Elkarrizketak

"Donostiaren erronka handiena etorkizun posible horiek eraikitzea da, bertan bizi nahi izateko"

Yoanna Amondarain

Balioen Hezkuntzan teknikaria da Adsis Fundazioan eta Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea

Yoanna Amondarain Balioen Hezkuntzan teknikaria da Adsis Fundazioan, eta 15 urte baino gehiago daramatza bertan lanean. "Bidezko kausei irribarre egiten dien eta utopia kolunpio bihurtzen duen emakumea naiz, agian horregatik erabaki nuen Gizarte Langintza ikastea", dio. Horrez gain, Donostiako Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea ere bada. "Amalurrekiko harremana funtsezkoa zait neure buruarekin konektatzeko, eta munduaren eta bertan bizi garenon inguruan pentsatzen dudanean, elkarri lotutako baso bat bagina bezala irudikatzen gaitut, sustraietatik elikatuz".

Zer da Adsis Fundazioa?

Adsis Fundazioa 1996an sortu zen irabazi-asmorik gabeko erakundea da, baina elkartearen gizarte-ekintzak 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzen diegu, beren bizi-proiektuak gauzatu ditzaten. Garapenerako Lankidetza eta Balioetan Hezteko Programa bat ere badugu.

Gipuzkoa mailan, Donostian dugu egoitza, Bidebieta auzoan. Oinarrizko Lanbide Heziketako zentro bat kudeatzen dugu, eta egoera ahulean dauden gazteei aukera ematen diegu ikasketekin jarraitzeko, etorkizunean aukera gehiago izan ditzaten. Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzara bideratutako proiektuak ere garatzen ditugu zeharka, gazteen konpromiso solidarioa sustatuz eta pentsamendu kritikoa eta aktibismo soziala bultzatuz.

Niretzat, Adis Fundazioa "etxea" eta "familia" da. Profesionalki garatzeko aukera eman dit, baina batez ere, pertsona gisa.

Azken hiletan hainbat alditan aintzatetsi dute zuen lana; nola hartu dituzue aitortza horiek?

Donostiako Gizarte Kontseiluaren II. Saria jaso genuen 2023an, eta urtarrilean Hiritar Merezimenduaren Domina. Egia esan, aitorpen horiek bultzada handia izan dira gizarte bidezkoago, solidarioago eta inklusiboago horren alde ilusioz lan egiten jarraitzeko, non aniztasuna balio gisa onartzen den.

Errekonozimendu horien bidez, halaber, honaino ekarri gaituen historiari begiratzeko aukera izan dugu, eta egindako bideaz harro gaude. Era berean, gure programetatik igaro diren pertsona guztiak ekarri dizkigute gogora, eta dagoeneko gurekin ez dauden baina ezabatu ezin den arrastoa utzi zuten kideak.

Ikuspegi pertsonal batetik, nola ikusten duzu hiria?

Donostia hiri ederra da, lasaia, eta oraindik sarea sortzeko espiritua mantentzen duten auzoak ditu. Gainera, Donostiak ingurune iraunkorrago eta gizatiarrago baten alde lan egiten duten erakunde eta elkarteak ditu. Hala ere, iruditzen zait batzuetan giza aberastasun hori guztia, aniztasun hori guztia, beste interes batzuek lausotzen dutela. Kanpotik begiratuta, Donostia "hiri turistiko" gisa ikusten da, eta hiria egunero eraikitzen duten mugimendu sozialak eta pertsonak ikusezina egiten ari direla sentitzen dut. Beldur naiz hiria ez ote den gero eta gehiago egokitzen ari turismoari erantzuteko, eta ez horrenbeste bertako biztanleen benetako premiei erantzuteko.

Profesionalki lantzen dituzun alderdiei lotuta, zeintzuk dira hiriak gaur egun dituen erronkak? Eta etorkizunean?

Hiriaren egungo erronkak bat datoz etorkizuneko erronkekin. Beharbada, horrek esan nahi du ez zaiela premiazko zenbait gairi erantzuten, ez behintzat guztiok tokia eta bizitza duina izango dugun mundu bat lortu nahi badugu.

Erronka horiek hiri eta ingurune inklusiboak eraikitzeko aukerarekin lotuta daude, non komunitarioaren balioa berreskuratuko den gure bizitzan gero eta errotuago dagoen indibidualismoaren aurka. Halaber, Amalurrekin lotutako gizarte errespetuzkoak eraikitzea funtsezkoa da, pertsonak eta natura beste edozein interes material edo ekonomikoren gainetik dagoen balio gisa, erdigunean jarriz. Eta ez dezagun ahaztu immigrazioak dakarren erronka eta pertsona askori ematen ari gatzaizkien erantzunak, aukera bila "bizitza jokoan" jarri baitute. Zentzu horretan, sakon hausnartu beharko genuke egungo sistemaren inguruan, gutxiengo bati non bizi nahi duen aukeratzen uzten baitio, planetako biztanle gehienak beren jatorrizko herrialdeetatik ihes egitera bultzatzen dituen bitartean, gerra, aukerarik eza edo klima-aldaketa bezalako arrazoiengatik.

Hori da hiriak orain eta etorkizunean duen eta izango duen erronkarik handiena, etorkizun posible horiek eraikitzea, bertan bizi nahi izateko.

Nola hobetu daitezke alderdi horiek?

Aniztasuna eta natura errespetatuko dituen hezkuntza aktibatuz, planetarekin eta bertan bizi garenokin erantzukide den hezkuntza. Elkartzeko eta komunitatean parte hartzeko guneak sortuz, "guztion ondasunaren" balioa esperimentatu ahal izateko. Sentsibilizatu egin behar gara, benetan konturatzeko zoriontasuna ez dagoela salgai, eta ekoizpen- eta kontsumo-ondasunetatik harago doala.

Modu poetikoan esanda, honela adieraziko nuke:

"Koloretako hariak korapilatzen zaizkit nire esku eta oinen artean.

Nire begiradak errebeldiazko oihalak ehundu nahi ditu, bidegabekeriari pespuntak eman eta ulertzen ez dudan mundu-dekoratu honi bihurgune bat egin.

Agian nahikoa litzateke eraldatzea eta aldatzea oihukatzen duen eszenatoki baten oihalak zimurtzea.

Eta ilusioa eta ametsak harilkatzen baditugu justiziaren utopia hori errealitatearen mosaiko bihurtzeko?

Agian nahikoa izango litzateke zirrikitu batzuk izatea bizitza beste aldera begira ez nahasteko. Istorioaren hariak gal ez daitezen, patroi bera ez errepikatzeko gida gisa balio baitigute.

Hari bat aski da istorio berri bat ehuntzeko eta alaitasunezko erliebeekin brodatu ahal izateko.

Pespunte kolektiboak, hori behar dugu.

Elkartutako puntadak, bata bestearen atzetik, atzerantz puntu bakoitzaren ondoren, haria lehen igaro zen leku berean sartzeko"

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak