Etxebizitza eskubidetzat hartu behar da, eta ez kontsumo-ondasuntzat; orduantxe konponduko da arazoa
Etenik gabe entzuteko moduko pertsona horietako bat da Zaida Muxí (Buenos Aires, 1964). Azentu argentinar samurra entzuten diogu, katalanezko esamoldeak gaineratuta, eta bere irribarre zintzo eta etengabearekin egin digu ongietorria hasiera-hasieratik.
Arkitektoa eta hirigilea ikasketaz eta aktibista ogibidez, Buenos Aires eta Bartzelona artean bizi da, hiri bakoitzaren egoera erlatiboa konparatzeak eta ulertzeak ematen dion ikuspegia baliatuz. Eguneroko bizitzaz eta «bizitza erreal» horretarako prestatutako hiriez hitz egiten du, baita elite politikoen agendetan egon gabe herritarrei, eta asko gainera, axola dieten gauza txikiez ere.
Otsailaren 12 eta 13an Donostian egindako AGORA 2015ean, Hiri-berrikuntza lantegiak biltzarrean egon zen. Hori baliatu dugu elkarrizketa hau egiteko.
Arlo profesionalari buruz
AGORA 2015 Hiri-berrikuntza lantegiak izeneko biltzarraren goi mailako hizlarietako bat izan zinen. Zer iruditu zitzaizun biltzarra? Nola bizi zenuen?
Oso ongi planteatutako biltzarra izan zen; formatu berria zen, eta interakzio eta parte-hartze handia izan zen. Oso eroso sentitu nintzen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Ingurune sozial eta politikoari buruzkoa izan zen AGORA 2015ean eman zenuen hitzaldia, eta lantegi horrek eskari handia izan zuen, baita izen-emate asko ere. Interes handia pizten du, eta bereziki sentsibilizatuta gaude gai horrekin, baina nola helarazten diegu interes hori erabakiak hartzen dituzten pertsonei?
Gizartea antolatzen den neurrian, eragina izan dezake politikariengan, betiere pertsona horiek argi badute herritarrentzat eta ez beste interes batzuentzat lan egin behar dutela. Gai politikoetan parte hartzeko interes hori eragiten diguten prozesuak gardenak izateko behar larriagatik ere gertatzen da, era horretan horiek ulertu ahal izateko eta erabaki bakoitza zergatik hartu den jakiteko.
Etxebizitza eskuratzea da gizarte gisa dugun arazo nagusietako bat, bereziki gazteen artean. Bartzelonan 2003tik eskaintzen den XXI. Mendeko Etxebizitzaren Lantegia masterraren zuzendarikidea zara. Etxebizitza hutsak eta etxerik gabeko jendea... Ba al du irtenbiderik?
Irtenbidea izango du etxebizitza nagusia eskubide gisa eta ez truke- eta kontsumo-ondare gisa ulertzen den neurrian. Hartarako, dentsitate txikiko auzoetako dentsitatea berriz handitzeko lana ere egin beharko dugu, auzorik gabeko etxerik ez baitago; hau da, zerbitzu eta ekipamendu misto eta askotarikorik gabe.
Hitz egin dezagun Col·lectiu Punt 6 plataformaz, «hiria eraikitzen duten emakumeen» plataformaz, alegia. Zergatik behar da emakumearen ikuspegia hiri-plangintzan?
Biztanleen erdiak izanik ere, emakumeok ez gara proportzio horretan inoiz egon eta oraindik ere ez gaudelako; gainera, gizonei eta emakumeei esleitutako genero-rolen ondoriozko esperientziagatik gaur egungo hiria ez da egokia ugalketaren edo emakumeen zereginak egiteko.
Ekoizpenaren beharren zein biztanle-zati txiki baten beharren eta gaitasunen arabera antolatu izan da, oro har, gaur egungo hiri modernoa, beren esperientzia unibertsala eta abstraktua dela jo baitute horiek. Gaur egungo hiriak, horrenbestez, ez du biztanleen egiazko aniztasuna kontuan hartzen, eta, hori egiten ez duen neurrian, desberdintasunak handitzen dituzten hirietan bizi gara.
Arlo pertsonalari buruz
Bartzelona eta Buenos Aires artean bizi zara. Nola ikusten da hiria bertan modu partekatuan bizitzean?
Pribilegioa da nire bi hirien artean –jaio nintzen hiria eta bizitzeko hautatu dudana– bizitzea. Bi hiriren, eta, aldi baterako bisitari gisa, beste batzuen, bizipen partekatuari esker horietako bakoitzaren egoera erlatiboa konparatu eta ulertu ahal izateko aukera izaten duzu, eta era horretan, horietako bakar bat ezagutzen, esperimentatzen edo aztertzen duzunean zauden burbuila izugarri mugatutik irten zaitezke; izan ere, arazoak toki batean bakarrik gertatzen direla pentsatu ohi dugu, eta, sarritan, horrela ez dela ikusten dugu.
Nolakoa da lanegun arrunt bat Zaida Muxíren bizimoduan?
Ezinezkoa da horri erantzutea; egun guztiak ezberdinak dira, jarduerez eta pertsona ezberdinekiko bilerez beteak. Baina, lanegun tipo edo ideal bat azaldu behar badut... Ba, etxean gosaltzen dut, ondoren, estudioan lanean jartzen naiz eskolak eta testuak prestatzeko, eta arratsaldez unibertsitatean, eta irakurtzeko tarteren bat bilatzen ere saiatzen naiz.
Nola irudikatzen dituzu etorkizuneko hiriak? Eta nolakoak izatea gustatuko litzaizuke?
Etorkizuneko hiriek natura ez inbaditzea gustatuko litzaidake, hirigunean berau txertatzeko gauza izatea. Pertsona guztiek hirirako eskubidea duten hiri bat, autorik gabeko hiri bat, eta eguneroko gauzak egiteko distantzia laburrak egotea.
Bizitzeko hiri bat?
Bartzelona, hori da nire aukera.
Bisitatzeko hiri bat?
Zaila erantzuten; nire iritziz hiri guztiak dira bisitatzeko, guztietan gozatu eta guztietatik ikas dezakegu.
Esku hartzen duen proiektuak eta ekimenak.
http://www.arquitectura-politica.org/