Berriak

Estrategia Bulegoak antolatutako TOPAKETAk agerian utzi ditu euskal gizarte-ekonomiaren berezitasuna, balioa eta eragina

Donostiako San Telmo Museoa euskal gizarte ekonomiaren epizentroa bihurtu zen atzo, ekainak 20. Donostiako Estrategia Bulegoak Gizarte Ekonomia lehen pertsonan: Gizarte Ekonomiako Esperientziak lelopean antolatutako topaketak euskal enpresa garrantzitsuetako ordezkariak eta gaian adituak bildu zituen, gizarte ekonomia eta haren esperientzia arrakastatsuak gipuzkoarrei helarazteko.

Donostiako alkate Eneko Goiak zabaldu zuen ekitaldia hiriburutzaren leloari aipamena eginez, Pertsonak ekonomiaren erdigunean, “gure asmoen adierazpena da, eta lurralde osora zabaldu nahi dugu”. Goiaren hitzetan, gizarte ekonomia ezezaguna da oraindik sektore askorentzat, ez baitituzte haren esanahia eta garrantzia ezagutzen; “Horregatik, gaur entzungo ditugun esperientziak akuilu izatea gustatuko litzaidake, gure ekonomiari hainbesteko balioa ematen dioten ekimenak garatzen jarraitzeko”.

Kepa Korta Estrategia Bulegoko zuzendariak azpimarratu zuenez, "Ekonomia sozial eta solidarioaren balioak bultzatzea, hala nola, kohesio soziala eta integrazioa, hiriaren E2030DSSk estrategiak jasotzen duen 15 helburu estrategikoetako bat da". Kortak gizarte ekonomiako sei familietan jarri zuen arreta: kooperatibak, fundazioak, lan-sozietateak, ekonomia solidarioko enpresak, gizarteratze-enpresak eta laneratze-enpresak. Familia horiek askotariko ekonomia defendatzen dute, demokratikoa, iraunkorra eta integratzailea.

Topaketak formatu mistoa izan zuen, eta horri esker, 120 lagun baino gehiago konektatu ziren streaming-era.

 

Hurbilketa teorikoa

Ekonomian doktore, GEZKIko kide eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Sozial eta Solidarioa masterraren arduradun Enekoitz Etxezarreta Etxarrik hartu zuen hitza jarraian, gizarte ekonomiaren mugarri nagusien ibilbide historikoa egiteko; 1844an Rochdalen sortutako lehen kontsumo kooperatibatik hasita, Europan eta mundu osoan bizitzen ari den momentum-era arte. Ondoren, euskal gizarte ekonomiaren berezitasunak, haien lantaldetik proposatzen dituzten printzipioen birformulazioa eta gizarte ekonomiaren eragina izan zituen hizpide.

“Gure lurraldeko ekonomia soziala berezia da duen enpresa-muskuluagatik, gure mugetatik kanpo ekonomia soziala batez ere kontsumoko edo nekazaritzako kooperatibetan zentratuta baitago. Euskal Herria oso herri industriala da, kooperatiba-tradizio handikoa, eta bi faktore horiek elkartzeak enpresa-eredu oso indartsuak sortu ditu”. Etxezarretak azaldu zuenez, enpresa horiek hiru mailatako konpromisoak hartzen dituzte: mikro (pertsonak erdigunen jartzen dituzte), meso (erakunde kolektibo eta demokratikoak dira) eta makro (ingurunearekin konprometituak). Hiru konpromiso horien bidez, izaera soziala aldarrikatzen duten gainerako enpresa tradizionaletatik erraz bereizi daitezke. Amaitzeko, egungo gizarte ekonomiaren eta haren etorkizunaren definizioari buruzko gogoeta batzuk azaleratu zituen.


