Elkarrizketak

Donostiak bertako berotasuna aprobetxatu behar du eta irekia egon behar du unibertsora, ezeri ezetz esan gabe

Manuel Cendoya

Miramongo Parke Teknologikoko Zuzendaria

 

Manuel Zendoia Miramongo Parke Teknologikoko Zuzendaria da eta Donostiako Plan Estrategikoaren Zuzendaritza Batzordeko partaidea.

Miramongo Parke Teknologikoak goi-teknologia alorreko enpresei, I+D zentroei eta laborategiei eta zerbitzu aurreratuak dituzten institutuei zuzentzen die bere jarduera. Hiriaren gizarte eta ekonomia garapenaren eragile eta tresna nagusia da. Manuel Zendoiaren ustez Donostian goi mailako jarduera teknologikoak egiten dira eta ilusio, imajinazio, zorroztasun eta lan apur batekin teknologia berrien alorrean, nazioartean, Donostia erreferentea izango da.

- Zein da, zure ustez, Donostiako egungo egoera, teknologia berriei dagokienean?

Nazioarteko abangoardian kokatzeko moduko zientzia eta teknologia jarduerak garatzen dira Donostian: físika, elektrokimika, materialak, multimedia, adimen artifiziala, telematika... dira alorrik nabarmenetako batzuk. Bestalde, eta egungo egoeran, gizarte guztiaren giza eta ekonomia garapenaren bilakaerarako teknologia da alderdirik funtsezkoenetakoa. Gure hiria oso aproposa da ez bakarrik, herritarren esku teknologia berri horiek jartzeko, baizik eta teknologia horiek sortzeko eta garatzeko ere bai.

- Zein dira zure iritziz Donostiako enpresa teknologikoen puntu ahul eta indartsu nagusiak?

Nire ustez, alor hauekin loturiko elementu garrantzitsu asko dugu. Hiri honek (hiria diodanean askotan nire buruan Gipuzkoa osoa dago) unibertsitateak, ospe handiko teknologia zentroak, industria eta enpresa sare garrantzitsua, gaitasun handiko zerbitzu guneak... ditu. Horren guztiaren ondorioz ondo hezitako gazte multzoa dugu, esperientziadun eta Know-howa duten pertsonak ditugu eta jarduera ezberdinak elkar sustatzeko eta elkarren artean harremana sortzeko aukera dugu. Eta horri guztiari gure bizitza kalitatearen eta ingurugiroaren baldintzak eta instituzioak eragiten ari diren azpiegitura eta ekipamenduen maila eransten badizkiogu ondorio modura esan daiteke teknologiarekin loturiko jarduerak garatzeko elementu egoki asko ditugula.

Hain egokiak ez diren beste elementu batzuk ere baditugu, jakina: gure neurria, geografia kokapena eta gizarte eta politika egoera. Baina, nire ustez, hain zuzen ere, horiexek erabili behar ditugu akuilu modura gure imajinazioa eta lanerako gaitasuna suspertzeko. Beraz, hain onak ez diren elementu horiek ( kokapen geografikoa, erabaki zentroen kontzentrazio eza, lur gutxi izatea, imajina...) erabili behar ditugu gure burua hobetzeko.

 

Esate baterako, jarduera batzuk abian jartzeko adinako lurrik ez dugunez edo gure lurraldean zelai gutxi dagoenez, aukeran dugunari ahal den probetxu handiena ateratzen saiatu behar dugu. Horrek eragin positiboa izango du gizartean.

- Garapenerako duen balorea ematen al zaio teknologiari?

Oro har eta testuinguru orokor batean, nire ustez, argi dago teknologia egun giza eta ekonomia garapenerako elementu funtsezkoenetakoa dela. Hori esan eta gero, bertako garapenean ere teknologia funtsezkoa izan daitekeela kontuan hartzea komeni da; hain zuzen ere, gure hiriaren garapenean. Gure gazteek jaso duten heziketaren eta lortutako kalifikazioen araberako lanpostuak dituzten enpresa eta zentroak eduki nahi baditugu behintzat, teknologiaren aldeko apustu sendoa egin beharko dugu denok. Horrek guztiak, adibidez ekidin egingo du gazteak lan bila hiri handiagoetara joan beharra. Beraz, daukagun guztiarekin, bere balorea onartu ondoren, sortu daitekeena kontuan hartuta eta noraino irits gaitezkeen aztertuta tinko jarraitu beharko genuke nazio mailan eta nazioartean lehiatzen, gure hiriarentzako hoberena lortuz.

