Elkarrizketa, tolerantzia edo bakea bezalako baloreak landu egin behar dira. Familiak, eskolak eta gizarteak dute beren egitekoa horretan
2003ko Hezkuntza Ikerketaren Sari Nazionala
Maite Garaigordobil Gipuzkoako Psikologia Fakultateko irakasle titularra da. Ez da hau Hezkuntza Ministerioaren sari nagusia jaso duen lehen aldia, 1994an ere jaso zuen. 2003ko Hezkuntza Ikerketaren Sari Nazionala honako lanari esker lortu du: " Portaera prosoziala sustatzeko eta indarkeria ekiditeko interbentzio sozio emozionala lantzen duen programa baten ebaluazioa eta diseinua". Jokoak baloreak garatzeko duen gaitasuna azpimarratzen du, tresna egokitzat hartzen du baloreak lantzeko.
- Orain gutxi jaso duzu 2003ko Hezkuntza Ikerketaren Sari Nazionala, nola jaso duzue zuk eta zure taldeak sari hori?
Pentsa dezakezun bezala poz handia eragin digu. 10-12 urte bitarteko umeekin indarkeria ekiditeko eta portaera prosoziala sustatzeko interbentzio sozio-emozionala lantzen duen programa baten ebaluazioan eta diseinuan oinarritu da lan hau. Hiru urte behar izan ditugu lana egiteko eta 30 pertsonek baino gehiagok parte hartu dute garapenean, lan eta inplikazio maila ezberdinetan. Beren lanik gabe lana gauzatzea ezinezkoa izango zatekeen.
Hezkuntza Ministerioan aurkeztu nuen dokumentuak ia 500 orri zituen eta programa honen aurrekariak; bere oinarri teorikoa; ikerketarako metodologia, hau da, ikerketaren helburuak, ikerketaren diseinua eta prozedura, lagina, programaren efektuak ebaluatzeko erabilitako tresnak...; eta joko kooperatibo-sortzailean oinarritu den interbentzio sozio-emozionalerako programaren ezaugarriak deskribatu nituen. Hain zuzen ere, aipatu joko mota hori ebaluatu dugu ikerketa honetan.
Sari hau emateak adorea ematen dit 80. hamarkadaren amaieran ekin nion lanari jarraipena emateko. Jokaera prosoziala sustatzeko lehen interbentzio programa orduantxe diseinatu nuen, 6tik 8 urte arteko umeak hartu nituen nire lehen lanaren oinarri. Programa horrek ume horien garapeneko alderdi ezberdinetan zuen eragina ebaluatu nuen eta ikerketa hori Euskal Herriko Unibertsitatean 1992an aurkeztu nuen doktorego tesia izan zen.
- Zertan datza programak eta zer lortu nahi duzue?
Haur eta gazteen pertsonalitatea garatzeko egin diren 4 interbentzio programen baitakoa da orain saria jaso duen lana. Batetik, balore etiko- moralak garatzea eta bestetik joko prosozial eta sortzaileek dituzten efektuak ikertzea dira interbentzio programa horien helburuak. Hain zuzen ere, ikerketaren helburuak hauek izan dira:
- 10-12 urte arteko umeentzako joko kooperatibo-sortzailean oinarrituta interbentzio sozio-emozionalerako programa bat diseinatzea. Jokaera prosoziala sustatzea du helburu nagusia
- ikasturte batean zehar programaren inplementazio esperimental bat egin
- baloreen heziketarekin eta indarkeriaren prebentzioarekin loturik dauden haurren garapeneko faktore sozio-emozionaletan dituen efektuen ebaluazioa eta adimena eta sormena bezalako faktore kognitiboetan dituen eraginak ebaluatzea.
Joko programak hiru helburu nagusi ditu. Lehenengo eta behin, programak sozializaziorako faktoreen garapena indartu nahi du segidako elementu hauek sustatuz:
- Taldekideekin norabide anitzeko elkarreragina, lagun artekoa, positiboa eta eraikitzailea handitzea eta taldeko partaidetza areagotzea
- Ahozko komunikazioa eta ahozkoak ez diren trebetasunak: azalpenak ematea, aktiboki entzutea, elkarrizketan aritzea, negoziatzea, kontzentzuz erabakiak hartzea...