Esperientzia esanguratsuak

Ondoren, gizarte ekonomiako zortzi enpresatako ordezkariek beren proiektuak azaldu zituzten, ideien eta ezagutzen arteko truke aberasgarria sortuz:

Joxean Hernandez, Impact Hub Donostiako zuzendaria.
“2008ko krisi ekonomikoaren ondoren, gizartea eraldatzeko asmoa genuen lagun talde bat elkartu egin ginen, Donostian berrikuntza soziala sustatuko zuen lan-espazio partekatu bat sortzeko. 2012an nazioarteko Impact Hub sarearekin bat egin genuen, eta 2013an Impact Hub Donostia S. Coop irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu genuen, mota horretako munduko Impact Hub bakarra. Gaur egun, 17 bazkide kooperatibista gara, horietatik 6 liberatuta gaude eta Tabakaleran daukagun coworking gunean egiten dugu lan. Era berean, enpresa-ideia eta -proiektu berritzaile eta kolaboratiboak garatzen laguntzeko beharrezkoak diren loturak sustatzen eta laguntzen dugu, eta sortzen ditugun irabazien % 95 kooperatiban geratzen da”.

Alberto Gastón, EMAUS Taldeko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Zerbitzuaren koordinatzailea.
“Gizartearen gehiengoak gure izebergaren punta ezagutzen du, hau da, hondakinen kudeaketan egiten dugun lana; baina EMAUS Fundazioak prozesu eraldatzaile indibidualak zein kolektiboak sustatzen eta laguntzen ditu, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-esparruetan. Gure lana bi ardatzetan banatzen da: batetik, esku-hartze soziala eta zerbitzuen kudeaketa, eta, bestetik, ekonomia solidarioa, laneratzeko eta hondakinak kudeatzeko enpresekin lotuta. Eredu neoliberala halabeharrez jaso dugun zerbait dela oinarri hartuta, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa aldarrikatzen dugu. Gure langileen % 75ek gizarte-bazterkeriako errealitateak dituzte”.

Sara Jaurrieta, Matia Fundazioko Antolakuntza Garapeneko zuzendaria.
“Matia irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du Gipuzkoan zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen. Zentzuz bizitzea da gure helburua laburbiltzen duen leloa, eta balio nagusiak jarrera positiboa, komunikazio irekia, konfiantza eta lankidetza dira. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta horregatik, Matiak pertsona bakoitzaren beharrak errespetatzen dituen laguntza pertsonalizatua eskaintzen du. Osasun-, egoitza-, komunitate- eta ikerketa-arloetan lan egiten dugu, bost eta hamar urte bitarteko epean egoitzei buruz hitz egitetik etxebizitza arruntei buruz hitz egitera pasatu gaitezen”.

Pablo Nuñez, Katealegaiako zuzendaria.
“Katealegaia lan-sozietate bat da, eta bi alderdi uztartzen ditugu: desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sortzeko eta mantentzeko dugun funtzio soziala; eta enpresa liderrekin lankidetzan aritzen den industria-hornitzaile gisa dugun zeregina. Gaur egun, 12 ekoizpen-planta ditugu Gipuzkoan eta 1.000 langile. Lanbideren zentro laguntzailea gara desgaitasuna duten pertsonentzat, eta desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa errazteko eta bultzatzeko, bitartekaritza-zerbitzua eskaintzen dugu. Gainera, antolaketa-eredu berezia dugu, proiektuan parte hartzen eta laguntzen duten erakundeen konpromisoari esker”.

Marian Tapia, Zorrotz Legazpiko gerentea.
“Zorrotz 60 urteteik gorako ibilbidedun familia-enpresa bat zen, materialak mozten espezializatua; eta 2008ko krisi ekonomikoaren eta belaunaldien arteko errelebo faltaren ondorioz, lan-sozietate izatera igaro zen. Enpresa lehiakideei saltzeko aukerak egon baziren ere, langileok hura eskuratzeko eta eraldatzeko aukera izan genuen, ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearen laguntzarekin. Gaur egun, 45 langile inguru gara, eta horietatik % 90 baino gehiago bazkideak gara”.

Angelica López, Tecnaliako Zaintza Teknologikoko eta Negozio Inteligentziako taldeko arduraduna.
“Tecnalia irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua da, eta oso xede eta ikuspegi soziala ditu; izan ere, teknologiaz gain, oparotasuna eta eragin ekonomikoa bilatzen ditugu. Gainera, gure kudeaketa-ereduaren barruan, GJHekin bat datozen jarduera-eremuak txertatu ditugu. Gaur egun 1.500 langile gara, eta gehienok hiru egoitza nagusitatik egiten dugu lan. Gurea sektore maskulinizatua bada ere, plantilla parekidea dugu, baita zuzendaritza mailan ere, eta bezeroei eta administrazioari orientazioa eskaintzen diegu trantsizio teknologikorako aukerak ikusten laguntzeko”.

Aitor Uriondo, Axular Lizeoaren zuzendaria.
"Axular Lizeoa, Euskal Herriko ikastola gehienak bezala, gizartearen bultzadari esker eta honen beharrei erantzuteko helburuarekin sortu zen. Pertsona talde bat izatetik elkarte izatera igaro ginen, familia kooperatiba bihurtzeraino, ez bakarrik maila juridikoan, baita erabakiak hartzerakoan ere, izaera kooperatiboa baitugu. Eta etorkizunak zer ekarriko digun ez dakigun arren, oso argi dugu nolako pertsonak prestatu nahi ditugun: pertsona autonomoak, euskaldunak, kooperatiboak, sortzaileak eta pentsamendu analitiko-kritikodunak”.

Iñaki Zabaleta, Badia Berriko zuzendaria.
“Gure jarduera nagusia eskulanean prozesu industrial intentsiboak azpikontratatzea da, bereziki, kautxuzko piezei bizarra kenduta, eta gure helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten Oarsoaldeko pertsonak laneratzea da. Langileen kontziliaziorako erraztasunak eskaintzea, kultura-aniztasuna, Oarsoaldeko Garapen Agentziarengandik jasotzen dugun laguntza eta gure enpleguen dibertsifikazioa dira gizarte-ekonomiako enpresa gisa nabarmentzen gaituzten ezaugarriak”.


Gizarte-ekonomiaren etorkizuna

Eguerdiko etenaldiaren ondoren, arratsaldeko eztabaidak gizarte ekonomiaren etorkizuna izan zuen aztergai. Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko harreman instituzionaletako zuzendariaren; Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiaren; Esther Irigaray Aquarium Donostiako zuzendari eta Fundazioen Euskal Konfederazioko presidentearen; eta Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluuko lehendakari eta Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariordearen arteko solasaldia moderatu zuen Kepa Kortak.

Albizurik umorearen bidez azaldu zuen Mondragon Korporazioaren izaera: "Ingeniari gisa, Mondragon Korporazioa fisikaren legeen aurka doala esan ohi dut, zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta gutxiago ikusten baita. Baina ez hori bakarrik: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua ere rara avis bat da, beste inon ez baitira erakundeak, unibertsitateak eta enpresak elkartzen gizarte ekonomia sortu eta bultzatzeko.

Gizarte ekonomiako erakundeen euskal sare zabala eragin duten faktoreei buruz galdetuta, Vitoriak hiru nabarmendu zituen: lurraldearen tamaina, herritarrek gizarte-premiei erantzuteko duten iniziatiba, erakundeek esku hartu arte itxaron gabe; eta euskal enpresek etekinak enpresan inbertitzeko duten joera, “hemendik kanpo ez baita horren erraz ulertzen”. Albizurik, bere aldetik, laugarren elementu bat gehitu zuen: euskal gizarteak industriaren alde egindako apustu kolektiboa.

