"Etapa berri bati ekingo diot, bide luzea dut egiteko"
Adnane Bentarhliak 29 urte ditu eta Oujdan jaio zen, Marokon. Donostiara 2021ean iritsi zen, etorkizun hobe baten bila. Bidea ez da erraza izan. Bere esperientzia eta gogoetak partekatuko ditugu jarraian, Donostiako Gizarte Kontseiluko Etxerik Gabeko Pertsonen lantaldeak egindako lanaren testuinguruan.
Has gaitezen hasieratik: nolakoa zen zure bizitza Marokon?
Oujdan jaio nintzen, Aljeriako mugatik gertu dagoen milioi erdi biztanleko hirian. 2013an, 18 urterekin, lanbide-heziketa egin nuen aluminio-instalazioetan eta, ondoren, praktikak egin nituen enpresa berean hasi nintzen lanean. Hainbat urtez aritu nintzen han, nire egoera hobetzeko ahalegin handia eginez, baina oso gutxi kobratzen nuen eta ez nuen Gizarte Segurantzan kotizatzen. Kosta egiten zitzaidan aurreztea. Batzuetan Espainiara emigratzea pentsatzen nuen, baina lanean ari nintzenez, zaila egiten zitzaidan erabakia hartzea. Koronabirusa iritsi zenean, ordea, egoerak okerrera egin zuen, eta senideei nire asmoen berri eman nien. Ama harritu egin zen, baina ondo ulertu zuen nire egoera hobetzea nuela helburu.
Eta nola iritsi zinen Donostiara?
2021eko otsailean, Murtziako herri txiki batera iritsi nintzen, eta gero Bartzelonara joan nintzen, lana bilatzera. Marokotik bakarrik etorri nintzen, eta Espainian ez nuen inor ezagutzen. Nire helburua lana bilatzea zen. Donostian lana zegoela esan zidan pertsona batek, eta urte bereko ekainean iritsi nintzen hona. Baina iritsi nintzenean, pertsona horrek ez zuen nirekin ezer jakin nahi izan eta bakarrik utzi ninduen. Kalean geratu nintzen.
Hor hasi zen nire sufrimendua. Ez nuen inor ezagutzen, eta nire egoera berean zeuden pertsonekin hitz egitea zaila egiten zitzaidan. Dirurik gabe, hemen geratu behar izan nuen, eta hutsetik hasi.
Nolakoa izan zen kalean bizitzea?
Oso gogorra. Kalean bizi izan ez denak ez du ulertzen zein zaila den nora joan ez izatea. Gauza asko jasan behar izan nituen. Ez dut gustuko horretaz hitz egitea, baina asko sufritu dut, ez bainaiz harrizkoa. Bakarrik nengoenean, lur jota sentitzen nintzen, baina gero nire bidea jarraitzen nuen.
Inoiz pentsatu zenuen Marokora itzultzea?
Bai, baina ez zen aukera bat. Ondasun guztiak saldu nituen hona etortzeko, beraz, han ere hutsetik hasi beharko nintzen. Horregatik, hemen geratzea eta nire helburua lortzeko borrokatzea erabaki nuen.
Argi zenuen hizkuntza ikasi nahi zenuela, ezta?
Bai. Marokon arabiera hitz egiten dugu, eta frantses pixka bat ikasi nuen arren, ez dut menperatzen. Horregatik, Frantziara joatea ez da sekula nire asmoa izan. Espainiara iritsi nintzenean, 2021eko otsailean, ez nuen hizkuntza ulertzen, eta hori oztopo bihurtu zen komunikatzeko. Gurutze Gorriaren berri izan nuen, baina ez nuen laguntza eskatu nahi, nire egoera bi edo hiru hilabetean konponduko zela uste nuelako. Baina kalean jarraitzen nuen, eta EPAren eta Gurutze Gorriaren gaztelania eskoletara joaten hasi nintzen hizkuntza ikasteko.
Lanbiden ikastaro bat egin nahi nuen, baina erroldatuta egon behar nuen. 2022an lortu nuen errolda. Kalean bizi nintzenez, elkarteetara joaten nintzen nire oinarrizko beharrak asetzeko, eta gaztelania ikasten jarraitu nuen. Ondoren, ibilgailuen oinarrizko mekanika ikastaro bat egitea lortu nuen, eta geroztik ez diot ikasteari utzi: 13 ikastaro egin ditut guztira, horietatik bi profesionaltasun-ziurtagiriak dira, beti izan baitut argi modu legalean lan egin nahi dudala.
2022ko ekainean, Gurutze Gorriaren bidez, Harrera Programako plaza bat eskaini zidaten Pasaiako etxebizitza batean; argi ikusi nuen eta onartu egin nuen.
Eta nola zaude etxebizitzan?
Oso ondo! Ondo lo egitea eta ikastera joan aurretik dutxatzea zoragarria iruditzen zait. Bereziki, neguan. Heziketa-taldeak behar nuen guztian lagundu zidan aurrera egiteko. Ikastaroak egin behar nituen eta hizkuntza ikasten jarraitu. Pisuan sartu aurretik, hotz handia pasatu nuen, baina ez nintzen aterpetxeetara joaten urrun zeudelako eta batzuetan ez zegoelako lekurik. Oinez mugitzen nintzen Astigarragara, Hernanira, Donostiara…
Harremana izan duzu egoera berean zeuden pertsonekin?
Ez gehiegi. Pertsona lasaia naiz, eta egoera zailetan pertsona batzuek gatazkak sortzen dituzte. Nahiago nuen bakarrik egon, lasai jan eta lo egiteko. Lagun gutxi egin ditut, baina oso onak.
Zure familiarekin harremana mantendu al duzu?
Bai, telefono bidez hitz egiten genuen. Baina ez nien nire egoera kontatzen kezkatu ez zitezen. Banekien nire amak ez zuela lorik egingo egia jakingo balu.
Eta orain, badakite hobeto zaudela?
Bai, egoitza-baimena lortu nuenean, Marokora joan nintzen haiek bisitatzera. Urte askoren ondoren, izugarria izan zen berriz haiekin egotea. Gerora, lan-baimena lortu dut, eta orain dena kontatzen diet: ikasten jarraitzen dudala eta laster enpresa batean lanean hasiko naizela.
Eta bukatzeko, nola zaude orain?
Pozik nago. Hemen geratu nahi nuke. Ez dut beste inora joan nahi. Orain lana daukat eta buruaskia naiz, etapa berri bati ekingo diot, bide luzea dut egiteko. Prest nago nire formakuntza zabaldu eta hobetzen jarraitzeko.