- Sozializazioa errazten duten joera sozialen gehitzea, hala nola, besteenganako begirunea, auto-kontrola, asertziozko joerak... eta jokaera agresiboak, pasiboak, uzkurrak, lotsatiak bezalako joera aztoratzaileen gutxitzea...
- Jokaera prosoziala, hau da, eman, lagundu, konpartitu, kontsolatu, kooperatu...bezalako joerak
- Elkarrizketa, tolerantzia, berdintasuna, solidaritatea, indarkeria eza bezalako baloreen garapena.
Bigarrenik, garapen emozionala indartu nahi da programa honekin eta horretarako elementu hauek sustatzeko beharra ikusten dugu:
- dramatizazio, musika eta mugimenduzko jardueren bidez, eta marrazki eta pinturaren bidez emozioak adieraztea eta identifikatzea
- beste gizakien emozio egoera ezberdinen aurreko enpatia garatzea
- lorpen eta nagusitasun sentimenduak autokontzeptua eta auto-estima hobetze aldera
- gizabanako bakoitzaren onarpen sentimenduak taldean
- ongizate psikologiko subjektiboaren sentimendua eta plazerezko sentimenduak...
Eta hirugarrenik, joko esperientzia honekin honako faktore intelektualen garapena sustatzea da helburua:
- Ahozko sormena, sormen grafiko-figuratiboa, plastiko-eraikitzailea, dramatikoa
- ahozkoa eta ahozkoa ez den inteligentziaren trebetasunak
Programa honekin eginiko ikerketak hiru urratsetako esperimentazioa erabili du kontrol-taldeekin, hau da, programa aplikatu aurrekoa, aplikazioa eta aplikazioaren ondorengoa . Ikerketa 10 eta 11 urteko 86 neska-mutilekin egin da, 4 taldetan banatu genituen, horietako bi esperimentaziorako taldeak ziren eta beste biak kontrol taldeak. Programa aplikatu aurretik eta ondoren 13 ebaluazio tresna banatu zitzaizkien guraso, irakasle eta umeei erantzun zitzaten, hala, programaren efektuak neurtzeko ahalmena izan genuen. Joko programa talde esperimentaletan bakarrik aplikatu zen. Ikasturte batean zehar, astean behin, bi orduz joko prosozial-sortzaileak lantzeko aukera izan zuten ikasleek.
Jardunaldi horietan joko sekuentzia bat eta horrek eragiten zituen eztabaidak garatu zituzten. Komunikazioa (elkarrizketarako gaitasuna, entzuteko ohitura, kontzentzuz erabakiak hartzea...), portaera prosoziala (eman, lagundu, kooperatu, konpartitu...) eta sormen dimentsioanitza (ahozkoa, grafikoa, eraikitzailea eta dramatikoa) sustatzen duten jokoez osaturik dago programa esperimentala.
- Eskolaren batean aplikatu al da?
Interbentzio hau osatzen duten 4 programetako bakoitza, ikasturte batean lehenbizi astez aste modu esperimentalean aplikatzen da eta sakon neurtzen dira bere efektuak. Neurketa hori egiteko joko laguntzaile-sortzaileak ikasturtean zehar lantzeko aukera izan duten neska-mutilek beren garapenenean erakusten dituzten aldaketak eta esperientzia hori izan ez dutenek, hau da, kontrol taldekoek, erakusten dituztenak konparatzen dira. 10-12 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dagoen programa balioztatzeko, ikerketa horregatik jaso dugu saria, 2 talde esperimentaletan (54 parte hartzailea) aplikatu da eta bi kontrol-talderekin (32 parte hartzaile) erkatu dira emaitzak.
Ondoren, hots, esperientziak garapenaren zein alderdi sustatzen duen aztertu ondoren, programak eskola talde askotan inplementatzen dira. Irakasleek programak balioztatu ondoren argitaratzen diren eskuliburuak dituzte, batzuek ikastaroak egiten dituzte programak erabiltzeko eta beren taldeetan garatzen dituzte. Nahi duten guztietan ni laguntzeko prest egoten naiz. Joko kooperatiboak inplementatzen eta diseinatzen daramatzagun bi hamarkadatan irakasle askok egin dituzte prestakuntza ikastaroak programak inplementatzeko eta beren borondatez beren geletan horrelako esperientziak garatzeari ekin diote.
- Programari esker lortutako emaitzak zein dira zure ustez?
Ikerketa garatu zeneko ikasturteko datuekin eginiko analisi estatistikoen emaitzen arabera programak eragin positibo nabarmena izan du eta hori egiaztatzeko partehartzaile esperimentalek, hau da, joko programa egin zuten umeek, erakutsi dutena ikustea besterik ez dago:
Garapen sozialari dagokionez:
- gizarteko arauak errespetatzeko; inpultsoak, zerbitzu eta ospearekin loturiko joera sozialak eta berdinekiko elkarreraginean asertziozko jokaerak kontrolatzeko; eta prosozialak ugaritzeko joera handiagoa
- taldekideen irudia hobetu egiten da, prosozialagoak eta sortzaileagotzat jotzen dira
- asertziozko elkarreragin sozialeko eta orokorreko estrategia kognitiboen ugaritzea
- taldekideen artean joera agresibo, antisozial eta delituzkoen gutxitzea.
Ikuspegi afektibo-emozianaletik:
- egonkortasun emozionala gehitzea
- autokontzeptuaren hobekuntza.
Ikuspegi intelektualetik honako elementuen ugaritzea:
- ahozko inteligentzia
- ahozko sormenarekin loturiko pentsamendu elkarkorra
- pertsonalitate sortzaileari dagozkion jokaera eta ezaugarriak
- ahozko sormena eta sormen grafikoa
Haurraren garapenerako joko prosozial-sortzailean oinarritutako interbentzioen efektua positiboa dela adierazten dute oro har datuek. Bestalde, programa hasi aurretik garapen maila baxua erakusten duten neska-mutilentzat esperientzia horiek oso onuragarriak direla baieztatzen dute analisiek. Haurraren izaera estimulatzen duen interbentzio tresna bat eskaintzen du ikerketak, indarkeria saihesten duten balore etiko-moralak lantzen ditu. Gainera, adin honetako umeentzako programak (10-12 urte) interbentzio psikoedukatiboa ere lantzen du 6urtetik 14 urte bitarteko gazteen jokaera prosoziala sustatzeko. Interbentzio hau 4 programek osatzen dute eta orain egin dugun lanak beste hiru ditu aurretik; 6-8 urte bitarteko umeentzako programa bat, beste bat 8-10 urte bitartekoentzat egina eta hirugarrena 12-14 urte bitarteko nerabeentzako programa.
6-8 urte bitarteko umeentzako programaren ikerketa lagun arteko jokoetan, laguntza eta kooperazio jokoetan dago oinarriturik. 6 talde esperimental eta 2 kontrol-talde hartu ziren 1989-1990 ikasturtean. Ikasturte batean zehar, astean behin 60 minutuko jokoan aritu ziren ikasleak, baina aurretik eta ondoren aldagai batzuk neurtu ziren, programak elementu horietan eragina izango zuela aurreikusi zen. 178 parte hartzaile izan ziren, 125 esperimentalak eta 53 kontrolekoak. Joko programak eragin positiboa izan zuela baieztatu zuten emaitzek, talde esperimentaletakoek aldaketa hauek izan zituzten: jokaera sozial positibo gehiago (lidergoa, alaitasuna, sentsibilitate soziala, begirunea-autokontrola), jokaera sozial negatiboen gutxitzea (agresibitatea, apatia-uzkurtasuna, antsietatea-lotsa), kooperaziorako ahalmen handiagoa, talde barneko komunikaziorako ahalmen handiagoa, elkarreragin sozialerako estrategia kognitiboen ahalmen handiagoa, autokontzeptuaren hobekuntza eta eskolako ikasketetarako heldutasun handiagoa.
8-10 urte bitarteko neska-mutikoentzako joko kooperatibo-sortzailea 4 talde esperimentaletan aplikatu zen 1993-1994 ikasturtean. Metodologi bera erabiliz astean 90 minutuko saioak izan ziren eta programa aplikatu aurretik eta ondoren probak egin ziren . 154 parte hartzaile izan ziren, 126 esperimentalak eta 28 kontrolekoak, programaren eragina aztertu zen eta programak jokaera prosozial altruistan, berdinekiko asertzio-jokaeran, talde barneko komunikazioan, autokontzeptuan, ahozko sormenean eta sormen grafikoan efektu positiboa zuela baieztatu zuten emaitzek.