Vitoriak, gainera, Gureak-ek eraginari buruzko xehetasunak eman zituen: “EHLABE elkartetik saiatu gara enpresaren balio sozial integratua kuantifikatzen. Atentzioa ematen duen lehen datua da zergetan bakarrik (BEZa, PFEZa, etab.) sistemak emandako euro bakoitza itzultzen dugula; kotizazio gabeko pentsioak sartzen baditugu, aldiz, ratio hori 1-2 bihurtzen da, hau da, bi euro itzultzen dizkiogu sistemari gugan inbertitzen duen euro bakoitzeko. Baina, horrez gain, merkatuan kuantifikatzeko askoz zailagoak diren beste gizarte-adierazle batzuk ere kontuan hartzen baditugu, hala nola, Gureak-eko langileak ez direla eguneko zentroetara joaten, lanean ari diren bitartean senideek ez dituztela zaindu behar, etab., egiten dugun ekarpena askoz ere handiagoa da.

Irigarayk, bere aldetik, fundazioek gizarte ekonomiako beste forma juridiko batzuekiko duten balio diferentzialean jarri zuen arreta: “Fundazioek helburu publiko bat lortzen laguntzen dute, hau da, ezagutza sortzea eta ezagutza hori gizarteari eskaintzea. Gainera, irabazi asmorik gabeko enpresak dira, beren produktuak merkaturatu nahi ez dituztenak; eta horregatik, merkatuaren joeretatik haratago funtzionatzen dute, eta soberakin guztiak banatzen dituzte erakundearen helburua lortzeko”.

Etorkizuneko erronkei buruz galdetuta, laurek adierazi zuten beharrezkoa dela gizarte ekonomiaren balioak gazteei hurbiltzea. Olabarriak azpimarratu zuenez, “Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilutik egin ditugun inkesten bidez ondorioztatu dugu gazteek kooperatibismoa ezagutzen dutela, haien balioekin lerrokatuta daudela, eta, gainera, lana aukeratzeko garaian garrantzitsutzat jotzen dituzten hainbat ezaugarri biltzen dituela, hala nola, kontziliatzeko aukera edo barne-erabakiak hartu ahal izatea”. Laurek ondorioztatu zuten gako nagusia kolektibo horrengana hurbiltzeko dela, gazteriaren berezko grinarekin konektatzeko eta etorkizunerako eredu eta aukera berriak sortzeko.

Ekitaldiaren BIDEOA.

Newsletterrera harpidetu

DATUEN BABESA

Datuak babesteko indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, jakinarazten dizugu emandako datuak DONOSTIAKO UDALAK tratatuko dituela, tratamenduaren arduradun moduan, eta DONOSTIA SUSTAPENAK, tratamenduaren eragile moduan, informazio eta/edo sustapen buletinak helarazteko xedearekin.

Zure datu pertsonalen tratamendurako legitimotasun oinarria da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorraren 6.1.a) artikulua, interesdunaren baimena.

Ez da aurreikusi zure datu pertsonalen lagapenik ez eta hirugarren herrialdeetara edo nazioarteko erakundeetara datuen transferentziarik egitea, legezko obligazioak betetzeko salbu.

Tratamendu honen objektua diren datu pertsonalak gordeko dira jaso ziren xedea betetzeko beharrezkoa den denboran zehar eta xede horretatik eta datuen tratamendutik erator litezkeen erantzukizun posibleak argitzeko beharrezkoa den denboran zehar. Artxiboen eta dokumentazioaren araudian xedatutakoa aplikagarria izango da.

Sarbide, zuzenketa eta ezabaketa eskubideak eta datuak babesteko indarrean dagoen araudian ageri diren gainerako eskubideak baliatu ahalko dira, egokia denean, Donostiako Udaleko Udalinfo Zerbitzuari idazki bat helarazita, Ijentea kalea, 1, 20003 Donostia helbidean, idazkiaren gaian “Erref. datuen babesa” adierazita, edo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bitartez.

Norberari dagozkion eskubideak baliatzean behar bezalako arreta ez jasotzekotan, erreklamazio bat aurkeztu ahalko da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean. Helbidea: Beato Tomas Zumarraga kalea, 71 - 3. solairua - 01008 Vitoria-Gasteiz. Hala ere, aldez aurretik eta aukerako moduan, Datuen Babeserako Ordezkariari idazkia helarazi ahalko zaio helbide elektroniko honetan: dbo@donostia.eus.

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.
Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak