1813an, suntsitu berria zen Donostia berritzearen inguruko gogoeta hastea erabaki zuen Zubietan elkarturiko donostiar talde batek, etorkizuneko hiria izango zena eraikitzeko. Herritar talde haren indarrarekin lortu zen Donostia biziberritzea eta gaur egun bihurtu den horren lehen hazia izatea.
Gertakari hark betiko definitu du gure izaera. Berrehun urte igaro dira orduz geroztik. Duela hiru urte inguru, berriz ere geratu zen agerian etorkizuneko hiri berritu eta eraldatu bat egiteko gogoeta hasteko herritarren nahia, krisi ekonomiko eta balioen krisi egoera honetan, Europako Kultur Hiriburutza proiektuaren baitan. Baina ez gara ari hiria egiteaz, eraikinak, kaleak eta plazak eraikitzeaz, baizik eta komunitatea sortzeaz, gizaki gisa hazi eta garatzeaz.
Aurten, Olatu Talka espiritu ekintzaile horren erakusgarri izango da, inoiz baino gehiago. Eta horregatik da, hain justu, Bigarren Mendeurreneko oroitzapen-egitarauaren maiatzeko mugarria.
Olatu Talkako 4. ekitaldiko jardueren artean, Bigarren Mendeurrenaren eta Olatu Talkaren arteko lotura bereziki adierazgarria egiten duten eta gaurko prentsaurrekoan azalduko ditugun hainbat ekimen daude, besteak beste, Ziklobia eta Errautsak Bihotzean.
Ziklobia
Duela 200 urte Donostia berreraikitzeko apustua egin zuen herritar talde hura Zubietan elkartu zen berreraikuntza prozesu hori hasteko. Zubieta barne hartzen duen edo begirada Zubietan jartzen du, hain justu, Ziklobiak.
Egun batez, motordun ibilgailuak aterako ditugu eta oinezko, bizikleta eta motorrik gabeko ibilgailuentzat soilik izango da erabilgarri Ibaeta eta Zubieta arteko errepidea. Hiri dinamikoago eta osasungarriago bat lortzeko helburua duen ekimen honek, errepideaz beste era batera gozatzeko aukera ematen du, haize zabalean, denontzat eta doan.
Festa-giro seguru eta lasaiaz gozatzeko elkargunea izango da Ziklobia. Egun batez, adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute kontsumoarekin zerikusirik ez duten askotariko jarduera.