Kulturaren eraldaketa Tabakaleraren bidez
Donostiak lotura berezia du kulturarekin, eta bere kultur eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea ez da oso ohikoa bere tamainako hiri batentzat. Musika Hamabostaldia, Zinemaldia edo Jazzaldia bezalako jaialdi historikoak, donostiarren bizitza kulturala tradizioz markatzen dutenak, hainbat une historikoren zein hiriak kulturaren bidez jarrera estrategikoak hartzeko hartutako erabakiaren emaitza dira, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren kasuan bezala. Hau da, Donostiak kultura hiri-estrategiaren elementu gisa erabiltzeko eta erronka berriei aurre egiteko ohitura badu. Donostiak kulturaren eta sorkuntzaren bidez hiri bezala kokatze egokia lortzeko duen apustu horretan, Tabakalera dago zalantzarik gabe.
Kulturak, hiriak une honetan lantzen ari duen 2030eko Estrategian lekua ere badu. Horregatik, Tabakaleran hainbat galdera egin behar dizkiogu gure buruari: kultura nola eraldatzen ari den, zer ekarpen egin diezaiokeen horrek hiriari, eta zer behar duen inpaktu hori benetakoa izan dadin.
Kultura eta sorkuntza etengabe eraldatzen ari diren bi esparru dira, eta are gehiago digitala sartu zenetik. Eraldaketa horrek ia amaigabea den eskaintza ekarri du, uneoro edonon eskuragarri dagoena, baina, aldi berean, kulturaren kontsumoa gero eta etxetiarragoa, banakakoa eta leunagoa ere bada, baita pasiboagoa ere. Azken batean, kontsumo horrek ez luke ordezkatu behar parte-hartze aktiboa eta kulturarako sarbidea, jarduera komunitario eta elkarrizketa-eremu publiko gisa.
Hor eragin behar dute kultura-erakundeek. Kulturaren eta sorkuntzaren alorreko eraldaketetatik oso gertu egon behar dugu, eta bikaintasunezko kultur programa bat eskaini. Hala ere, bikaintasun hori, eskaintzen dugun eduki edo programa bakoitzaren kalitatean ez ezik, hiriak dituen komunitateekin duen loturan eta, batez ere, testuinguru artistikoa bizirik mantentzeko duen trebetasunean ere oinarritzen da.
Gure publikoekin eta gure komunitate artistikoarekin oso gertutik lan eginez bakarrik lortuko dugu kulturaren funtsezko helburuetako bat: gure errealitatearen lanketa sinboliko, etengabea eta partekatua, gizartea eraldatzen eta herritarrak garatzen lagunduko duena. Kulturan lan egiten dugunok kulturarako sarbide unibertsala bermatzetik harago joan behar dugu, eta tresnak eskaini behar ditugu herritarrek sorkuntzaz gozatu, kritikoki informatu edo beren sormen gaitasunak garatu ahal izan ditzaten.
Tabakalerak hemen jarri behar du bere arreta, era guztietako publikoa erakartzeko programazio anitza eskainiz. Helburua ez da soilik pertsona asko erakar ditzaketen proiektu artistiko handiak antolatzea eta, horrela, artearekiko interesa piztea. Komunitate desberdinei arreta eskaintzea ere bada kontua, eta gauza berrietan sakondu eta erakutsi ditzaketen beste batzuk sortzea. Gure lanak pertsona guztiak gonbidatu behar ditu sortzera, miatzera, esperimentatzera eta lankidetzan aritzera, parte hartzera, komunitate sortzaileetako eta hainbat proiektutako partaide izatera. Tabakalera, topaketarako, elkarrizketarako eta elkarrekin sortzeko lekua izaten jarrai dezan. Ondorengoak dira nahiko berriak iruditzen zaizkigun eta bereziki zaindu behar ditugun elementuak: publiko gero eta anitzagoak, komunitate desberdinetan antolatuak, eta parte-hartze aktiboarekiko interesa.
Aldi berean, gure jarduera gizarte garaikideen erronka handiekiko sentibera izan behar du, eta unean uneko abangoardiako korronteekin lotuta egon behar du. Gai horiek sortzeko gure modua, sorkuntzaren, arte-erakusketen eta zinemaren bidez da, esperientziaren, esperientzia sentsorial eta estetikoaren bidez hausnarketak eta galderak sortzen baitituzte.
Erakusketak ekoizteaz eta sorkuntza ikusarazteaz gain, gure inguruko sormen sektorearekin harreman etengabea eta arina izan behar dugu. Sorkuntza prozesuei bultzada eman behar diegu, laguntza eta baliabideen bidez, baina ideia eta proiektuen ongarritze gurutzaturako laborategi ere izan behar dugu. Komunitate artistikoan inpaktua bilatzeaz gain, haren lan- eta bizi-baldintzak hobetzen saiatzeaz gain, sorkuntzak gizartean duen inpaktua ere lortu nahi dugu, sormen-sektorerako aukerak irekiz (eta ikusaraziz), beste sektore ekonomikoekin trukaketak bultzatuz.
Horrekin guztiarekin, Donostia, bikaintasunezko kultur eskaintza handia duen hiria izateaz gain, herritar trebatuak, kritikoak, informatuak eta gure garaiko eztabaida handietan parte hartu ahal izateko lekua izan dadin lagundu nahi dugu. Ezagutza eta gaitasun ezberdinak arakatu eta garatu ahal izango duen hiritartasuna, hain zuzen ere.
Horrek, gainera, Donostia kulturaren sortzaileak eta profesionalak erakartzen dituen hiria izan dadin lagundu beharko luke. Beste sektore batzuetan baino lanbide-kualifikazio handiagoa eta batez besteko adina txikiagoa duten pertsonak dira, nazioartean esperientzia dutenak, eta gizarteari ekarpen handia egin behar diotenak.
Alderdi horiek guztiek pertsonengan eta hiriaren garapenean eragina izatea bilatzen dute, eta 2030eko Donostiari buruz hitz egiten ari garenez, interesgarria izan daiteke Nazio Batuen Erakundearen 2030eko Agendak kulturaren inguruan planteatzen duena gogoratzea.
"Kultura nor garen eta gure nortasuna osatzen duena da. Garapena ezin da jasangarria izan kultura barne hartu gabe " izenburupean, NBEk kultura bera bere Agenda 2030ean eta Garapen Iraunkorreko Helburuetan (GJH) sartu du zehazki. Tamalez, kulturan soilik oinarritzen den helbururik ez dagoen arren, lehen aldiz nazioarteko agenda batean kontuan hartu da kulturak gizartean duen eragina, hiri-eremuan atentzio berezia ezarriz gainera. NBEren dokumentuak aitortzen du "kultura babestea eta sustatzea, helburu gisa, eta, aldi berean, GJH asko lortzen zuzenean laguntzeko bitartekoak: hiri seguru eta iraunkorrak lortzea, hazkunde ekonomikoa eta lan duina sustatzea, desberdintasuna murriztea, ingurumenaren narriadura geldiaraztea, genero-berdintasuna lortzea eta gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzea. Kulturak sortutako zeharkako onurek metatze-efektua dute, GJHak lortzera bideratutako kultura oinarri bezala duten ekintza eraginkorrei esker."
Aintzatespen horren arrazoia, azkenik, garapenaren kontzeptua bera hazkunde ekonomikotik haratago joatea eta hiri hobeagoa lortzen laguntzen duten beste balio batzuk sartzea da eta, zalantzarik gabe, bertan ekarpen handia egin behar dugu.
Zein da zure iritzia?
Ondorengo inprimakia bete eta komentatu post hau: