Bioteknologia: XXI. menderako apustu ekonomiko bat. “Ezagutu, fidatu eta nahi izan”
Badira bost urte Angel Gurríak, OCDE, Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) zuzendari nagusiak adierazi zuela beharrezkoa zela ekoizpen eredua aldatu eta ezagutzaren edo neuronaren ekonomiaren aldeko apostua egitea, ezagutza erabilgarria sortzea oinarri hartuta. Haustura teknologikoa lan- zein ekonomia-aukerak eraldatzen ari da eta ziztu bizian doa aurrerantz, ez dago moldatzeko astirik eta bada egoera oso onuragarrian dagoen hainbat eragile. Ba al dago zerbait egiterik hor egon eta norgehiagokan esku hartzeko? Erantzuna baietz da, baina, Gurríak ohartarazi bezala, ekintza bizia eta berehalakoa izan behar da.
Haustura teknologikoa teknologia konputazionalek, ezagutza-zientziek eta biozientziek bat egitetik dator, nanoteknologia bezalako tresnen sorrerari esker. Ezagutzaren alor horiek berak eta ekonomian nola aplika daitezkeen gatazka-gaia dira Txina eta Ameriketako Estatu Batuen artean. Txinak ikerketa eta garapenerako egindako inbertsioa erritmo jarraituan hazi da azken hamarkadan, munduko handiena bihurtu arte. “Mila talentu” ekimena sustatu du AEBetara emigratutako adimena berreskuratzeko. Horrek Trump Gobernua ohartarazi du eta, informazio zientifiko estrategikoa lapurtzeko espioitzan ariko ote direnaren aitzakiarekin, plan horri heldu nahi dion oro iker dezala agindu dio FBIari, eta Txinara itzultzeko ideian atzera eginarazi diezaiotela. Gaiak duen garrantziaren zantzua da hori.
Geneekiko terapiak argi eta garbi azaltzen du egoera. Mende honen hastapenetan giza genoma sekuentziatu izanak ateak ireki zizkion terapia mota horri, arrazonamendu oso sinple bati erantzunez: eritasun baten eragile den mutatutako genea zein den jakiterik badago, zergatik ez osasuntsua den batengatik ordeztu, segurtasunez egin daitekeen prozesua bada. Hamar segundutan irakur daitekeen esaldi hori errealitate bihurtzeko urte luzez egin dira ikerketak. Baina errealitatea da. Dagoeneko sendagai genikoak merkatuan daude eta entsegu klinikoak ugaritzen ari dira egunez egun. Merkatua irakiten dago. Onkohematologia da munduko industria bioteknologiko gehienen interesa pizten duena; interes berezia dute leuzemia- edo linfoma- mota hain gaiztoak dituzten non horiengatik ez balitz hilko liratekeen pertsonen %75a sendatzeko gai diren geneekiko terapia estrategikoekiko; CAR-Ts delakoekiko, esaterako. Advanced Regenerative Medicine delakoaren txostenak 2018ko bilioitan zenbatzen diren inbertsioak, batasun estrategikoak, fusioak eta erosketak zerrendatu eta aurreikusi du urteroko hazkundea -20koa izango dela datozen urteotan. AEB nagusi dira merkatuan, baina ez Txinak ez Europak ez dute atzean geratu nahi. Gainera, Medikuntzaren etorkizuna bide horretatik doa, paragrafo honen hasieran jasotako arrazoi horrexegatik: emaitzak azkartu eta probak merketzen dituzten sekuentzia genetiko masiborako tresneriari esker eta teknologia berrien agerpenagatik (adibidez, CRISPR bidezko geneekiko terapia, DNA zatiak zehatz eta merke moztu eta itsastea ahalbidetzen duena), alegia. Ezinbestean, eta zirkulua ixteko, Txina eta AEB borrokan ari dira “CRISPR mundua”n nagusi izateko.
Agerikoa da, beraz, sektore bioteknologikoa dela etorkizuneko ekonomiaren oinarrietako bat. Eta Donostia eta Euskadi aukera dira horretarako, baina, hala ere, badago oraindik zer hobetua.
Ehundura ekonomiko berri bat sortzea bada helburu estrategikoa, berau osatzen duten enpresen jarduera da oinarritzat hartu behar duguna. Eta horretarako ezinbestekoa da negozio-eredua eta bere garapenean sortzen diren beharrak ezagutzea. Bioteknologiaren negozio-eredua berezia da, arriskukoa, balio erantsi oso handia duten produktuek osatzen dute eta umotze-epe luzeak ditu, zalantzak argitzen joan ahala joaten baita balioa areagotzen. Bioteknologiaren alorreko enpresa baten ibilbidea honako fase hauek osatzen dute: sorrera, irteera, oso lehiakorra den nazioarteko merkatura iritsiera, merkatu-kuota jakin bat lortuta sendotzea eta eskala handian ekoiztea. “Merkatua, produktua eta pertsonak” hastapenaz gain, arrakastaz garatzeko enpresa bioteknologiko batek behar ditu pertsona oso kualifikatuak eta adituak, finantza-baliabideak eta ongi egituratutako ekosistema dinamiko bat. Ikus dezagun.
