Donostian bada jende ireki eta solidarioa, baina zaila da bertan geratzeko modurik ere ez duten etorkinen presentzia
Orain dela bost urte jarri zinen bizitzen Donostian, eta harrezkeroztik zure herrikideen bizimodua hobetzen saiatu zara burubelarri.
Santiago Moralesen arabera, integrazioa posible da eta, horretarako, etorkina lan-elementutzat ez hartzea proposatzen du, gisa horretan haren kultura eta balioak baloratzen has gaitezen.
Zein da Donostiako egoera inmigrazioari dagokionez?
Europara eta, era berean, Donostiara iristen den inmigrazioa toki horietan jaiotako biztanleek hartu nahi ez dituzten lanbideak hartzera etortzen da. Donostiako inmigrazio maila ez da beste hiri batzuetakoa bezainbestekoa; hala, bada, fenomeno berria dela esan daiteke. Duela zortzi urtez geroztik magrebtar zenbait etorri dira eta duela bost urtez geroztik, berriz, Ekuador eta Kolonbiako jendea.
Donostiak abegi ona egiten die etorkinei, ala baztertu egiten ditu?
Bi joera antzematen dira. Batetik, jende ireki eta solidarioa dago, baina errealitatea bestelakoa da. Etorkinek Donostian presentzia izatea zaila da, bertan geratzeko aukerarik ere ez dute eta; azken batean ez dute etxebizitzarik, ezta erregularizaturik ere enplegua.
Zein diira alde onak (laguntzak, politika sozialak) eta alde txarrak (arazo ohikoenak) Donostian?
Etorkin kolektiboek areago integratu behar dute, modu horretan zer-nolako laguntzak-eta dauden jakiteko. Bestalde, erakunde ofizialek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek kolektibo horri eman diezaioketen informazioa areago dinamizatu behar lukete. Informazioa ez da behar bezala bideratzen, ez da esperientzien trukea antzematen. Gainera, burokraziak berak edozein laguntza edo prozesu atzeratzen du. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak Etorkinentzako Harrera Bulegoa ezarri du, baina zerbitzu horiez baliatzeko derrizgorrezkoa da erroldatua egotea. Zuzenean edo zeharka, erroldatuta ez dagoen jendea baztertzen da.
Aurreneko lana egoera legala konpontzea da, baita etorkinek etxebizitza duin baterako bidea izatea ere. Etxebizitza gabeziak, jende askok elkarrekin bizi beharra dakar. Horrez gain, garrantzitsua da aisialdi-guneak sortzea. Hala, Gipuzkoako Futbol Federazioak Ekuador eta Kolonbiako kolektibo bati Kontxako Txapelketan parte hartzen utzi dio, ez dugu behar bezala entrenatzeko tokirik, ordea. Gisa horretako gabezia ugari ditugu.
Zenbat ekuadortar bizi dira Donostian?
Donostian 500 bat bizi dira eta Gipuzkoan, berriz, 1.000tik gora. Gipuzkoan den inmigrazioari dagokionez, 4.000 lagunek osatzen dute multzo hori eta %50 egoera irregularrean omen daude. Era horretan, Donostiako kolektibo nagusia Latinoamerikakoa da, eta atzetik Marokokoa du. Gisa berean, Latinoamerikako etorkinentzako bi organizazio daude: Esperanza Latina eta geurea, Ecuador Etxea hain zuzen.
EAEko beste hiri batzuen aldean zein egoeratan dago Donostia?
Aldundiaren eta Udalaren oinarrizko errentaren inguruko laguntzak oso urruti daude errealitate izatetik, izan ere tartean burokrazia eta egiten den analisi partziala daude. Aldeko txostenak gutxitan izaten ditugu eta oztopoak, berriz, sarri askotan.
Nola hobetu daitezke ahulguneak? Ba al da proiekturik abian?
Ecuador Etxean hainbat proposamen egin dizkiegu erakundeei etorkinak gizartean erabat integra daitezen. Egoera ekonomikoa dela-eta gaude hemen, baina gizarteak ere atertazen dio etekina gure presentziari. Hala, etorkin irregularrak erregularizatuz gero, Estatua eta bere populazioa ere onuradun irtengo litzateke. Gainera, egindako azterketek inmigrazioaren beharra azpimarratzen dute, gizartearen zahartzea dela medio.
Azken batean, garrantzitsua da etorkina lan-elementua soilik ez dela jabetzea. Geure kultura eta balioak ditugu, eta horiek gizarteratzea gustatuko litzaiguke ezaupideak, gastronomia, musika eta gisakoak partekatzeko. Horrelakoxe ekimenak jarri behar dira abian.
Zer jardunbide ditu Ekuadortarren Elkarteak?
Duela urtebete osatu genuen elkartea, baina gure Estatutuak orain dela hilabete onartu dira. 70 kide gara eta 100dik gora daude sartzear. Gizartean integratu nahi dugu eta ez dugu bazterturik geratu nahi. Hala, diru-laguntza behar dugu bulego bat izateko eta horren bitartez guri laguntzeko prest dauden etorkin eta bestelakoek informazio- eta lotura-gunea izan dezaten.
Donostiako Plan Estrategikoak inmigrazioaren zein alorretan egin behar luke ahalegina?
Plan Estrategikoa hiri berria aurrerantzean izango denaren azterketa orokorra den aldetik, inmigrazioa bera hobetu beharreko errealitatetzat hartu behar luke.