Gizarte Kontseiluak bilera berria egin zuen atzo, Udaleko hainbat ordezkarik eta Gizarte Kontseiluko kideek zenbait gairen inguruan eskainitako hitzaldiekin. Hiriko organo aholku-emailearen topaketak dinamizatzeko asmoarekin, lau gai jorratu ziren saioan.
Hain zuzen ere, mugikortasun ereduaren aldaketaren bidez hiriak datozen urteetan izango duen eraldaketaz hitz egin zuen Eneko Goia alkateak, eta Klima Aldaketari aurre egiteko beharrari erantzuteaz gain, aldaketa horren helburuak beste bi direla gaineratu zuen: espazio publikoa berreskuratzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea.
Bestalde, Gizarte Kontseiluko presidenteorde eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoko (COEGI) lehendakaria den Pilar Lekuonak, hiriaren etorkizun hurbila eta Donostiako egoera demografikoa aztertu zituen, gaur egun lau donostiarretik batek ia 65 urte izatea dakarren erronkaren ikuspegitik.
Jarraian, Nekane Arzalluz Hirigintza Iraunkorreko zinegotzi delegatuaren txanda izan zen, eta etxebizitzak egungo gizarte-eskakizunekin bat datozen irizpideetara egokitzearen beharra izan zuen hizpide. Horien artean, aurretik dauden etxebizitza handiak banatzeko estrategia bat sortzeko beharra azpimarratu zuen, unitate txikiagoak osatzeko eta ondorengo datuari aurre egin ahal izateko: gaur egun, herritarren %30a bakarrik bizi da.
Azkenik, oinezkoentzako guneak berreskuratzearen gaia bigarren alkateorde eta Espazio Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotziaren eskutik iritsi zen. Marisol Garmendiak udal gobernuaren helburu programatikoak aipatu zituen eta garapen iraunkorreko eredu batean eta herritarrentzako espazio publikoa hobetzeko eta berreskuratzeko politikan sakontzen dutela adierazi zuen, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza indartzeko.
Hitzaldien erronda amaitu ondoren, aurkeztutako gaien inguruan eztabaidatu zen.
Gizarte Kontseiluaren irudi berria
Gizarte Kontseiluak, bere bilerak dinamikoagoak izan daitezen, lehen aldiz egin zuen atzo mota horretako parte-hartze saioa. Hain zuzen ere, topaketaren hasieran, Gizarte Kontseiluko presidenteak, Daniel Zulaikak, hainbat proposamen jarri zituen mahai gainean, bilera horien funtzionamendua hobetzeko eta horietan parte hartzea sustatzeko, alegia.
Era berean, Zulaikak hiriko organo aholku-emaile gorenaren irudi berria aurkeztu zuen, nortasun propioa emateko eta, logo berriaren bidez, bere funtzio nagusiak ikusarazteko helburuarekin sortua izan dena hain zuen ere. Hau da, informatzea, aztertzea, eztabaidatzea eta aholkatzea, garapen estrategiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean eragiten duten udal-politikaren ildo nagusiak finkatzeko helburuarekin.
2030eko Donostia
Bestalde, Kepa Kortak, Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari-koordinatzaileak, Plan Estrategikorako Batzordean egiten ari den lanaren inguruko aurkezpena egin zuen. Hain zuzen ere, agertokia zehaztu ondoren, une honetan hiriak datozen urteetarako dituen helburu estrategikoak zehazten ari direla aurreratu zuen, 2030eko Estrategiaren barruan.