Gerren ondorioak gainditzeari buruzko gogoeta egitea da topaketaren helburua, herritarren eta erakundeen artean konpromisoak hartzeko elkarrizketa erraztuz eta bake-kultura bultzatuz, hezkuntza-balioetan oinarrituta. Goizean ekin diete hitzaldiei. Donostia 2016 proiektuko kide Inesa Ariztimuño izan da lehena hitza hartzen, eta hiriak bakearen kultura sustatzeko duen konpromisoa azaldu du; segidan, Juan Karlos Izagirre alkateak egin die solas bertaratutakoei. Hiriaren suntsiketaren eta berreraikitzeko erabakiaren Bigarren Mendeurrenean Udalak, herritarrekin elkarlanean, landu dituen balioak azaldu ditu.
Horren ondoren, Granollerseko alkate eta Mayors for Peace erakundearen lehendakariorde Josep Mayoral i Antigas, Gernika-Lumoko alkate Begoña Landa Torre, Wroclaw hiriko Arkitektura eta Garapen Saileko zuzendari Jacek Barski, Mayors for Peace-n baitako 2020 Vision Campaign programaren barruko Cities Are Not Targets proiektuaren zuzendari Aaron Tovish, eta Manel Vila, City to City fundazioko eragilea mintzatu dira.
Manifestua sinatu dute
Ekitaldian, Granollers, Gernika-Lumo eta Donostiak alkateek “mundu baketsuago bat lortzearen alde” lan egiteko konpromisoa hartu dute. Horretarako manifestua sinatu dute.
GAZTEEN ARTEKOESPERIENTZIA ELKARTRUKEA
Arratsaldean jarraitu dute saioekin. Besteak beste, Donostiako ikastetxeetako batxilergoko hainbat ikaslek Madrilgo ikasleekin trukatuko dituzte esperientziak; hain justu, Medialab Prado Madrid esperimentazio eta ikaskuntza kolektiboko herri-laborategiko Memoria y Procomun ekimenean parte hartu duten ikasleekin.