Halaber, Pablo Berásteguik, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzako zuzendariak, DSS2016EU proiektua hirirako proiektu estrategiko gisa aurkeztu du eta, lehenengo aldiz, organo honetako kide berri gisa parte hartu du.
Plan Estrategikorako Lan Batzordea hogeita hemezortzi kidez osatuta dago. Ondoko erakunde, eragile eta elkarteetako ordezkariak dira: lau erakunde publikoetakoak (Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Estatuko Gobernua), Donostiako Udalean ordezkaritza daukaten alderdi politikoetakoak, eragile ekonomiko, sozial, sindikal kultural eta teknologikoak, hiriko kontseilu sektorialetako arduradunak eta auzo-elkarte, unibertsitate eta ikerketa-zentroetako ordezkariak.
LAN BATZORDEAREN EGINKIZUNAK
- Donostiaren eta bere Hiri Komunitatearen sektorekako eta lurraldeko plangintza estrategikoaren azterketan, gauzatzean eta jarraipenean parte hartzea.
- Hiriko proiektu handiak nola doazen azaltzea, hiriko Gizarte Kontseiluaren aurrean, eta proiektu berrien sorburu ere izatea. Urtero, Donostiaren eta Donostialdeko Hiri Komunitatearen bilakaeraren inguruko gogoeta-txosten bat aurkeztea. Txosten horretan, halaber, Plan Estrategikoaren aplikazioan emandako urratsen berri emango du, adierazleen taula bat barne hartuta.
- Garapen ekonomiko eta sozialeko prozesuetan plangintza estrategikoaren kultura eta metodologia sustatzea eta zabaltzea.
- Donostiaren sustapen ekonomikoan positiboki eragiten duten esparruekin elkarlanean aritzea, eta ildo horretan, ekimen publikoa eta pribatua bultzatzea.
- Donostiak hirien sareetan presentzia izatea erraztea; bereziki, Baiona-Donostia «igarobideko» eta Euskal Hiriko erakundeetan. Betiere aplikazio-esperientzien berri izateko eta hiriko estrategiarako lagungarriak izan daitezkeen eremuekin elkarlan handiagoa izateko asmoz.
- Donostialdeko, Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko Hiri Komunitatea osatzen duten udalerrien artean gogoeta estrategikoko prozesu bat bultzatuko du, lurralde eremu horietan jarduten duten eskualde-erakundeekin elkarlanean.
Beste alde batetik, Gizarte Kontseiluak urte honetan, lantalde bat osatuz, gizarte-inklusioaren esparruan egin dituen aurrerapausoak jorratu ditu.
Inklusio Taldea diagnostiko bat lantzen ari da, hiriko kolektibo zabal baten gaur egungo egoera hobetzeko etorkizunera begirako ekintzak planteatzeko. Hamahiru kidez osatuta dago taldea eta bere helburuetako bat da hiriko eremu zehatz baterako proba pilotu bat diseinatzea eta martxan jartzea, hortik abiatuz gizarte-bazterketa saihesteko gomendioak eman ahal izateko.
Azkenik, Europako Kultur Hiriburutzaren proiektua aurkeztu dute, Pablo Berástegui zuzendaria partaide zela.
Berásteguik modu irekian hitz egin du Gizarte Kontseiluan, Gizarte Kontseiluko kideen galderei, zalantzei eta iradokizunei erantzuteko eztabaida dinamika bat sortuta.