Donostiak, turismo alorrean duen irudi tradizional eta bizitza kalitateaz gain (XIX. mendearen bukaeran sortua) beste elementu garrantzitsu batzuk ere baditu. Esate baterako, denontzat hain garrantzitsuak eta onuragarriak diren goi-teknologia bezalako alorretan oso garrantzitsua da. Buruan hori sartzeak lan handia ematen digu eta niri horrek askotan pena ematen dit. Teknologiak ekonomia garapena ugaltzen du eta ekonomia garapenak aldi berean lanpostu eta aberastasun gehiago sortzea dakar.

- Donostian, zein proiektu jarri da abian azkeneko urteetan?

Egun, gure hiriko ikerketa zentro ezberdinak oso proiektu aurreratuetan ari dira lanean. Esate baterako, Miramongo Parke Teknologikoan egiten ari garen lana handia da, egun munduko abangoardian kokatuta dauden proiektuak garatzen ari gara.

Horietako bat Europako Espazio Agentziarekin eta London Symphony Orchestrarekin batera egiten ari gara. Espazio Agentziaren satelite konstelazioa erabiltzen ari gara txirula eta fagot klase magistralak Londres eta Donostia artean modu esperimentalean emateko. Adimen artifizialaren eta robotikaren alorretako munduko buru den MITeko (Massachusettseko Teknologia Institutua) AILab-erekin eta bere zuzendariarekin, Rod Brooksekin Mirela robotaren garapenean ari gara lanean orain dela lau urtetik. Zientzialari honi Etxe Zuriak Dorre Bikien atentatua gertatu eta ordubetera deitu zion bere robotak Zero Gunera eraman zitzakeen kontsultatzeko. Gainera, iragan ekainean Parkean hitzaldi bat eman zuen. Bestalde, Vienako Arte Ederretako Institutuarekin eta Alemaniako Fraunhofer-ekin lanean ari gara errealitate mistoan arte espresio berriak egiteko aukera emango duen plataforma teknologiko interaktiboa sortzeko. Eta Amsterdameko Free Universityrekin eta Norvegiako SINTEFekin etorkizuneko interneta eta semantic web izenarekin ezagutzen dena sortzen ari gara. Gipuzkoako lau unibertsitateetako (EHU, Nafarroakoa, Deusto eta Arrasate) ikaslerik nabarmenak proiektu hauetan parte hartzera gonbidatzen ditugu beren doktore-tesiak eta karrera bukaerako proiektuak egin ditzaten.

 

Paris eta Donostia artean mediku ebaketak ere egin dira zuzenean. Bach-en "Pasioa San Joanen arabera" obraren lehen emankizuna zuzenean Internet bidez Miramonen Bonneko Unibertsitateko Koruarekin eta Orkestrarekin egin genuen kontzertuan gauzatu zen. Eta 2001eko San Joan gauean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egin genuen kontzertuak mundu mailako berrikuntza bat izan zuen. Hain zuzen ere, orkestrako musikariak batera jotzen ari ziren baina kilometro asko zeuden tartean batetik bestera. Zuntz optikoa zen beren lotura eta denbora errealean iristen zen publikora imajina eta soinua. Suitzako Omega edo Alemaniako BMW bezalako etxe ospetsu batzuk beren prototipoak aurkeztera etorri dira. Biologia molekurrarekin eta biomedizinarekin lan egiten duten Espainiako talde nagusienetako batzuk Miramonen hasi dira lanean.

Donostia aldean abian jarrita dauden proiektuek eta ikerketa zentroek nazioartean duten mailaz jabetzea interesgarria litzatekeela uste dut.

- EAEko, Espainiako edo Europar Batasuneko herrialdeekin alderatuz, zein da Donostiako egoera?

Guk ditugun baldintzekin, Donostiak aukera badu teknologia berrien alorrean gero eta leku garrantzitsuagoa izateko. Miramongo Parke Teknologikoan mundu mailan ospetsuenak diren ikerketa zentro batzuk ezartzeak garbi uzten du egun Donostia aukeratzea aukera ona dela mundu mailako teknologia alorrean. Hirien arteko lehia izugarria dela egia da, baina niri, horretan sinisten baitut, beti mezu baikorra ematea gustatzen zait, errealitatea alde batera utzi gabe, jakina: gure neurri eta aukerak kontuan hartu behar ditugu, gure potentzialtasunari ez diogu uko egin behar.

- Zein izan daiteke Donostia besteetatik bereizten duen alderdia?

Nire aburuz, eta beste alor batzuk alde batera utzi gabe, gure hiriko jarduera teknologikoa materialetan, biomedizinan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarrituko da. Hau esan ondoren, nire ustez Donostiak bi osagaien nahasketa aprobetxatu beharko luke: bertako gauzen baloreaz eta bertako berotasunez ahaztu gabe, irekita egon behar du unibertsora eta bere handitasunera, ezeri uko egin gabe. Egungo une historikoak aukeraz betetako mundua aurkezten digu. Munduan apur bat ibiltzerik besterik ez dago eta mundura irekitzerik besterik ez dago gurea bezalako hiri batek aprobetxa ditzakeen potentzialtasunei buruzko ikuspegia izateko

- Zein alderdi dira beharrezkoak teknología berrien alorrean hiri abangoardista izaten jarraitzeko?

- Alde batetik, ilusioa, imajinazioa, zorroztasuna eta lana. Nire ustez, hori da zerbait serioa egiteko oinarria. Horrelaxe gauzatu zen Donostiaren transformazioa XIX. mendean, horrelaxe lortu da Zine Jaialdia munduko 5 zine jaialdi garrantzitsuenetako bat izatea. Beste alde batetik, nire ustez hiri guztiak jabetu beharko luke Donostia lehen mailako hiri erreferente bihur daitekeela teknologia alorrean eta teknologiak modu askotara hiritar guztiei onura ekar diezagukeela. Zerbaitetan ondo kokatuta gaudela konturatzen garenean, gure burua hobetu nahi dugu, estrategia bat zehazten dugu, egitarauak antolatzen ditugu eta jarduera mekanismoak zehazten ditugu aktore garrantzitsu guztien parte hartzearekin. Erronkak arrakastaz gainditzeko, hori guztia oso ona litzatekeela uste dut.

- Donostiak badu RRHH-ari eusteko gaitasuna?

Horrekin esan nahi baduzu ea Donostiak baduen gaitasuna gure unibertsitateetatik ateratzen diren gazteei bertan geldiarazteko, logikoa da esatea ondoen hezita dauden gazteen ahalmenera egokitutako lanpostuak dituzten zenbat eta enpresa eta ikerketa zentro gehiago izan orduan eta gaitasun handiagoa izango dugula bertan geldiarazteko eta Donostia aldean bizi eta gara daitezen aukerak emateko.

- Enpresa teknologikoarekin lotutako zein alderdi sendotu beharko luke Plan Estrategikoak?

Aukera handiak ditugu aprobetxatzeko modukoak. Gainditu beharreko ahultasunak eta arazoak ere baditugu, jakina. Hiri guztiek dituzte. Hala ere, egun Plan Estrategikoan gauzatzen ari den bezalaxe, lurralde bakoitzak ikusi behar du zein elementu dituen, zein eginkizun bete behar duen eta zein bete dezakeen, falta zaiona aztertu behar du, bere puntu ahulak zein diren, bere buruarekin fedea izan behar du, hausnarketa eta analisi prozesuak finkatu behar ditu, adostasuna, ilusioa… sortu behar ditu. Hortik aterako dira gure etorkizuna orientatu eta zuzenduko duten jarraibideak, zehazki esateko, gure etorkizuna sortzeko jarraibideak.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak