Bi hirietako alkateez gain, Xavier Delanne Miarritzeko Udaleko kirol zinegotziak, Jean-Louis Salha Biarritz Olympique Omnisports klubeko zuzendariak eta probaren arduradun Thierry Zanonek hartu zuten parte Donostiako udaletxean egindako agerraldian, eta lehen edizioan 10.000 korrikalari espero dituztela aurreratu zuten.
Goiaren hitzetan, bi hirien arteko harremana «pareagabea da, konfiantzan eta elkarlanean oinarritutakoa», eta proiektu zehatzen inguruan lanean ari direla nabarmendu du: «Donostiaren eta Miarritzen arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez, gai eta jarduera-lerro ezberdinen gainean lan egiteko azpiegitura-sare egonkorra garatu dugu».
Horren adibide dira, besteak beste, uda garaiko bi hirien arteko autobus zerbitzu zuzena eta Cook & Fashion jaialdi gastronomikoa. Era berean, bi aldeek euskal diasporaren festibal bat antolatzeko konpromisoa hartu dutela azaldu dute, proiektua hastapen-fasean dagoela gaineratu arren.
Miarritzeko Nazioarteko I. Maratoia
«Badira urteak honekin amesten dugula», azpimarratu du Salhak. Miarritzeko Nazioarteko I. Maratoia ekainaren 5ean, igandearekin, egingo dute, eta sei azpi-proba bereiziko dira: FFA etiketa duen maratoia, errelebo maratoia 3-4 lasterkarirekin, maratoi erdia, 12 km-ko lasterketa, haurren lasterketa eta 12 km-ko ibilketa nordikoa. Agilera zelai ezagunetik abiatuko dira korrikalariak, eta Miarritzetik, Bidartetik, Basusarritik, Arbonatik eta Arrangoitzetik igaroko den ibilbidean, inguruko paisaia ederrez gozatuko dute; helmuga, halaber, Agilera zelaian izango da.
Proiektuaren iraunkortasuna bermatzeko, lurraldeko elkarteekin eta politika zein ekonomia arloetako eragileekin elkarlanean aritu dira antolatzaileak, eta proba lurraldearen erakusleiho izango da.
Lehen edizio honetarako izen-ematea zabalik da, Internet bidez: marathonbiarritz.com