Elkarrizketak

"Donostian zahartu nahi dut, baina hiria gazte mantentzea gustatuko litzaidake"

Aimar Insausti

UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzako kidea

UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle-ikertzailea da Aimar Insausti, eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzako kidea. "Hainbat urtez atzerrian bizi ondoren, argi daukat hiri honetan bizitzea gustatzen zaidala”, azpimarratu du. Donostiako Gizarte Kontseiluaren Batzorde Iraunkorreko kidea ere bada. 

Hain aldakorra den gizartean sortzen diren beharrei erantzuten die Unibertsitateak?

Unibertsitatea jakintza sortzen eta gizartera zabaltzen duen erakundea izanik, gizartearen beharrei erantzutea gure helburuen erdigunean egon behar da beti. Horren adibide dira azken urteetan garrantzia handia hartu duten gaiak, adibidez, aldaketa klimatikoa, gizarteko ezberdintasunak edo gobernantza partekatua. Gai hauek bereziki lantzen ditugu gure unibertsitatean, ikerkuntza proiektuak bultzatuz edo ikasketetan edukiak txertatuz. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatea beti izan da euskararen balioa eta erabilera indartu duen erakundea, eta alde horretatik, UPV/EHUk Donostian duen eragina oso positiboa dela uste dut.

Zeintzuk dira Unibertsitateak egun Donostian dituen hiru erronka nagusiak?

Zuzenean Donostiari begira, erronka nagusiena ikasleentzat ostatu egokiak lortzea da. Euskal Herriko Unibertsitatea zerbitzu publikoa denez, unibertsitate mailako ikasketetarako eskubidea bermatu nahi dugu, ikaslearen egoera ekonomikoa edozein dela ere. Matrikularen zenbatekoan, diru publikoari esker, hau lortzen dela ikusten dugu, baina Donostia kanpotik datozen ikasleentzat bizitoki duina lortzea arazo ekonomikoa bihurtu da. Horregatik, ikasleentzat dauden ostatu-aukerak zabaltzeko lanean ari gara.

Beste bi erronkak belaunaldiarteko erreleboan laguntzea eta hiri zientifikoa indartzea izango lirateke. Bi kasuetan, unibertsitateak eskaintzen duen formakuntza eta egiten duen ikerkuntza erabakigarriak direla uste dut.

Nola ikusten duzu hiria ikuspegi pertsonal eta profesionaletik?

Profesionalki, Donostian sortu den ekosistema zientifikoa oso positiboa dela uste dut. Euskal Herriko Unibertsitatea hiriko ikerkuntza zentro guztiekin erlazionatuta dago modu batean edo bestean, eta horrek aukera paregabeak sortzen dizkigu goi mailako ikerkuntza sustatzeko. Maila pertsonalean, pena ematen dit hiria geroz eta gehiago kanpotarrei begira dagoela ikusteak. Pixkanaka, herritarrentzat eremuak galtzen ari garela sentitzen dut.

Eta zein alderdi hobetuko zenituzke?

Hartzen diren erabakiak Donostian bizi nahi duten gazteei begira hartzea eskatuko nuke. Erraztasunak ematen badizkiegu, hiriaren etorkizuna bermatuko genuke. Nik neuk Donostian zahartu nahi dut, baina hiria gazte mantentzea gustatuko litzaidake.

Nabarmendu nahi duzun beste punturen bat?

Donostiako Gizarte Kontseilua erronka guzti hauetan ahal den moduan lagungarri izatea saiatuko gara.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak