Horregatik, hemen biltzen diren ondorioak (egiazki, horien guztien laburpen bat da) eredu berri horretarantz egiteko abiapuntua dira, lantegi bakoitzeko kontalariek egindako lanaren emaitza. Hala, kongresu honetan parte-hartzaileek planteatutako ideiak, proposamenak eta ekintzak bateratu, egokitu, bildu eta uztartu dituzte.
INGURU NATURALA. JAVIER PULDAIN
1.-Inguru naturala izenekoa kontzeptu zabala eta anbiguoa dela egiaztatzea, «naturarekiko» oso gertukoa; eta, beraz, halabeharrez, diskurtso eta eztabaida oso global, «filosofiko» eta, nabarmenki, politiko batekiko lerrakorra da.
Beraz, inguru naturalari buruz (gune txikiei buruzkoak izan beharrean) hartu nahi den edozein neurri ezinbestean politikoa izango da, lurraldeko gune handiak hartuko ditu eta inguratzen gaituen ingurune natural hori ulertzeko moduetan eta, oro har, biztanleek bizitzeko dituzten moduetan ondorio handiak izango ditu (ingurune naturalean edo hortik gertu bizi den jendearentzat ondorio handiagoak izango ditu).
2.-Era berean, ingurune naturalari buruzko proiektu txikien kudeaketa egiaztatzea (kongresuko kasu praktikoak) oso zaila eta zehatza da: elementu anbiguoei, mugikorrei, urtarokoei eta antzerakoei eragiten die, arautzeko oso zailak direnak (fauna, abere-zama, irisgarritasuna, sailak, kortak, uztak, biodibertsitatea, etab.). Alor horietako kudeaketa araudian gauzatzea oso zaila da. Eta hori gutxi balitz, gune horietan hainbat administrazio gainjartzen dira (normalean, beren eskumenekiko zelatiak izaten direnak).
3. Azkenik esan, batetik, ingurune naturala ulertzeko modu global hori politikoki lerratzeko moduaren eta, bestetik, normalean, ingurumeneko jarduketa txiki horien kudeaketaren (paisaia babesteko proiektuak, Erabilerak eta Kudeaketa Arautzeko Plana, Biosferaren erreserba, Batasunaren Garrantzizko Lekuak…) arteko distantzia ikaragarria dela.
Sortzen den galdera da kudeaketa-tresna horiek (horiexek? horiexek hobetuta? sinplifikatuta?) diren hiriak «erretiratzen» denean, (José Fariñak esana) alde batera utziko dituen gune handi horietan ezarri beharko ote diren.
INGURU ERAIKIA. IZASKUN ASEGUINOLAZA eta JAVIER MARTÍNEZ CALLEJO
Inguru eraikian eredu-aldaketa onartzen da. Aurreko hamarkadetako eredu espantsionista zaharkituta gelditu da; horregatik, bizitzen ari garen garaiarekiko eta egin ditugun akatsekiko kontzienteagoa den beste eredu bat ezarri behar da. Ildo horretatik, ingurune eraikiaren etorkizuna hiriaren birmoldaketak, berroneratzeak eta birgaitzeak definituko du. Ezbairik gabe, gure hirien egitura eta koherentzia berreskuratzeko aukera bat da, gure ingurune naturalarekin adiskidetzeko dugun beharra ahaztu gabe.
Gainera, hiriaren esparru berriaren ezaugarria da gero eta urgenteagoa eta aldakorragoa den ingurune bati erantzuteko beharra.
Horixe da ingurune eraikiari buruzko tailerrean definitu zen egoera eta egoera hori kontuan hartuta lan egin zen, identifikatutako arazoari erantzunak eta konponbideak emango dizkioten ideiak bilatzeko. Hiri-birziklapenaren beharra duen hiriaren joera berriak argi uzten du dagoen legedia ez dela egokia mota honetako hiri-jarduketei erantzuteko; legediak gauza bera eskatzen baitu hedaduretan nahiz finkatutako guneetan jarduten denean. Argi dagoenean, inguru eraikiko jarduketak zailak direla eta ezin direla modu berdinean juzgatu.
Beraz, arrazoizkoa dirudi legedia berriz ere definitu beharra dagoela eskatzea, estandarrak lortzeko, finantzatzeko eta onurak lagatzeko dagoen zailtasunari dagokionez, hiri-ingurunean dagoen arazoa kontuan izanda.
Beharbada, legediaren birdefinizio horrek tresna berriak proposatu beharko ditu. Jarraian tailerrean adierazi ziren batzuk aipatuko ditugu: esku pribatuetan dauden orube hutsetan eta jarduerarik gabekoetan, aldi baterako erabilerak eta/edo horien alokairuak bideratzen dituzten formulak sustatzea; horrelako orubeak martxan jartzeko eta/edo erabiltzeko neurri fiskalak sustatzea; kooperatibismoaren tankerako sistemak sustatzea eta horiei laguntzea; alorren arabera, prima-sistemak edo hainbat gainbalio erabiltzea; arloen araberako funts komun bat sortzea orubeak berreskuratzeko; lurzoru berria urbanizagarri gisa sailkatzeko aukera kentzea; urkilak ezartzea estandar zehatzak ezarri beharrean; lurzoruaren funtzio soziala aldarrikatzea aberastasun-iturriari lotutako lurzoruaren aurrean.
Gainera, hiri-inguruneen antolamendua gizarte konplexu bati erantzuten dien irizpide berrituek gidatu behar dute. Alde horretatik, dibertsitateari eta hiri-konplexutasunari mesede egiten dioten planen alde egiten da, erabilera-nahasteari eta tokikotasunari lagunduz (herritar bakoitzak bertan bere lekua onartu nahiz topatuko du eta, bertan, toki bakoitzaren inguru natural espezifikoari erantzungo zaio).
Ezin da ahaztu gizartearen faktore aldakorra; horregatik, antolamendu-irizpideen malgutasuna kontuan izan behar da, bere definizio formalari, erabilerari eta kudeaketari dagokionez, antolamenduaren formek une bakoitzerako hirigune erabilgarriari bide eman behar diote eta hainbat moduren bidez kudeatu ahal izango dira, blokeatuta ez gelditzeko moduan.
Horrek guztiak lurzoruaren jabetzari erabat lotuta dagoen planeamendu-sistema batean lekua izan behar du. Izan ere, aipatutako sistema hori arautzen duen administrazioak, askotan, ez du jakin interes komuna inposatzen aberaste partikularraren aurrean. Hala ere, argi dago hiri-birziklapen honen motorra herri-administrazio arduratsu batek izan behar duela eta administrazio horrek, batik bat, interes komunaren defentsa bere gain hartu behar duela.
Horretatik guztitik ondorioztatzen da dagoen erronka bete-betekoa dela, baina ez dago zalantzarik, erronka horri aurre egiteko une ona dela, beraz, egin dezagun.
INGURU POLITIKO ETA SOZIALA. KOLDO TELLERIA
Hiri ekintza eta plangintzarako paradigma aldaketa bat ematea guztiz beharrezkoa da eta honetarako ezinbestekoa izango da ondoren adieraziko diren ondorioetan zeharkako gaia nagusi bat barneratzea; ikuspuntu inklusiboa txertatzea, rol produktibo eta erreproduktiboak parekatuz, begirada holistiko, sortzaile eta solidarioago batetik lan egitea.
1.- Konplexutasunaren kudeaketa. Hiri plangintza eta eredua ulertzeko eta gauzatzeko gaurdaino eman den begirada sinplista izan da, ez du bizitzaren konplexutasuna onartu ereduaren barnean. Konplexutasuna onartu eta kudeatzen ikasi beharra dugu, modu honetan era guztietako dibertsitatea onartu eta malgutasunean eraldatu behar da.
2.¬- Kalitatezko parte-hartzea. Edozein ingurutan ekiteko eta planeatzeko ezinbestekoa izango da begirada pausatu eta sentsible batez gerturatzea bertara, entzun, ikusi eta ingurua bertakoekin biziz. Beharrak eta onurak herritarrekin adostu beharko dira. Parte hartzea ekintza eta plangintzaren oinarrian kokatuko da, eta bertatik erabakiko da zein den ekiteko eta planeatzeko beharra. Parte hartze kontsultibo soilak zentzua galdu du.
3.- Tokiko Jakintza eta nortasuna. Toki bakoitzak duen nortasuna eta ezagutza bultzatuko duen ekintza eta planeamendua bultzatuko da. Honela dibertsitatea bermatzen bai da eta erresilientzia gaitasuna handitu. Honetarako tokiko sare anitzak ezagutu eta hauek bultzatuz ekingo da eta autonomia produktiboa bultzatzea bilatuko da.
4.- Egunerokotasunaren balioa. Eskala txikitik handirako bidea garatu behar da. Eguneroko bizitza egoki bat bermatuko duen eskala txikiko ekintzak bultzatuko dira. Eraberritzea eta berrerabiltzea bultzatuko da eraldaketa handi eta bortitzak alboratuz. Gertutasuneko hiri egoki bat antolatu bizitzaren oinarrizko ekintzak egoki gauzatzeko aukera bermatuz.
5.- Bakarkakotasunetik kolektibitatera. Bakarkakoren garrantzia alboratu gabe kolektibitatearen garrantzia aurrea ipini. Kolektibitatearen garrantzia berreskuratu eta bide horretan antolatutako giza taldeei tokia hemen hiri ekintza eta planeamentuan.
6.- Publikotasunaren garrantzia eta ardura. Ekimen publikotik eginiko ekintzek pribatuak eginikoek baino onura gehiago ekarri dizkiola gizarteari ikusi da. Etorkizuneko ekintza eta plangintzan administrazio publikoak ardura eta protagonismo gehiago hartu beharko du.
Paradigma aldaketa honetarako proposamen ugari egin dira. Ondorengo kontzeptuetan labur bildu daiteke proposatzen den ekintza plana:
Epe laburrean paradigma honen aldaketarako heziketa behar da, unibertsitatetik, jardunaldi eta ekintza zehatzen bidez gaia gizarteratzea proposatzen da. Orain arte eman diren giza mugimenduak saritu edo errekonozitzea honela kolektibotasuna bultzatzeko.
Epe ertainean administrazioa, profesionalak eta herritarrak bateratuko dituen lan inguruak sortu, hauen arteko komunikaziotik lan egiteko. Egiten diren lanak elkarbanatu eta ezagutzera emateko tokiak sortu. Proba pilotuak gauzatu eta hauen ebaluaketa jarraitua eginez.
Epe luzera Paradigma aldaketa hau bermatuko duen politiken eta legediaren aldaketak egitea lortu, parte hartze egokia bermatuz eta lan erreproduktiboa produktiboaren mailan kokatuz.
INGURU DIGITALA. IBON SALABERRIA
Lantegiaren hainbat unetan eta aurkezpenetan, smart izenekoa, besterik gabe, efizientzia dela zalantzan jartzen duen duda behin eta berriz sortu zen. Interes zehatzak gordetzen dituzten modernotasunaren utopietatik eta epiketatik harago, egun, badakigu teknologia ez dela nahikoa. Hiri Irekiaren eredu berrian parte hartzen duten agenteen arteko beharrezko orekak bazterketak saihestu behar ditu eta anonimotasuna edo ez parte hartzeko eskubidea ahalbidetu behar ditu.
Lantegitik atera ziren bi ideia indartsu, hauek izan ziren:
1.- HIRI IREKIARI BURUZKO EREDU berri baten beharra dago. Eredu horretan, datuak, erabilerak eta guneak plataforma irekitzat joko dira, bai bere sorkuntzan bai bere kudeaketan eta garapen jarraituan.
2.-Prozesuetan partaidetza-kudeaketak garrantzia du. Bazterketak sortzen ez dituzten PARTAIDETZA-EREDUAK. Hainbat uztartze-maila kudeatzeko gai izan behar dute eredu horiek, baita anonimotasunaren beharra eta ez parte hartzeko eskubidea kudeatzeko gai ere. Pertsonen, administrazioen eta korporazioen arteko simetria bat bermatu behar da.
Azkenik, Donostiarako hainbat proposamen landu ziren:
Zaintzen hiria: Proposameneko ardatz tematikoa herritarren pixkanakako zahartzea da. Hipotesia arazo kognitiboak dituzten adineko pertsonen zaintzari buruzko da. Gaur egun, zonetan banatutako hirian zaintza bereziak behar dituzten pertsonak biltzeko edo «konfinatzeko» guneak edo eraikinak aurreikusten dira. Proposamenaren helburua zera da, hiria bera biztanleriaren sektore honentzat zaintzako guneak barreiatuta dauden gune bat izatea.
Prozesu bat sustatuko litzateke eta, prozesu horretan, familiartekoei nahiz saltokiei edo erakundeei onura ekarriko dien alerta-sare batean parte hartuko dute auzoko hainbat agentek. Hurbileko saltokiek esperientzian parte hartuko balute, pertsona «zaindurik» ez dagoela detektatzen lehenak izango lirateke. Alerta hori saltokiko erakusleihoan ikusgai egongo litzateke, teknologia merke eta sinple baten bidez: Kolore edo forma jakin bateko gommette bat. Lehenengo alerta hori administrazioko gizarte-zerbitzuekin eta familiekin komunikatuta egongo litzateke.
Esperientziaren arrakastak etxez etxeko arreta aldatuko luke. Bezeroak leialtzen dituzten eta auzoko pertsonak ezagutzen dituzten hurbileko saltokien (saltoki zaintzaileak) sarea ere ikusgai jarriko luke. Banatutako ardura mota honek hiriaren erabileretan aldaketa bat sortzen du. Hirugarren adinekoentzako guneak muturretan, harresi barnean sortu beharrean, barreiatutako zaintzen ohiko erabilera bihurtzen da. Konfiantza- eta zaintza-sareak ehundu nahi dira. Esperientziaren arrakastak prozesua errazten duten prototipo eta input teknologikoak ikertzea eta proposatzea ekarriko luke.
Gune motelak: Gero eta nabarmenagoa den teknologiaren arriskuetako bat eguneroko zereginetan sartzen duten abiadura da. Berehalakotasunaren gizartea. Berehalakotasunetik ihes egiteko guneen sare bat sortzea proposatu da.
Trebakuntza: Teknologiaren erabilera arduratsuari buruz trebatzeko beharra, sortzen ditugun datuen jakitun izateko beharra edo, besterik gabe, teknologiaren kontsumitzaile bihurtzen garen. Edota, aitzitik, erabiltzaile arduratsu nahiz emantzipatu gisa gune kritikoak sortzen parte hartzen dugun. Dauden guneak (Kultur Etxeen sarea) berrerabiltzea proposatu da, teknologiekin, prestakuntzarekin eta kooperatiba-proiektuekin zerikusia duten gaitasun berriekin guneak sortzeko plataforma gisa.