Besteak beste, lizentziadunek, udal- eta federazio-mailako gobernuetako aholkulariek eta enpresa sektoreko profesionalek osatutako ordezkaritzak aukera izan zuen zuzenean hiriaren proiektu nagusiak ezagutzeko eta, aldi berean, Donostiako lekurik ezagunenen ikustaldia egiteko, besteak beste, Aieteko Bakearen Etxea eta Kursaal jauregia.
Topaketa Aieteko Bakearen Etxeko Ghandi Aretoan egin zen, mexikarren artean interes handia sortu zuen gunea, gehienak lizentziadun, doktore eta aholkulari politikoak. Donostiako Estrategia bulegoaren zuzendariak, Kepa Kortak, gonbidatzaile-lanak egin zituen talde osoari ongi etorria eginez.
Joxe Maria Aizeaga, Basque Culinary Centerreko zuzendariak giroa gozatu zuen ireki berri den Gastronomia Fakultateari buruzko aurkezpen batekin. Aizeagak azaldu zuen BCC prestakuntza-, ikerkuntza- eta berrikuntza-azpiegitura bat dela, gastronomia-, ostatu- eta elikagai-sektorearen garapenera zuzendua, nazioarteko bokazio argiarekin. Gogora ekarri zuen, gainera, ikastetxea Zientzia Gastronomikoen Fakultateak eta Elikadura eta Gastronomiaren Ikerkuntza eta Berrikuntza zentro batek osatzen dutela.
Azpimarratu zuen proiektu honen arrakasta tartean dauden erakundeen arteko lankidetzari eta elkarlanari zor zaiola, eta gailendu zuen, orobat, BCCri eman nahi zaion nazioarteko izaera, mundu osotik etorritako ikasleak hartzen baititu.
Kepa Kortak, bestalde, hiriaren erradiografia bat egin zuen, hiriak onetsi duen 2020. urtera begirako estrategia aztertzeko ondoren. Zentzu horretan, estrategia oinarritzen den lau ardatzak berrikusi zituen: DSSn Diseinatua, Hiri Konektatua, Pertsona eta Balioak eta Bizi, Gozatu.
Lau ardatz horietatik aurrera, Kortak marraztu egin zituen Donostia “hiri kohesionatu, adinarekin adiskidetsu eta ondo konektatua” izatera eramango duten lerro estrategikoak, “I+G+b-ri lotutako jarduera ekonomiko bat sortzen jakin duen hiria, Gipuzkoako lurraldearen industria-ahalmenaren buru gisa, eta nazioarteko erreferentzia bihurtu dena zientzian eta teknologian, baita ekonomia sortzaileari lotutako jardueretan ere”. Hiri bat, azken batean, “irekia, dinamikoa, abegitsua, aniztasunean trinkoa, non bizitzea eta gozatzea merezi duen, eta ingurumen- gizarte- eta ekonomia- ikuspegitik iraunkortasun-eredu bat ere baden”.
Juan José Álvarez, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedraduna eta Globernanceko idazkaria, Gobernantza Demokratikoaren Institutua, erakundeak “gizarte-arloan baliagarri izateko” duen asmoez hitz egin zuen.
Adierazi zuenez, burutzen dituzten ikerketak hainbat arlotan garatzen dira: Giza Eskubideak eta garapenerako lankidetza, europar frontea, geopolitika eta aldaketa klimatikoa, internet, demokrazia eta herritarren parte-hartzea.
Zentzu horretan azpimarratu zuen indarkeriaren eta terrorismoaren auzian gogoeta bultzatu nahi dutela, eta gogoz lan egin zubiak eraikitzeko.
Eta Globernance eratzen duen taldea definitu zuen “pesimista eraikitzaile” gisa.
Lidergo partekatuaz ere hitz egin zuen, baina “lehendabizi lidergoa izan eta ondoren partekatu behar dela dioen aldarriaren ohiko huts egitea egin gabe”.
Álvarezen esku-hartzeak, aurrekoenak bezalaxe, interesa handia piztu zuen Monterreyko ordezkaritzako kideen artean, eta, ondorioz, galdera asko egin zituzten eta xehetasun gehiago jakin nahi izan zituzten Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren jardunari buruz.
Mexikar taldea, Aieteko Jauregian izan ondoren, Kursaal Biltzar Jauregira joan zen, eta bukatzeko, arratsaldez, hiriaren ikustaldia egin zuen.