nanoGUNE -txikia handia egiten den lekua
Donostia, nanozientzia eta nanotekonologiaren puntako ikerketa ere bada. Ez da kasualitatea. Etorkizuneko apustu ausartari erantzuten dion errealitatea da eta denboran zehar mantendu beharrekoa. Gure gizarteak, bere instituzioen bitartez, argi eduki du Euskadiren garapena berrikuntzaren eskutik joan behar dela eta bide hori jarraitzearen alde egin du zalantzarik gabe. Donostia, hiru unibertsitate-campusekin, ikerkuntza zentro ugariekin eta teknologia oinarri duten enpresen mintegia den parke teknologiko batekin, nazioartean zientzia, teknologia eta berrikuntzaren hiri bezala nabarmentzeko potentzial izugarria du.
Nanozientzia zein nanoteknologiaren inguruko aurrerapenek, gaur egun gure gizartearen garapenean leku nabarmena dute. Nanozientzia eta nanoteknologia hitzak geroz eta gehiago topatzen baditugu ere, termino hauek oraindik garapen teknologiko aurreratuekin lotzen dira, egunerokoan gure eskuetatik edo gure arlo industrialetik kanpo geratzen direnak. Errealitatetik oso urrun! Nanoteknologia erabiliz materialak gogorragoak, arinagoak, erreaktiboagoak edo gidari hobeagoak izatea lortzen dugu. Nanoteknologia gure bizitzan dago, jada. Ordenagailu azkarragoak erabiltzen ditugu, txikiagoak eta eraginkorragoak, geroz eta energia gutxiago erabiltzen dituztenak eta diagnostiko mediko zehatzagoak eta funtzionalagoak eskaintzen dituzten ekipoak ere ditugu. Hori guztia nanoteknologiari esker. Hauek dira nanoteknologiak gure alde egin dezakenaren edo egingo ahal duenaren zenbait adibide bakarrik.
2009. urtean hasi ginenetik, nanozientizan eta nanoteknologian lehen mailako ikerkuntza zentro eta industria arloko zein garapen esperimentaleko ekintza zehatzak bateratzen dituen azpiegitura baten alde gogor egin dugu lan nanoGUNEn, bidean agertzen zaizkigun aukerak aprobetxatzeko asmoz. Hamar urte hauetan, lan-talde sendoa garatzea lortu dugu, mundu osoko 25 herrialdetako ikertzaileekin eta profesionalez osatuta, batez ere ikertzaileen taldearen euskarri direnak. Horiek ere enpresei zein Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari zerbitzuak eskaintzen dizkiete eta, gainera, oinarri teknologikoko bost enpresa sortu ditugu, Euskadin eta mundu osoan nanoteknologiaren garapenaren alde egiteko.
Euskadik ohitura industrial sendoa du, Europan erreferentzia baita. Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan eta bere Adimen Espezializazioan, Ikerkuntza eta Berrikuntza Estrategian (RIS3 siglak ingelesez), fabrikazio aurreratua, energia eta osasunaren aldeko lana burutzen da. Estrategia honen zabalkuntzak tresna egokiak ditu. Horien adibide dira, SPRI-k, Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietateak, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Berrikuntza Zentroek bultzatutako kluster politikak. Testuinguru honetan, sektore industrial ezberdinetan nanoteknologia zeharka gaineratzearen alde egiten du nanoGUNEak: osasuna, elektronika, elikadura, automozioa, aeronautika, ehungintza, material berriak eta bioplastikoak. Erronka nagusia orain, orainaldian ditugun beharrak asetzen dituen eta etorkizuneko lehiakortasuna bermatzen duen kolaborazio arina bermatzea da.
Beste erronka garrantzitsu bat, José Miguel Ayerzak berak blog honetan aipatzen duena da: talentua erakarri eta mantendu. Donostian, dagoeneko, zientzia eta teknologiaren arloan 5.000 profesional inguru daude lanean. Zifra hau hurrengo hamarkadan handituz joan beharko luke. Izan ere, unibertsitatean, ikerkuntza zentroetan eta zentro teknologikoetan lan egiten dutenak, gure enpresetara sartzen direnekin bat egin beharko lukete hauek prozesu industrial berritzaile baten alde egiten duten heinean.
Zientzia eta teknologia alor ezberdinetako eta zeharkako gaitasunak dituen profesional onez betetako harrobia behar dugu, gure industria sarearen beharrak asetzeko gaitasuna duena. Era berean, zientzia eta teknologia zentro neuralgikoetatik datorren nazioarteko talentua erakarri behar dugu. Zer egin behar dugu gure profesionalak bertan geratzeko eta kanpokoak erakartzeko edo behintzat joaten direnak datozenak baino gehiago ez izateko? Etorkizuneko ikuspegia, gure estrategietan irmotasuna eta gure promesetan sinesgarritasuna eskaini beharko dugu. Era berean, Donostiako bizi kalitatea Europako hiri erakargarrienek dutenarekin alderatu ahal izatea bermatu beharko dugu, osasun-zerbitzu eta hezkuntza zentro egokiekin eta kirol zein kultura eskaintza onarekin, bizitza publikoan parte-hartzea sustatzen duten integrazio sistemekin, eta etxebizitzarako sarbide duin batekin.
Aitzindariak izateko gure ahalegin horretan, mundu berriak ezagutzeko, nanozientziak eta nanoteknologiak eskaintzen dizkiguten nitxo zehatzak arakatzeko lehenak izateko, etorkizun ezezagun eta imajinaezina duten bideak aztertuz jarraitu behar dugu. Hor egon behar gara, lehen ilaran. Gurea, nanoGUNE, zentro txikia da herrialde txiki batean; gurea, Donostia, hiri txikia da mundu globalizatuan. Dena den, zerbait berria eskaini dezakegun nitxoak aurkitu ditzazkegulaz konbentzituta, berrikuntza bilatzen jarraitu behar dugu. Hori da txikiaren erronka handia.
Zein da zure iritzia?
Ondorengo inprimakia bete eta komentatu post hau: