera da, herritarrei bizi-kalitate hobea eskaintzearen aldeko apustua egiten duten herrialdeek, gauza publikoek garrantzi handiagoa duten heinean, gure herrialdean baino esparru gehiagotan ahalbidetzen dutela garapen pertsonala, ekonomikoa eta soziala.

Europako hegoaldeko herrialdeetan gizarte-politika familiaren arlora mugatu nahi dela sentitzen dut batzuetan.

Guk apustu sendoa egingo dugu administrazio publikoen osotasunak eskaini ditzan pertsonak garatu ahal izateko zerbitzuak, izan pertsona horiek ama ezkongabeak, bikoteak, helduak edo dena delakoak.

-Azken urteotan asko hitz egiten da gizarte-berrikuntzari buruz, nola egokitzen da berrikuntza gizarte gaietara?

Seguruenik asko dugu egiteke belaunaldien arteko hartu-emanaren arloan. Eta belaunaldi bakoitzak dituen premien arloan, betiere osagarriak garela jakinda.

Nire ustez, erronka handia dugu belaunaldi ezberdinen arteko elkarlanerako egitura osatzen.

Adin bateko jendeak zenbait gauzen gaineko ezagutza du, eta belaunaldi gazteagoak ezagutza horiek galtzen ari gara. Aberastasuna da arlo askotan, eta aberastasun horri alde egiten uzten diogu, eta hori galera da, ez ikuspegi kulturaletik bakarrik, baliabideen, autonomiaren eta ezagutzaren aldetik ere.

Belaunaldien arteko harreman horri berrikuntzatik heldu beharko genioke, zeharka, ez bakarrik gizarte-zerbitzuetatik.

Zure ustez, nola gabiltza balioei dagokienez donostiarrok?Edo, bestela esanda, zerk mugitzen gaitu kausa jakin batzuen alde ekitera?

Gehien harritu nauen gauzetako bat, edozer motatako arazoen aurrean donostiarrek, eta euskal gizarte osoak, elkarteak osatzeko duen gaitasuna da.

Alor guztietan laguntzen, elkartzen eta borrokatzen duten elkarteak ditugu. Hunkigarria da.

Azken hilabeteotan kaleratzeen eta bankuen esplotazioaren aurka aritzen diren elkarteak ikusi ditugu. Zenbait gaixotasunen inguruko elkarteak, esaterako fibromialgia, alzheimerra, minbizia, buruko gaitzak, gaixotasun arraroak…

Edozein udalek edo erakunde publikok egin dezakeen lana baino harago doan balioa da. Zentzu horretan, eta kooperazio zinegotzia ere banaizenez, mota askotako elkarteekin bilerak izateko zortea dut, eta horiek erakusten didate, borondatezko lanei esker, hirian dugun aberastasuna. Ekonomiaren aldetik ezin daiteke balioztatu, baina balioen ikuspegitik hunkigarria da.

Oso gizarte mobilizatua dugu, arazo bat dagoenean etxean gelditzen ez dena. Arazo baten aurrean konplizitatea bilatzen du hirian irtenbidea aurkitzeko.

Nire ustez, gizarte-ekintza maila handia dago. Baliteke batzuetan beste irudi bat ematea, baina gizarte-ekintza handiko hiria da.

Gizartearen bizitasunak administrazio publikoa gainditzen du.

Eta etorkizunera begira, nola ikusten duzu Donostia hemendik hamar urtera?Nola gustatuko litzaizuke izatea?

Zaila egiten zait iragarpenak egitea. Egia esan, esparru askotan egiten dut ariketa hori, ez gizarte-zerbitzuenean bakarrik, eta zaila da. Horrenbeste aldatu da azken lau urteotan. Inork ez zuen hain krisialdi latza sumatzen.

Duela lau urte, inork ez zuen espero kaleratzeen kontrako mugimendua hain indartsua izatea, eta orain olatu baten antzekoa da, ezta ustelkeria politikoaren eta ekonomikoaren kontrako gizarte haserrearen mugimendurik egongo zenik ere.

Beraz, hemendik hamar urtera nolakoa izango den ezin jakin…

Baina, gustatuko litzateke, etorkizunean, hiriak herritartasunaren aldeko apustua egitea, dagoeneko aktiboa den herritartasun aktiboago baten aldekoa. Eta, alde batetik, sistema publikoaren alderdi guztiak indartzea: mugikortasuna, gizarte-zerbitzuak, enplegua... zerbitzu publikoek garrantzi handiagoa izatea, eta elkarte-sareak indar handiagoa eskuratzea, eta, bestalde, Donostia giza eskubide eta eskubide politiko sendoak dituen hiria izatea. Nire ustez hori da bidea.

Zorionez, Donostia oso hiri txikia eta bizitzeko egokia da, beraz, harremanak eta sareak oso estuak dira.

Aurrerago, litekeena da egoera ekonomikoa aldatzen joatea. Nire ustez, sistema ekonomikoa bera dago zalantzan. Ez dakit, kapitalismoarekin gertatzen den bezala, onura ekonomikoan oinarritzen den sistema ekonomiko bati euts dakiokeen denboran zehar.

Erabakigune eta esku-hartze eremu askoz ere lokalagoak landu behar dira.

Gauza txikienetatik eta tokian tokitik eraldaketa handiak egin daitezkeela pentsatzen dut.

Eta itxaropen hori dudanez, pentsatzen dut gauza txikienetatik, protesten eta konpromisoaren bitartez, ia dena aldatu daitekeela.

Eta dugun eredu ekonomikoa gainditzea ere espero dut. Norantz? Ez dakit. Asko kosta zait abstrakzio hori egitea, baina bide hori hartzea gustatuko litzaidake.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak