Elkarrizketak

“Tokiko talentua garatu nahi badugu, eta kanpokoa erakarri, talentuaren atzean dagoen pertsonaz arduratu behar gara”

Aitzol Ezeiza

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle agregatua eta Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentzia zuzendaria

Informatikan lizentziatua, 1997tik UPV/EHUn aritu da lanean. IKT zerbitzuko bekadun gisa hasi zen, eta jarraian IXA taldera egin zuen jauzi, ikerkuntzan aritzeko. Gaur egun irakasle agregatua da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Sistemen Ingeniaritza eta Automatika sailean, eta Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentzia zuzendaria ere bada. “Industria ingeniaritzaren munduan harrapatuta dagoen informatikaria sentitzen naiz”. Donostiako Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea ere bada.

Irakasle gisa, zer nabarmenduko zenuke zure jardunetik?

Informatikarekiko dudan grina ingeniaritzako ikasleei kutsatzen saiatzen naiz, ahal dudan neurrian. Izan ere, unibertsitateko irakasle izateak askatasun handia ematen digu, lanpostua aldatu gabe, era askotako lanak eta proiektuak egiteko. Nik asko maite dut askatasun hori, eta gogotsu hartzen ditut erronka berriak. Horrez gain, ikasleekin harremanetan egoteko aukerak motibatu egiten nau, eta eremu berriak ezagutzeko aukera ematen dit, baita ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko ere.

Berriki izendatu zaituzte Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentzia zuzendari. Zerk bultzatu zaitu kargu hori onartzera?

Gure ikasleek etorkizuneko mundua aldatuko dutela sinetsita nago. UPV/EHUren bezeroa euskal gizartea da, eta gure lana gizarteari laguntzeko prest dauden pertsonak formatzea da. Horregatik, Nora Barroso irakaslearekin batera, ikasleei lana bilatzen ikastera animatzen ditut gure irakasgaien programetatik abiatuta, eta Gradu Amaierako Lanetan zein praktiketan ere, bere konfiantza garatu dezaten eta ideia berritzaileak aurkeztu ditzaten ahalegintzen naiz. Azken urteotan, halaber, hainbat enpresekin elkarlanean aritu naiz Unibertsitate-Enpresa-Gizarte gelen bitartez, eta Juana Goizueta Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak proposamena luzatu zidanean, aukera aparta ikusi nuen berotasun hori beste jakintza arlo batzuetara zabaltzeko. Mundua aldatzeko gai diren ingeniariak behar ditugun bezala, mundua aldatzeko gai diren psikologoak, gizarte hezitzaileak, abokatuak eta abar ere behar ditugu.

Zure ustez, UPV/EHUk erantzuna ematen die gizartearen egungo erronkei?

Egia esan, zaila da unibertsitateek gizartean duten eragina neurtzea. Baina etxea barrutik ezagutzen dut, eta alor guztietan aurkitzen dut gizartearen alde lanean ari den jendea. UPV/EHUko langile askok sekulako lana egiten dute, eta horren erakusle da, herri txikia izangatik, gure unibertsitatea askotan agertzen dela nazioarteko erreferentzia eremuetan. Hala ere, gizarteari hori ikusarazteko beharra dugu. Konpromisoa badago, gaitasuna ere bai, eta egunerokoan gizartearekin bat egitea eta kezkatzen gaituzten erronkei elkarrekin aurre egitea da hurrengo urratsa.

Eta zein iritzi duzu Donostiaren inguruan? Nola ikusten duzu hiria?

Donostia nire hiria da, eta asko maite dut. Proiektu oso interesgarriak ditugu teknologiaren alorrean, hala nola, Konputagailu Kuantikoa eta Protonterapia Unitatea. Horrez gain, Campusa hirian integratuta dago, eta horrek asko aberasten du hiria. Zalantzarik gabe, Donostia hiri pribilegiatua da. Beti esan izan da hori, baina beldur naiz ez ote garen pasa eta pribilegiatuegi bihurtu. 

Zer alderdi hobetuko zenituzke?

Badakit ez dela erraza, baina hiri-eredua aldatu beharko genukeela uste dut, etxebizitzarekin eta tokiko saltokien egoerarekin arazo handiak ditugula iruditzen baitzait. Hirian negozio bat irekitzeko aukera eskuragarriagoa izan beharko litzateke, saltoki handietatik urrunduta. Izan ere, gure ikasleei ausartak izateko eta ideia berritzaileekin enpresa eredu berriak sortzeko eskatzen diegu. Baina non garatuko dute beren jarduna? Non biziko dira formatu bitartean ala jarduera abiatzeko momentuan? Tokiko talentua garatu nahi badugu, eta kanpokoa erakarri, talentuaren atzean dagoen pertsonaz arduratu behar gara.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak