“Donostia prest egon behar da klima-aldaketaren, gizarte-arazo eta azpiegitura kritikoen arteko menpekotasunaren ondoriozko krisiei behar bezala erantzuteko”, adierazi du José María Sarriegi Tecnun-eko ikerlariak eta proiektuaren koordinatzaileak. Helburu horri jarraiki sortu zen Smart Mature Resilience proiektua 2015ean, eta egun hauetan ekin dio azken txanpari.
Proiektuaren xedea da klima-aldaketaren, gizarte-arazoen eta azpiegitura kritikoen arteko menpekotasunari aurre egiteko hirien erresilientzia areagotzeko tresnak garatu, balioztatu eta ezartzea. Horren emaitzak jarri dituzte komunean proiektuko kideek aste honetan, Donostiako Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan. “Proiektuaren azken xehetasunak itxi ditugu, eta horren barne-balantzea egin dugu", adierazi du Sarriegik. Bera da proiektuko koordinatzaileetako bat, Josune Hernantes eta Leire Labakarekin batera.
Erresilientzia kontzeptuak esan nahi du sistema batek, kasu honetan hiriek, krisiak pairatzea ekidin, pairatzen baldin badira horren eragina murriztu edo pairatu ostean normaltasunera itzultzeko behar den denbora eta baliabideak murrizteko gaitasuna izatea.
Tecnunen Industria Antolakuntzaren Sailak antolatuta, eta Europar Batasunaren Horizonte 2020 programaren baitan, 12 kide gehiagok parte hartu dute, besteak beste: Donostiako Udalak, hiriko Estrategia Bulegoaren bidez, nazioarteko unibertsitate eta hiriek, esaterako, Glasgow (Eskozia), Riga (Letonia), Bristol (Ingalaterra), Erroma (Italia), Vejle (Danimarka) eta Kristiansand (Norvegia) hiriek. “Europar Batasunak apustu garbia egin du hiri handien erresilientzia sustatu eta garatzeko", baieztatu du José María Sarriegik.
Proiektuaren tresna nagusia da Heldutasun Eredu bat, hiri batek erresilientziara bidean igaro beharreko hainbat egoera definitzeko aukera ematen duena.
Erresilientzia-gida aitzindaria
SMR proiektuaren ondorioetako bat Erresilientzia Gida bat egitea da, eta horren helburua da hiriek krisi baten ondorioei modu egoki eta eraginkorrean erresistentzia egin, xurgatu, erantzun eta berreskuratzea, baita azpiegitura kritiko eta funtsezko funtzioak babestu edota berregiteko modua planifikatzea ere.
Gaur egun nabaria da azpiegitura kritikoen garrantzia, gizartearen ongizatea bermatzeko. “Azpiegitura kritikoek herritarrei ura, energia, garraioa, hondakinen kudeaketa, osasun-arreta, hezkuntza eta beste oinarrizko zerbitzuak ematen dizkiete. Gainera, funtsezkoak dira hiri modernoen bizitzarako eta horiek ez daudenean, giza-osasuna, ongizatea eta ekonomia arriskuan ipintzen dira”, azaldu du Cinta Lomba Tecnuneko ikerlariak. Bera da gida aitzindari horren garapenaren arduraduna, beste hirientzat erreferentzia izango den gida. Gainera, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoaren finantzazioa jaso du.