Elkarrizketak

"Gure erosketa-hautuak erabakigarriak dira tokiko merkataritzari eusteko"

Nerea Rodríguez

San Sebastián Shops-en gerentea eta Donostiako Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea

Nerea Rodriguez protokoloan eta ekitaldien antolaketan graduatua da, eta komunikazio politikoko masterra du. Aurtengo otsailetik, San Sebastián Shops hiriko merkatarien elkarteko gerentea da, baita Donostiako Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea ere. "Pertsona enpatikoa, sutsua eta moldagarria naiz, eta alderdi horiek nire lantaldeari transmititzen saiatzen naiz".

Zer da San Sebastián Shops eta zein dira egiten dituen jarduera nagusiak?

Donostia Shops hiriko merkataritzaren plataforma da, bertako merkatarien elkarteak eta merkataritza-guneak biltzen dituena. Gure misioa hurbileko merkataritza sendotzea eta sustatzea da, Donostiako merkataritza-sare guztiari eragiten dioten dinamizazio-jarduerak eginez, herritarrak sentsibilizatzera bideratutako komunikazio-kanpainak diseinatuz eta erakunde-eremuan parte-hartze aktiboa sustatuz, eta horretarako, sektorearen interesak ordezkatzen eta defendatzen dituzten proposamenak egiten ditugu.

Zer erronka ditu gaur egun hiriko merkataritzak?

2008ko krisiaz geroztik, txikizkako merkataritzak birmoldaketa sektorial handia bizi du. Erosketa- eta kontsumo-modu berriak, establezimendu fisikoen galera eta e-commerce eta kate handien hazkundeak ziurgabetasuna ekarri du esparru ekonomikoan, hiri-inguruneak eta mugikortasun-moduak aldatu egin dira, eta hiri-ekonomiako beste eragile batzuek gorantza egin dute, hala nola zerbitzuen, ostalaritzaren edo biltegiratze- eta logistika-guneen eta hiri-logistikaren alorrek.

Zeintzuk dira zuen proposamenak sektorearen egoera hobetzeko?

Egungo zailtasunen jakitun gara; beraz, lehenik eta behin, sektorearen ondoan jartzen gara, eta merkataritza-enpresei laguntzen diegu eraldaketa-bide horretan. Erakundeen eremuari dagokionez, uste dugu Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak eta Donostiako Sustapenak ezarritako lan-ildoak egokiak direla, arreta jarri beharreko alderdi guztiak lantzen baitituzte: digitalizazioa, belaunaldien arteko erreleboa, ekintzailetza, eraldaketa demografikoa, etab.

Baina ezin dugu ahaztu norbanakoaren erantzukizuna ere oso garrantzitsua dela. Gure erosketa-hautuak erabakigarriak dira tokiko-merkataritza eusteko, eta hautu horiek gure konpromisoaren araberakoak izango dira, zenbateraino gauden inplikatuta bizi-kalitatea emango digun hurbileko merkataritzadun hiri bat mantentzearekin. Kontsumo arduratsu eta kontzientea sustatu behar da, hiri-eredu jasangarri bat babestuko duena, eta, horretarako, lankidetza publiko-pribatuak berebiziko garrantzia du.

Ikuspegi pertsonal batetik, nola ikusten duzu hiria?

Hiria etengabeko eboluzio-prozesu batean ikusten dut, eta hori oso positiboa iruditzen zait. Hazten ari da, baina ez du bere esentzia galdu. Gainera, askotarikoa da, inklusiboa eta abegikorra.

Eta zer hobetuko zenuke?

Argi dago etxebizitzaren arloan badirela aurre egin beharreko erronkak, eta gustatuko litzaidake hirian espazio berde gehiago izatea, baina, oro har, bizi-kalitate handiko hiria dela uste dut.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak