Bigarren urtez jarraian, Udaleko Ogasun eta Finantzetako zinegotzi ordezkari Kerman Orbegozok 2024ko aurrekontuak aurkezteko agerraldia egin du Gizarteko Kontseiluko kideen aurrean, eta organoaren helburuekin lotura duten partiden xehetasunak azaldu dizkie, hala nola, hiriaren kohesioa eta auzoetan egingo diren hirigintza-proiektu nagusiak. "Aurrekontua 483,7 milioi eurokoa da (%4,68eko igoera 2023tik), eta hiru helburu nagusiri erantzuten die: herritarren bizi-kalitatea hobetzea auzoetako esku-hartzeen bidez; giza-talde zaurgarrienei laguntza ematea, eta ingurumenaren balantzea eta hiriaren iraunkortasuna hobetzea", azpimarratu du Orbegozok.
Pertsonal-gastuak eta ondasun arruntei eta zerbitzuei dagozkienak, hain zuzen, 2024ko gastu-aurreikuspenaren % 63,2 osatzen dutela adierazi du zinegotziak, eta finantza-gastuak 4.184.000 eurokoak izango direla, Euriborraren igoerak eragindako interes-tasen gorakadaren eta Loiolako kuartelen erosketa-eragiketaren maileguaren ondorioz. DBUSi, Etxegintzari, kirol-instalazioei, San Markori, Igeldori eta Lankidetzari egindako ekarpenek izandako aldaketek ere isla izango dute aurrekontuetan.
Kale-egoeran dauden pertsonak
Ondoren, Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Gizarte Ekintzako eta Auzoetako zinegotzi ordezkari Maria Jesus Idoetak hartu du hitza, kale-egoeran bizi diren pertsonen errealitatea eta Udalak eskaintzen dizkien zerbitzuak azaltzeko. "Ez dakigu hirian zenbat pertsona dauden kale-egoeran, baina Kale Gorrian ekimenaren bidez 218 pertsona zenbatu ziren iazko urrian (198 gizon eta 15 emakume)", argitu du.
"Horiez gain, 108 pertsonak erabiltzen dute aterpe-zerbitzua, eta beste 304 artatu dira Udalak eskaintzen dituen zerbitzu osagarrietan, hala nola, gizarte-larrialdietako udal-zerbitzuan edo bazterketa-arrisku larrian dauden pertsonentzako arreta-zentroan (HESTIA). Hau da, 630 pertsona guztira ", adierazi du. Profilari dagokionez, % 95 gazteak eta atzerritarrak dira, eta gehienak egoera irregularrean daude; 10etik 9 gizonak dira, eta herenak 4 urte baino gehiago daramatza kalean.
Gaiaren konplexutasuna dela eta, benetako konponbideak aurkitzeko, gaia erakundeetatik at landu behar dela azpimarratu du Idoetak, "eta horregatik, Gizarte Kontseiluaren ekarpenak oso garrantzitsuak izango dira".
Eta horixe da, hain zuzen ere, Batzorde Iraunkorraren lehen lantaldeak datozen hilabeteetan jorratuko duen gaia. Talde horretako eta Udaleko Gizarte Ekintza Kontseiluko kide den Elena Luquinek lantaldearen ibilbide-orriaren berri eman du bileran, eta urtea amaitu baino lehen Udalari proposamen zehatz eta errealistak egiteko asmoa dutela gaineratu du. "Etxerik gabeko pertsonen zailtasunak identifikatu eta erakundeek eta eragileek egiten dituzten ekintzak aztertu nahi ditugu; gaiari buruz hausnartuko dugu, alternatibak bilatzeko eta hizkuntza sinple eta errazean Udalari helarazteko, aplikatu ahal izan ditzan", adierazi du.
Herritarrek zientzian parte hartzeko plataforma
Azkenik, Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuko zuzendari zientifiko ohia den Julio Arrizabalaga igo da eszenatokira. Batzorde Iraunkorra sustatzen ari den proiektuaren azken aurrerapausoak jakinarazi ditu, hau da, herritarrek zientzian parte hartzeko aukerak bilatu nahi dituen egitasmoari dagozkionak: "Azken urteotan, osasun-laguntzaren eta ikerketa biomedikoen ereduek aldaketa nabarmena izan dute. Gizartea I+G+Bn parte hartzen ari da hainbat mailatan, hala nola, jardueren diseinuan, tarteko eta amaierako emaitzen baliozkotzean, emaitzen hedapenean eta azken ebaluazioan".
Herritarrek zientzian parte hartzeko plataforma Donostian garatu ahal izateko, European Citizen Science taldea erreferentzia gisa erabili nahi du Arrizabalagak; nazioarteko herritarren zientzia komunitatea da, eta herritarrak gaitzeko eta sentsibilizatzeko jarduerak antolatzen dituzten Europako 12 herrialdek osatzen dute.
Donostiaren kasuan, I+G+B behatokiaren eta herritarren partaidetzarako atariaren inguruan lan egingo duen taldea sortzeko, 15 elkarrizketa egin dituzte jada. Datozen bi urteetan, baliabide materialekin eta giza baliabideekin hornituko dute sarea, eta herritarren babesa bilatzen ahaleginduko dira, erakundeetatik aparte. Behatokia 2027an garatzeko asmoa dute, egitura zientifiko baten bidez, eta herritarrentzako partaidetzari buruzko prestakuntza-jarduerak ere egingo dira profesionalentzat zein herritarrentzat.
Saioaren bideoa eskuragarri dago ESTEKA honetan.