Irisgarritasuna sustatzen duen Legea (abenduaren 4ko 20/1997) onartu zenetik hogei urte baino gehiago igaro diren arren, oraindik ere pertsona asko dira produktu, ondasun, ingurune eta zerbitzu askotarako irispidea izateko oinarrizko eskubidea egikaritzerik ez dutenak, egunero sortzen dira diskriminazio eta bazterketa egoerak, eta horrek urrun kokatzen gaitu hiri bete-betean inklusiboa izatetik.
Adibide ugari aipa genitzake gaur egun irisgarritasun unibertsalaren inguruan dauden gabeziak egiaztatzeko. Etxebizitzaren esparruan, esaterako, Etxegintzak Donostiako Etxebizitza Plana prestatzeko egin duen diagnostikoak adierazten duenez, hirian igogailurik gabeko 1.623 eraikin kolektibo daude eta horietan 29.045 pertsona bizi dira, horietatik 5.034 pertsona 65 urtetik gorakoak (hiriko biztanleen % 2,7). Era berean, adibide asko eman litezke garraioa, eraikuntza, merkataritza erabilerako establezimenduak, teknologia eta turismo baliabideak bezalako askotariko esparruetan, non ez baitira bermatzen behar diren bezalako irisgarritasun baldintzak. Horren ondorioz, biztanle askori eragozten zaie komunitatearen baliabideak eskuratzeko eta gozatzeko aukera, eta horrek desparekotasun egoerak sortzen ditu.
Egiaztatutako datu edo esperientzietatik haratago, alabaina, kezkagarria da instituzioek behar besteko konpromisoa ez hartzea irisgarritasun unibertsala herritar guztien eskubide gisa erabakitasunez defendatzeko. Izan ere, horrela sortzen den errealitatean bata bestearen ondotik etortzen dira aurrerapenak, baina ezagumendu zabala duen oinarrizko eskubide hori osoki eta eraginkortasunez betetzea ahalbidetuko lukeen jauzi kuantitatiboa ez da egiten.
Egoera hori funtsezko bi faktoretan islatzen da. Alde batetik, irisgarritasun unibertsala neurri txikian hartzea hiriarentzat izaera estrategikoa duten proiektuak diseinatzerakoan kontuan izan beharreko funtsezko elementutzat. Hortaz, ez da betetzen diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren printzipioa. Izan ere, pertsona guztien berdintasunaren, inklusioaren eta oinarrizko eskubidearen izenean, ezin da onartu eta ez da onartu behar pertsona guztiek eskura izateko eta gozatzeko aukera bermatzen ez duen proiekturik edo jarduketarik diseinatzea, haien maila dena dela ere. Beraz, proiektuek irisgarriak behar dute izan, edo, bestela ez dira halakotzat hartu behar.
Bestalde, gabezia larria dago desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeek irisgarritasun unibertsala sustatzeko politikak diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen parte hartzeari dagokionez. Aholku kontseiluetan parte hartzean edo garrantzi handiagoko edo txikiagoko parte hartzeko prozesuetan izatean oinarritutako bide tradizionalez haratago, ezinbestekoa da esparru instituzionaletik bultzatzea hirugarren sektore sozialak benetan eta eraginkortasunez parte har dezan irisgarritasun unibertsala sustatzera bideratutako politikak eta ekintza ildoak diseinatzen, gauzatzen, horien jarraipena egiten eta ebaluatzen. Horretan sakondu beharra dago, gaur egun ezagututa dauden eskubideak bultzatzen dituzten erakundeak baitira, eta ahalmena baitute jakintza teknikoa, irisgarritasuna sustatzeko esperientzia eta eskuratu ezin diren eta, hortaz, bazterketa sortzen duten produktu, ondasun, ingurune eta zerbitzuak izatea gogorrago jasan ohi duen biztanleriaren zati baten ordezkagarritasuna batzeko.
Eta behar-beharrezkoa izanik esparru instituzionaletik ikusmolde inklusibo garbia duten neurriak eta proiektuak bultzatzea, norabide berean bideratzen den gizarte baten esparruan egin behar da hori, hots, aniztasunarekiko jarrera irekia duen gizarte batean, berdintasun printzipioaren aldeko apustua eginez gizabidezko beligerantziatik aurre egiteko kalteberatasun egoera larrienean dauden pertsonen gizarte bazterketako egoerei. Eta gizartea transformatzeko lan hori Donostiako gizartea osatzen duten eragile guztien arteko lankidetzatik besterik ezin izango da egin, horien guztien erantzukizuna baita, inongo zalantzarik gabe, herritar guztiei ezagututako oinarrizko eskubideen eraginkortasunean aurrera egitea.
Azken batean, Donostiak garrantzizko esparru askotan proiekta dezake benetako ikusmolde inklusiboa, bertan bizi diren pertsonen eta, turismo erreferente denez, bisitatzen dutenen aukera berdintasuna bermatuko duen hiria eraikitzeko konpromiso egiazkoa eta eraginkorra duela erakusteko. Eta 2030 Estrategia prestatzea aukera paregabea izan daiteke, inklusioaren zeharkako eta dimentsio anitzeko ikusmoldearen bitartez, Donostia desparekotasuna desagerraraztearen eta justizia eta ekitate sozialean oinarritutako gizartea sustatzearen aldeko apustua egiten duten hirien abangoardian kokatzea ahalbidetuko duten ildoak, proiektuak eta ikusmoldeak txertatzeko.
elkartu (Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea)
Iruzkinak
Estoy totalmente de acuerdo . Hay comercios, servicios, etc que no tienen accesibilidad y algunos son muuuy recientes.