Topaketaren helburua Donostia berreraikitzeko hartutako erabakiaren bigarren mendeurrena oroitzea da, eta azken berrehun urteetan suntsituta edota larri kaltetuta izan diren Europako beste hiri batzuen kasuak ezagutaraztea.
Gerren ondorioak gainditzeari buruzko gogoeta bultzatu nahi du ekimenak, herritarren eta erakundeen artean konpromisoak hartzeko elkarrizketa erraztuz eta bake-kultura bultzatuz; guztia ere, hezkuntza-balioetan oinarrituta.
Hiriko gazteek ere parte hartuko dute topaketan, etorkizuna eraikitzeko orduan aintzat hartu behar baita haien ahotsa ere. Donostiako ikastetxeetako batxilergoko hainbat ikaslek Madrilgo ikasleekin trukatuko dituzte esperientziak; hain justu, Medialab Prado Madrid laborategiko (esperimentazio eta ikaskuntza kolektiboko herri-laborategia) Memoria y Procomún ekimenean parte hartu duten ikasleekin.
Europako gizarteak jasan dituen gerren eta gatazken krudeltasunari eta efektu suntsitzaileei helduko die topaketak, eta parte-hartzaileek mezu positiboa zabalduko dute, etorkizunari begira. Topaketa honek gatazken kontrako eta bakearen aldeko jarrera globala bultzatu nahi ditu, agintarien eta gizarte zibil osoaren partaidetzaz eta adostasunez lortutako arteko hitzarmen politiken esparruan.
Helburua, funtsean, elkarte zibilen edo gobernuz kanpoko erakundeen zereginari balioa aitortzea da, eginkizun nabarmena betetzen baitute gatazken fase ezberdinetan: bitartekari gisa, bake-negoziazioak bideratzen, gatazken ondotik gizartea berreraikitzen, adiskidetzea sustatzen, eta borrokak saihesten. Erakundeok gizartean konfiantza indartzen laguntzen dute eta, hala, gizarte kapitala garatzen.
Topaketan parte hartuko duten hiriak
DRESDEN
Alemaniako hiri honek Britainia Handiko eta AEBetako abiazioen bonbardaketa ugari pairatu zituen II. Mundu Gerraren amaieran. Hiriaren zati handi bat suntsituta gelditu zen, eta biktima asko izan ziren; zibilak, gehienbat (22.700 eta 35.000 hildako inguru, iturrien arabera).
Gaur egun, hiria erabat berrituta dago, eta indar handia du ekonomiaren zein industriaren esparruetan. Kulturari eta arteari dagokienez, bestalde, ospe handia du nazioartean.
Bonbardaketatik bizirik atera zirenek elkarte bat sortu zuten, zeinak 1987tik aurrera nabarmen zabaldu baituen bere jarduera. Association 13 February 1945 elkarteko presidentea den Matthias Neutzner izango da jardunaldian.
GERNIKA-LUMO
Espainiako Gerra Zibilean, Cóndor legioak bonbardatu egin zuen Gernika. Legio hori Alemaniako Luftwaffe-ren aireko unitatea zen, eta sekulako hondamendia eragin zien herritarrei eta herriari berari. Ez dago garbi bonbardaketak zenbat hildako utzi zituen; nolanahi ere, erasoaren ostean sutea piztu zenez hirian, ondorioak are larriagoak izan ziren.
2010ean, Gernikak Unescoren Bakearen Aldeko Hiriak saria eskuratu zuen. Udalerria nazioarteko Cities for Peace (Bakearen Aldeko Hiriak) eta Mayors for Peace (Bakearen aldeko Alkateak) sareetako kide da, baita Gernika Peace Museum Foundation fundazioaren egoitza ere.
Gernika-Lumoko alkateordea, Begoña Landa, topaketan mintzatuko da.
GRANOLLERS
Espainiako Gerra Zibilean, aireko bonbardaketa latza jasan zuen herri horrek, Italiako legio-abiazioaren eskutik. Herritar zibil asko eta asko hil ziren egun hartan, eta udalerria bera ere oso kaltetuta gelditu zen.
Hainbaten iritzian, «bonbardaketa estrategikoa» izan zen hura; beste batzuen ustez, berriz, populazioen kontrako zigor-operazioa, erresistentzia ahultzeko helburuz egina. Herritarrei sortutako ondorio latzek eta Kataluniako, Aragoiko eta Levanteko frontearen kontrako beste eraso batzuek nazioarteko haserrea eta protestak eragin zituzten.
Granollers Mayors for Peace nazioarteko sareko kide da; hain zuzen ere, haren esku dago erakundeko presidenteordetza.
Josep Mayoral i Antigas Granollerseko alkateak topaketan hitz egingo du.
SARAJEVO
Sarajevoren setioa Europako historia modernoan izandako luzeena da. Bosniako Gerran gertatu zen (1992-95). Hiriak eta herritarrek bonbardaketa, tiroketa eta lapurreta handiak pairatu zituzten; sekulako giza kalteak eta materialak. Basakeriaren ondorioz, 10.000 zibil baino gehiago hil edo desagertu ziren, eta 56.000 zauritu. Hiria erabat suntsituta geratu zen, eta bere kultura-aberastasunaren zati handi bat galdu zuen.
Sarajevoren suntsiketa nazioarte osoan da ezaguna, bai bere dimentsioengatik, baita herritarren artean izan zituen ondorio ankerrengatik ere.
Hala ere, gerra suntsitzaile horretan, izan zen ekintza gogoangarririk ere, eta ez gutxi: kroaziarrek serbiarren bizitzak salbatu zituztenekoak, serbiarrek kroaziarrenak, musulmanenek serbiarrenak, serbiarrek musulmanenak, musulmanek kroaziarrenak, edota kroaziarrek musulmanenak.
Svetlana Broz Gariwo-Gardens of the Righteous Worldwide (Zintzoen Lorategiak Munduan Barrena) GKEko zuzendaria da.
Josip Broz (Tito diktadorea) mariskalaren biloba, kirurgialaria eta kazetaria da, eta Good people in an evil time (Jende zintzoa gaiztakeria garaian, Kailas argitaletxea, 2006) liburua argitaratu du. Balkanetako Gerran aurkako bando eta etniatakoak izan arren elkarri lagundu zioten hainbat pertsonaren kontakizunak biltzen ditu bertan. Sarajevo Mayors for Peace nazioarteko sareko kide da. Svetlana Brozek hizlari gisa parte hartuko du topaketan.
Sarajevok bi ordezkari izango ditu. Manel Vila City to City fundazioaren sustatzaile katalanakhizlari moduan jardungo du topaketan. Vilak, Sarajevon bizi izandakoa, hiri honekiko harreman estua du.
WROCLAW
Wroclaw Alemaniako zati izan zen II. Mundu Gerraren amaierara arte, eta Poloniakoa harrezkero.
Hasiera batean, gerra-fronteetatik aldenduta egon zen, baina, ondoren, kokapen estrategikoa zuela iritzita, Errusiako tropek setiatu egin zuten. Errenditu ostean, Armada Gorriak su eman zien bertako hondakinei. Herria txikituta gelditu zen, monumentuen % 75 suntsituta. Gerra amaitutakoan, berpiztu egin zen, eta hiri dinamiko eta kulturala da gaur egun.
Wroclaw eta Donostia Europako Kultur Hiriburu izango dira 2016an. Wroclawko Udaleko Arkitektura eta Garapen Saileko zuzendari Jacek Barski hizlari izango da topaketan.
MILAN
Bigarren Mundu Gerran, aliatuen bonbardaketek Milan erdigunearen zati gehientsuena suntsitu zuten. Gerraren barruan, «helburu estrategikoa» zen Milan, zeukan garrantzi industrialagatik eta erresistentziaren jardueraren agertokia izateagatik. Milan gerraostean berroneratu zen, bai azpiegituren aldetik, bai ekonomiari dagokionez.
Bonbardatutako eraikinen hondakinak Monte Stella muinoan bildu ziren, zuhaiztiz eta landarediaz estalita. Hegal batean, Il Giardino dei Giusti di tutto il Mondo lorategia dago. Izen bereko GARIWO sareak eta Milango Udalak lagundutako elkartea arduratzen da berau mantentzeaz. GARIWOren Milango egoitzan bake-harizpiak txirikordatu zituztenen bizitzak eta gertakariak ikertu eta argitaratzen dira, etsaitzat hartu eta jazarri edo mehatxatutako pertsonei laguntza eman zietenak munduko edozein tokitan: Bulgarian, Turkian, Italian, Kroazian, Grezian, Tunisian, Ruandan…
GARIWOk proposatuta, Europako Parlamentuak Zintzoen Oroimenezko Europako Eguna izendatu zuen iaz martxoaren 6a.
Milan Mayors for Peace sareko kide da.
Gabriele Nissim, Giardino dei Giusti di Milano elkarteko presidenteordea eta Gariwoko presidentea, hizlari gisa arituko da topaketan.
"MAYORS FOR PEACE: 2020 VISION" KANPAINA
Bakearen alde engaiatutako alkateak elkartzen dituen Mayors for Peace erakundeak eginkizun garrantzitsua izango du topaketan.
Hiroshima eta Nagasaki hiriek sortu zuten erakundea, 1982an, eta bertako kide da Donostia ere. Haren xedeetako bat 2020rako arma nuklearrak deuseztatzea da. «Hiriak ez dira helburuak» lelopean, jendetutako eremuetan su-lehergailuak erabiltzeari uko egiten dio, bai eta hirien aurka suntsipen handiko armak erabiltzeari ere.
Mayors for Peace erakundearen izenean, «Cities are not Targets, CANT» proiektuaren zuzendaria den Aaron Tovishek hartuko du parte.
Halaber, hiriko ikasle gazteek ere parte hartuko dute topaketan. Zehazki, Donostiako ikastetxeetako batxilergoko hainbat ikaslek Madrilgo ikasleekin trukatuko dituzte esperientziak; hain justu, Medialab Prado Madrid laborategiko (esperimentazio eta ikaskuntza kolektiboko herri-laborategia) “Memoria y Procomún” ekimenean parte hartu duten ikasleekin.
Gerrek suntsitutako hirien topaketa Donostia erre eta suntsitu ostean berreraikitzeko erabaki izanaren bigarren mendeurrena oroitzeko antolatutako ekitaldietako bat da. Donostiako Udalak antolatu du, Donostiako Estrategia Bulegoaren bidez, eta Donostia 2016 Hiriburutzaren bulegoarekin lankidetzan.