“Donostiaren etorkizuna irudikatzean, gero eta osasungarriagoa den hiri bat ikusten dut”
Igor González Ekonomian eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta 2004az geroztik, Donostiako Tranbia Konpainian ari da lanean (Dbus bezala ezaguna). Lehen urteetan, Giza Baliabide eta Administrazio zuzendari gisa hasi zen, eta ATUC Espainiako Hiri eta Metropolien Garraio Publikoaren Elkarteko batzordeetan parte hartzen zuen. 2014az geroztik, Dbus-en zuzendari-gerentea da, eta hiriko autobus zerbitzu publikoa elektrifikatzeko eta digitalizatzeko prozesua gidatzen du. “Asko gustatzen zait bidaiatzea, eta ezagutzen ditudan hirien garraio-publikoko zerbitzuetan fijatzen naiz beti; zentzu horretan, oso harro nago Donostiak eskaintzen duen zerbitzuarekin, sistema abangoardista, ekologiko eta teknologikoki berritzailea baitugu gurean”, nabarmendu du. Horrez gain, Donostiako Gizarte Kontseiluko eta Batzorde Iraunkorreko kidea da.
Egunerokoan, non garatzen duzu zure jarduera?
Donostiako Tranbia Konpainiak Mons pasealekuan duen Kotxetegian. Hiriko garraio publikoaren kudeaketaz arduratzen gara, eta 2020az geroztik hiriko bizikleten alokairu-sistemaren kudeaketa ere gure esku dago.
Zeintzuk dira Dbus-en egungo erronkak?
Nagusiki, hiru ildo estrategiko lantzen ari gara:
- Flotaren deskarbonizazioa, 0 emisiokoa bihurtzeko. 2030erako ibilgailuen 0 elektrikoak izatea da gure helburua, eta hori lortzeko, kotxetegiaren aparkalekua elektrifikatzeko obrak hasi genituen urtarrilean. Lanak urteko azken lauhilekoan bukatuko dira, eta une horretatik aurrera 0 elektrikoak diren ibilgailu gehiago jasotzen hasiko gara. 2025eko martxora arteko epean 0 emisioko 43 autobus berri jasoko ditugu, eta ondorioz, 12 metroko autobus guztiak ekologikoak izango dira (hibridoak edo erabat elektrikoak) eta autobus guztien % 33, elektrikoak.
- Intermodalitatea. Esan bezala, hiriko garraio publikoa eta bizikleta elektrikoen zerbitzu publikoa kudeatzen ditugu, eta horrez gain, 17 linea berria lantzen ari gara, Gros auzoa, autobusen eta Renferen geltoki nagusia, Amarako eta Anoetako Euskotrenen geltokiak, Donostia Ospitalea eta Miramongo Parkea lotuko dituen ibilbidea garatzeko. Era honetan, lurraldeko autobus eta tren zerbitzuekin lotura sustatuko dugu. Horrez gain, hiruguneko trafikoa arintzeko, hiriaren kanpokaldeko aparkalekuak eta erdigunea lotzen dituen anezka-autobusaren zerbitzua eskaintzen dugu Gabonetan eta uda garaian.
- Garraioaren digitalizazioa. Sistemaren eraginkortasuna, irisgarritasuna eta erabilgarritasuna sustatzeko, hainbat lan-lerro ditugu abian: eskudiruzko ordainketa kentzea, garraiorako txartelen, kreditu txartelen eta QR kodeen bidez funtzionatuko duten titulu digital berrien bidez; markesina adimendunak ezartzea, alde batetik, argi sentsoreen bidez zain dauden bidaiarien segurtasuna bermatzeko eta, bestetik, ikusmen desgaitasuna dutenei aukera berriak eskaintzeko; ibilgailuak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak garatzea; autobusen arteko koordinazioa hobetzeko neurriak hartzea; eta autobusen eta geltokien edukiera kontrolatzeko gailuak instalatzea.
Nola ikusten duzu hiriaren mugikortasuna?
Donostia aurrerapauso handiak ematen ari da hiriaren mugikortasuna eraldatzeko. Emisio Gutxiko Eremuak ezartzen direnean, hainbat ibilgailuk ezingo dute erdigunetik zirkulatu eta alternatiba jasangarriagoak bilatu beharko ditugu. Hiri eredu berri horrek aukera bikaina eskainiko dio garraio publikoari, jasangarriagoa, garbiagoa eta kalitate handiagokoa izaten jarraitzeko eta, era berean, geltokien sare zabalago bat eskaintzeko. Zentzu horretan, hiria urratsak egiten ari da donostiarrei garraio publiko multimodala eskaintzeko, egunerokoan garraiobide ezberdinak uztartzeko aukera izan dezaten: bizikleta (Dbizi), hiriko autobusa (Dbus), lurraldeko autobusa (Lurraldebus) eta trena (Euskotren eta Renfe). Gure kasuan, jarduera eremua zabaldu dugu Dbus eta Dbizi-rekin, eta horri esker, lehen urratsak ematen ari gara garraio kolektiboko zerbitzuak osatzen dituzten mikromugikortasuneko zerbitzuetan.
Eta nola ikusten duzu hiria? Eta etorkizunera begiratuta?
Donostia beti nabarmendu da bere edertasunagatik. Itsasoaren urdinak eta mendien berdeak argi berezia ematen diote hiriari. Paisaiatik haratago, kerik gabeko hiri bat ikusten dut, gero eta berdeagoa eta garbiagoa den hiri bat, non hiritarrek ibilgailu pribatuaren beharrik ez duten hirian mugitzeko, garraio-sare bikaina dutelako edozein tokitara erraz, azkar eta eroso joateko. Hitz batean, gero eta osasungarriagoa den hiri bat ikusten dut.