Atzo, otsailak 15, SER irrati kateko Hoy por hoy San Sebastián programan izandako Gizarte Kontseiluaren eztabaida-saioan, jaiotza-tasaren jaitsiera izan zuen aztergai, Donostiaren errealitatetik abiatuta. Gaia lantzeko, lau gonbidatu elkartu ziren estudioan Eva Monente aurkezlearen gidaritzapean: Unai Martín UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakaslea eta OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldeko kidea, Vicenta Gimenez osasun-psikologoa eta Ugalketa Lagunduan espezialista Quirón Donostia Ospitalean, Arrate Echezarreta HIRUKIDE Euskadiko Familia Ugarien Elkarteko kidea eta Donostiako Udaleko Gizarte Kontseiluko kidea, eta Markel Ormazabal Donostiako Udaleko EH Bilduko zinegotzia, soziologoa eta Donostiako Udaleko Gizarte Kontseiluko kidea.
Izan ere, datuak argigarriak dira: Gipuzkoak Europar Batasuneko jaiotza-tasa baxuena dauka, eta piramide demografikoren itxura nabarmen aldatu da azken hamarkadetan, oinarria finduz eta punta zabalduz joan baita. Emakumezkoek, batez beste, 35 urterekin izaten dute lehen seme edo alaba, hain justu, ugalkortasuna nabarmen jaisten hasten den adinean. Donostiara etorrita, 2019an aurrenekoz gainditu zuen hiriak 188.000 biztanleko langa, baina 2018arekin alderatuta, 6,6 puntu jaitsi da jaiotza-tasa eta beherakada % 20koa izan da aurreko hamarkadarekin alderatuta.
Martinen hitzetan, «Seme-alabak izateko erabakia, pertsonala dirudien arren, guztiz soziala da. Eta batzuetan, ez gara kontziente indibidualak direla uste dugun erabaki horien gainean egitura sozialek duten pisuaz. Bada aldaketa kultural bat, jaiotza-tasa beste garai batean baino txikiagoa izatea eragiten duena, baina erabakia hartzea errazten ez duen gizarte izugarri antinatalista batean bizi gara. Beste leku batzuetatik bereizten gaituena, gainera, lehenengotik bigarrenerako trantsizioa da, eta erabat lotuta dago lehena izateko adinarekin».
Ugalkortasunari lotuta, Gimenezek argi du: okerreko mezuak zabaltzen ari gara. «Gaur egungo 40 urteak lehengo 30 urteak dira bezalako mezuak ez da zuzenak. Oso erraza litzateke lehen mailako arreta-zentroetatik sistema aldatzea, emakumeek azterketa ginekologikoak egiten dituztenean, ugalkortasuna ere aztertuta. Izan ere, seme-alabak izateko adin biologiko egokia 20 eta 30 urte artekoa da. Eta tamalez, lagundutako ugaltze-zentroetara joaten diren emakumeen batez besteko adina 38 urtekoa da».
Mezuen zabalkundeari lotuta, Ormazabalen hitzetan, gaztetasuna aprobetxatzeko ideia oso errotuta dago egun gazteen artean, hori baita etengabe entzuten dutena, baina ondoren, piramide demografikoa iraultzen ari dela ikusten dugu, eta urduritu egiten gara. «Egoera horretara garamatzaten egiturazko faktoreak gero eta argiagoak dira. Eta hiri honetako arazo nagusietako bi egonkortasun eta etxebizitza falta dira. Eta ezartzen ari diren politikek are gehiago zailtzen dute erabakia hartzea».
Horri lotuta, ohar garrantzitsua eman nahi izan du Martinek: «Kontuz jaiotza-tasari buruzko mezu katastrofistekin. Erregimen demografiko oso eraginkorra dugu, eta egungo egoeran, ez da beharrezkoa hainbeste seme-alaba izatea». Jaiotza-tasa eta pentsioak lotzeko joeraren aurrean ere, oso kritiko azaldu da, pentsioak zergadunen araberakoak direla gogoratuz. «Beste gauza bat da ase gabeko ugalkortasun-egoerak aurkitzen ditugula». «Seme edo alaba bat inbertsio handia da, aldatu ezin duzun zerbait, beti hor egongo dena», gogoratu du Gimenezek. «Arazorik handiena da eduki nahi dituzunean eta ezin duzunean. Eta orduan, guregana etortzen dira emakumeak esanez inork ez ziela halakorik abisatu, 35 urtetik aurrera ama izan daitezkeela esaten baitzaie».
Echezarretaren hitzetan, funtsezkoa da administrazioak seme-alabak izan nahi dituzten herritarren erabakia babestea. «Ondo dago haurren txekea bezalako laguntzak izatea, baina arazoa da seme-alabak sei urte betetzen dituenean amaitzen dela, gastu gehiagorik ez balego bezala. Haur-eskolen doakotasunak kontziliazioan lagunduko luke, edo lan-ordutegien malgutasunak. Araudi guztiek familia-ikuspegi hori izatea litzateke komenigarriena».
Programa osorik entzun dezakezue lotura honetan, 54. minututik aurrera.