Duela hamarkada bat baino gehiago Nantes uhartean Samoako hiri-proiektu kulturalaren esparruan hasitako eraldaketa handiak, Bartzelonaren erronkak eta proiektuak Elikadura Iraunkorraren Munduko Hiriburu gisa 2021ean eta Erroma hiriaren Erresilientzia Estrategia, besteak beste, Donostiarekin batera Smart Mature Resilience proiektuan parte hartu zuena. Horiek izango dira San Telmo Museoak eta Donostiako Estrategia Bulegoak, Urgullen Magalean erakusketaren barruan, antolatutako Donostia 2030 hitzaldien zikloari amaiera jarriko dioten hiru esperientziak.
Hitzaldia Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak moderatuko du. Bertan parte hartuko dute Jean-Luc Charlesek, sormen eta kultur industriei zuzendutako Nanteseko Samoa hiriko kultur proiektuaren zuzendaria; Oriol Estelak, Bartzelonako Metropoli Plan Estrategikoaren zuzendaria eta Bartzelona hiriko elikadura-estrategia eta 2021eko Elikadura Jasangarriaren Munduko Hiriburu izendatu ondoren izan duen garrantzia azaltzeaz arduratuko dena; eta Pierluigi Potenzak 100 Resilient Cities – Rome Resilience Strategy ekimeneko arduraduna, Erroman erresilientziaren inguruan nola lan egin duten azalduko duena. Datorren hamarkadako Donostiari begiratzeko hiru "ispilu" izango dira, eta horien arteko zeharkako lotura agerian utziko dute.
Hitzordua bihar asteartean izango da, ekainaren 8an, 19:00etan, eta zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez santelmomuseoa.eus webgunean edo, bestela, aurrez aurre eta doan, honako esteka honetan.
2030eko Donostiaren erronkak
Donostiako 2030 Plan Estrategikoan jasotzen diren erronka nagusiak ziklo honen barruan apirilean, maiatzean eta ekainean egin diren zazpi hitzaldietan hizpide izan dira. Zehazki, esparru instituzionalean eta hainbat sektoretan erreferente diren eragileek etorkizuneko hiria marraztu dute, besteak beste, inklusioan, mugikortasunean, etxebizitzan, zientzian eta berrikuntzan, sektore ekonomiko tradizionaletan eta generoan eta belaunaldian.
Publikoaren harrera ona izan du zikloak, bai aurrez aurre, bai online emanaldietan.
Hitzaldi guztiak Museoko youtube kanalean daude eskuragarri.