Eraikinak berez bihur daitezke hiri-eremu
Alejandro Zaera itzal handiko arkitektoak Donostiako Udalak Plan Estrategikoarekin elkarlanean antolaturiko Hiri Estrategikoen Foroan parte hartu du.
Bisitaren arrazoia hiri-birgaitzearen erakusgarri diren adibide batzuk ematea zen, Tokio, New York edota Londres. Hain justu, hiri-eremuan ederki txertatzen diren konponbideak bilatzearen aldeko da, baita eraikinetan komunikazioaren teknologia erabiltzekoarena ere.
Ez du bazter uzten Donostia erro-errotik aztertzea, gisa horretan hiriaren proiektu handienetako batean esku hartzeko.
Nola ulertzen du Alejandro Zaerak arkitektura?
Nire belaunaldiko arkitektoak dagoeneko ez gara utopikoak, ez dugu esaten gauzek nola izan behar duten kasu bakoitza analizatu edo aztertu gabe. Lurrari atxikiago lan egiten dugun arkitektoak gara, beharrezkoa dugu publikoarekiko harreman hori, bai halaber botere publikoekin, administrazioetako teknikariekin nahiz enpresa munduarekin. Nik beti diot proiektuak landareen antzekoak direla; hots, proiektua hazteaz hitz egin ohi dut, hori kokatzeaz baino gehiago. Horretarako, proiektu zehatz bat izan behar duzu, enkargu bat kasik, gauzak aztertzen saiatzeko gune bat.
Arkitekturak, orain, areago pentsatzen al du hiri-plangintzan?
Bai. Kontuan hartu behar dugu zein izan daitekeen arkitektura eta hiri-plangintzaren arteko harremana. Arkitektura tradizionalki edukiontzi bat izan da; orain, berriz, balio handia du eduki espezifiko bezala. Gai izan behar dugu ikusteko, ikuspegi estrategikoagoa izateaz aparte, arkitekturak objektu gisa nola har dezakeen parte hiria eraikitzeko orduan.
Arkitekturak, hain zuzen, gauza asko konpon ditzake, beti ez da pentsatu behar eraikinek espazioa hartzen dutela; eraikinak, berez, hiri-eremu bihur daitezke.
Japoniako Yokohamako portuaren terminala egin zenuen, eta New Yorkeko 0 Gunekolehiaketako finalista ere izan zinen. Azaldu iezaizkiguzu proiektu horiek.
Tokion, ferry terminal bat baino gehiago interface bat egin nahi genuen badia eta hiriaren artean, modu horretan plataformen bidez lotzen lagun zezan (ontziak edota edozein hiri-garraio). Hain justu, hiri-planteamendu batetik ekin genion proiektu horri. Terminal batek espazio bat eraikitzen du; berez, hiriaren zati bat da, ez da eraikin bat bakarrik, nolabait esateko hiriaren funtsezko parte bat da, hiri-eremuarena alegia. Ez da, besterik gabe, forma gutiziatsu bat.
0 Gunea arkitektura gogorraren eta eduki sozial eta politikoen komunikazioaren arteko harremanaren inguruan iruditzen zitzaigun interesgarria. Hasieran izkin egin genion abertzalekeriazko parafernaliari, eta alturako eraikin baten prototipoa egin genuen, mezu sozial edo politikoak aintzat hartu gabe. Gure asmoa etorkizuneko alturako eraikinentzat baliagarria izan daitekeen ideia mamitzea izan zen, nola eta erredundantzia erabiliz eraikin baten egitura-diseinuan. Batzuk besteen gainean bermatzen dira batasunaren erakusgarri.
Zein beste proiektutan zabiltzate lanean?
Bartzelonan auditorioak dituen parkea eraiki dugu itsasertzean. Dunekin analogia edo metafora bat sortzeko asmoz hasi ginen, modu horretan hiritarraren irudimena atxikitzen saiatzeko. Hain justu, Tetris ezagunaren formetan oinarritu gara. Ideia sistema zabal bat da, batere itxia ez dena, egin ahala doitu daitekeen zerbait. Forma eta tamaina ezberdineko hainbat bulego dira, une jakin batean behar den horretara egokitzen direnak.
Tenerifen, ostera, Kanariar Irletakoegoitza hartuko duen eraikinean ari gara lanean. Palmondo-enbor baten traza du, eta eguzkitik babesteko azalzimurtsua du.
Londresen, bien bitartean, Hiri Olinpikoa egiteko proposamenak aurkezten ari gara. Garai bateko industria-gunea da, abandonatua, jenderik bizi ez den tokia eta ubideak dituena. Hain segur ere, komunikazio-gune nagusia izango da baldin eta Ingalaterrak Joko Olinpikoak hartzen baditu. Azken finean, parke handi bat da, paisajismo ingelesaren estilokoa, eta orain lanean dihardugu hiritarrek instalazio olinpikoak loreak balira bezala uler ditzaten.
Antza denez, eraikinek beti zerbait adierazi nahi dute.
Beste proiektu batzuetan ere esperimentazioaz baliaturik, bi eratako teknologiak erabil ditzakegula ohartu gara: batetik, analisian eta eraikuntzan bere gordinean oinarritzen direnak; eta bestetik, berriz, hortxe dago komunikazioaren teknologia.
Gogorragoak diren teknologia horiek nahastu egiten dira, eta komunikazioaren teknologiak arkitektura-proiektuetan integratzen dira halaber.
Zer sumatzen duzu faltan Donostian? Zer hobetu daiteke?
Hiri zoragarria da. Donostiaren arazoa ez dut uste irudia denik; arazoa ez da arkitektura-diseinua. Lehenbailehen konpondu beharrekoa, hain zuzen, hiriguneko higiezin-presioa da; modu inteligente eta eraginkor batean, kanpora atera behar da presio hori.
Egia da, era berean, hiria ez dudala iritzi serioak emateko bezainbeste ezagutzen. 17 urte nituela Donostiako Jazzaldira joan nintzen, baina hori duela 20 urteko kontua da. Harrezkeroztik hiria asko aldatu da. Modu abstraktuan errezetak ematea ezinezkoa da, ezin dugu “hiriek horrelakoak izan behar dute” esan… Azken batean, guztia zehaztasunez aztertu behar dugu ahal den arkitektura onena prestatzeko.