12-14 urte bitarteko nerabeentzat diseinatutako programak pertsonalitatea garatzea eta giza eskubideak lantzea du helburu. 1997-98 ikasturtean eginiko ikerketak balioztatu zuen aipatu programa eta garapen sozio-emozionaleko faktore askotan efektu positiboak dituela ikusi zen. 174 nerabe hartu ziren ikerketarako, 125 esperimental (4 talde) eta 49 kontrolekoak (2 talde), ikasturte batean astean bi orduko saioak egin ziren eta emaitzen arabera elementu hauek nabarmen ugaritu ziren: lagun arteko harremanak eta harreman prosozialak taldean; asertziozko jokaera sozialak, begirunea eta buruzagitza; enpatia; auto-estimua; egoera sozialei aurre egiteko asertziozko estrategia kognitiboak; sentimendu negatiboak aztertzeko gaitasuna. Gainera, kognizio kaltegarriak, pertsonalitatearen baitako antsietatea eta antsietate-herabetasuna, apatia-uzkurtasuna eta jokaera agresiboak eta antisozialak ere gutxitu egin zirela baieztatu zen.
Laburbilduz, 10-12 urte bitarteko programaren ebaluazioaren emaitzak oso positiboak izan dira, garapen sozial, emozional eta intelektualean duen funtzio nabarmena baieztatu egin da jokaera sozial positiboak gehitu egin direlako, jokaera agresibo eta antisozialak desagertu egin direlako, taldekideen eta autokontzeptuaren pertzepzioa hobetu egin delako eta egonkortasun emozionala, inteligentzia eta sormena gehitu egin direlako.
- Eskola umeek dituzten baloreak gutxitzen ari al dira?. Eta horrela balitz, zergatik gertatzen da?
Neurri batean baloreen heziketak behera egin du. Umeek baloreak bat-batean barneratzen dituztelako edo garapen morala bat batean gertatzen delako ideia existitzen da eta hori ez da horrela. Garapen moralean familiak, gisakoek, komunikabideek...zerikusi handia dute. Eta behatzen diren ereduen arabera, jokaerengatik jasotzen ditugun zigor edo sarien arabera gizakiok elkarri laguntzen, solidarioak izaten, altruistak izaten ikasiko dugu edo aitzitik, berekoi, bihozgabe, agresibo...izaten. Helduen (gurasoak, irakasleak) eredu eta ahozko mezu moralak eta beren gisakoen, ikaskideen, eredu eta indarra behar dituzte umeek.
Hala ere, batzuetan egiteko hori familiak eskolaren esku uzten du eta eskolak familiaren esku eta inork ez du jokaera moral positiboaren ereduaren funtzioa betetzen, inork ez ditu "kontrolatzen" umea sarturik dagoen taldeek zein eragina duten eta inork ez dio muga jartzen umeak TB-n ikusten duenari. Haurrentzako telebista programa batzuek eta ikuslego kopuru handia dutenek jokaera amorala, normalean zigortzen ez diren elkarbizitzako jokaera sozialen eta besteekiko begirunezko jokaeren urratzea islatzen dute . Gizakiok, funtsean "animalia sozialak" gara, elkarreragin sozialen baitan gure izaera "eraiki" egiten dugu eta testuinguru horretan laguntza ematen, kooperatzen, besteak pertsona baliotsutzat jotzen ikas dezakegu baina gorrotatzen ere ikas dezakegu eta horrek besteak erasotzera, eta beren giza eskubideak bortxatzera eramango gaitu. Elkarrizketa, tolerantzia, berdintasuna, solidaritatea, justizia, askatasuna edo bakea bezalako baloreak landu egin behar dira eta egiteko horretan familiak, eskolak eta gizarteak hartu behar du parte elkarri lagunduz.
- Jokoa formula eraginkorra da baloreak lantzeko?
Jokoa komunikaziorako eta sozializaziorako tresna boteretsu bat da. Zalantzarik gabe, jokoa baloreak lantzeko bitarteko bat izan daiteke, izan ere, umeek haurtzaroan egiten dituzten taldeko jarduera ludiko guztiak umearen "ni" sozialaren garapen progresiboa bizkortzen dute. Baina joko guztiek ez dituzte jokaera sozial positiboak estimulatzen, joko batzuen helburua suntsitzea eta hiltzea baita. Joko kooperatiboaren efektuak aztertu dituzten ikerketek joko horiek komunikazioa sustatu, taldekideen arteko mezu positiboak ugaritu, jokaera prosoziala gehitu (lagundu, kooperatu, konpartitu, errespetatu...), jokaera sozial negatiboak gutxitu (agresibitatea-egoskorkeria, apatia-uzkurtasuna, antsietate-herabetasuna...), partaidetza eta talde batasuna sustatzen dutela baieztatu dute. Gainera, gelako giro soziala hobetu, arraza ezberdinen onarpena erraztu, autokontzeptua goratu eta besteekiko kontzeptua hobetu egiten dute.
Diseinatu diren lau joko kooperatiboek bost egitura ezaugarri dituzte:
- Partaidetza, joko horietan taldekide guztiek hartzen dute parte, inor ez da kanpoan geratzen eta inork ez du irabazten eta inork ez du galtzen; talde guztiak lortu beharko ditu helburuak eta horretarako parte hartzaile bakoitzak bere egitekoa du
- Komunikazioa, programako joko guztiek taldekideen arteko komunikazio prozesuak egituratzen dituzte; entzutera, eztabaidatzera, erabakiak hartzera, negoziatzera bultzatzen dute...
- Kooperazioa, harreman dinamika estimulatzen dute, helburu bera lortze aldera elkarri laguntza ematera bultzatzen dituzte
- Fikzioa eta sormena, animalia, naturako elementu, objektu artista...bilakatzen gara eta zerbait berria sortzeko estimuluak konbinatzen ditugu
- Dibertsioa, joko horien bidez taldeko partaideak dibertitzea nahi dugu eta elkarreraginak lagun artekoa, positiboa eta konstruktiboa izan behar du.
Hala, joko batek garapen morala estimulatzeko elkarreragin sozial zehatzak egituratu beharko ditu. Balore etiko-moralak eta jokaera prosozialaren garapena sustatzen duten jokoak taldekideen arteko komunikazioa, kohesioa eta konfiantza sustatzen duten jokoak dira. Onarpena, lankidetza eta konpartitzea bezalako elementuak daude oinarrian.
- Zein proiektu berritan ari zara orain lanean?
Haurren jokoen ikerketarekin loturiko egungo proiektuen artean haur hezkuntzako umeentzat (4-6 urte) den joko programa baten diseinua eta ebaluazioa nabarmenduko nuke. Ni ari naiz doktorego tesi hori zuzentzen eta 2004an EHUn aurkeztuko dugula espero dut. Gainera, 14-16 bitarteko nerabeentzat beste interbentzio bat prestatzen ari gara, oraindik gutxi garatua dago eta ni zuzentzen ari naizen beste doktorego tesi bat da. Bestalde eta beste ikerketa mota batean, pertsonalitatearen ebaluaziorako tresnen diseinuari dagokionez, nerabezarotik hasi eta helduaroraino autokontzeptua ebaluatzeko tresna bat ari naiz prestatzen; giza garapenerako oso elementu garrantzitsua, ikerketa egun abian da.
- Gaia aldatuz, zer iruditzen zaizu Donostiak sormenaren eta berrikuntzaren alde egin duen apustuak?
Oso proiektu interesgarria da. Hiri honek ezaugarri egokiak ditu, unibertsitate barruan eta kanpoan ikerketarako zentro garrantzitsuak ditu, enpresa alorrean hiri berritzailea da, parke teknologiko garrantzitsua duena, ikerketa, sukaldaritza eta artea bezalako alorretan pertsona ospetsu askoren sorleku da. Gainera kongresuak ospatzeko azpiegitura arkitektonikoak ditu, ingurune ekologiko naturala izugarria da eta geografikoki oso ondo kokatua dago Paris, Lisboa, Madril edo Bartzelona bezalako hirietatik oso gertu baitago.