Ezagutzaren mugan bizi den enpresa batek ezagutza oso zehatz eta kualifikatua behar du. Talentudun pertsonak erakartzea erronka izaten da, euren jatorrizko herriladeetan bioteknologia erabat hedatua egon ohi baita eta, soldatak altuagoak izanik, bizi-maila geurearen parekoa izaten baita horietan. Talent House bezalako ekimenak oso lagungarriak dira, baina erakargarriagoak egingo gintuzketen bestelako erraztasunak emanez indartu eta lagundu beharko lirateke: etxebizitza, hizkuntza, soldatak, zerga-sistema eta abar.
Eusko Jaurlaritzak biozientziak RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiaren oinarritzat hartu izanak indartu egin du erakunde publikoek bioteknologiaren alde egindako apustua. Baliabide publiko gehienak oinarrizko ikerkuntzan erabiltzen dira eta ongi erabiltzen dira oinarrizko ezagutza sortzeko.
Izan ere, Ikerbasquek burututako Zientzia Euskadin azken txostenak dio ikerkuntzari dagozkion parametro askotan lehen tokietan gaudela.
Halere, merkaturako translazioa hobetu beharra dago, Estatuko gainerako lurraldeetan bezala. Munduko Ekonomia Foroaren arabera, Espainia ezagutza zientifikoaren gailurrean dago eta 42. tokian berrikuntzari dagokionean, berrikuntza sortze-prozesu baten bidez ideia bat balio bihurtzea dela ulertuta. Egun lurraldean dauzkagun finantza-baliabide eta laguntza logistiko publikoak (BIC Berrilan, Donostia Sustapena, SPRI eta abar) erabilgarriak dira sorreraren lehenbiziko faserako eta konpainiaren irteerarako. Nazioartekotzeko laguntzak (SPRI, Sustapena, Foru Aldundia, Gipuzkoako Ganbera, ICEX eta abar) eskertzen diren arren, enpresa bioteknologikoak sortzen diren unetik bertatik dira nazioartekoak. enpresa bioteknologikoaren kasuan, sendotze- eta hazkunde-faseak dira kritikoenak, askoz inbertsio handiagoak eskatzen baitituzte; kasu gehienetan pribatuak edo kanpotik etorritakoak izaten dira horiek. Kanpoko inbertsio pribatua erakartzea enpresa bakoitzaren negozio-planaren mende egoten da. Hala eta guztiz ere, eraginkorki antolatutako ekosistema batek lehiakorrago egiten ditu sektoreko enpresak eta nazioarteko arrisku-kapitala erakar dezake. Txikiak gara egiaz, baina masa kritikoak gora egin du eta indartsuak gara zenbait eremutan. Bertako bio ekosistema ospitalek, ikerkuntza zein teknologia guneek eta enpresek osatzen dute. Enpresa farmazeutiko handi bat izan ezik, balio-kate bat osatzen duten elementu guztiak biltzen ditu. Proiektu handinahiak proposatzeko aukera dago, beraz. Behar bada, entsegu kliniko bat izan daiteke horren prototipoa. Entsegu klinikoa medikuntzarako produktu baten, hau da, gailu, sendagai edo bestelako terapia baten garapenaren amaieran egiten da.
Donostian, bereziki, badago geneekiko terapiatarako bektore biralen ekoizpenera bideratutako gune bat eta horrek bere behar espezifikoei erantzungo lioketen enpresa berrien sorrera bultza lezake; gainera, gune hori faktore bereizgarria eta balio erantsia izan daiteke entsegu kliniko bat proposatzeko garaian.
Enpresa bioteknologikoak kalitatezko enplegua eta ongizatea dakartza. Hasiberria den sektore hori Donostian errotu dadin beharrezkoa da ezagutzea, fidatzea eta nahi izatea. Simon Peresen hitzetan, “ezer ez egitea da arriskutsua”. Urrats asko egin dira dagoeneko. Zentzu horretan, gogoeta honek urrats bat gehiago izan nahi du egun garen herri moderno eta oparoa etorkizuneko herri bilakatzeko.
Zein da zure iritzia?
Ondorengo inprimakia bete eta komentatu post hau: