Beharren aurrean erantzuteko, taldean elkartu eta alternatibak bilatzeak emaitza berezi bezain ederrak ekarri ditzake. Horren adibide da aurten 50 urte bete dituen New Yorkeko Food Coop elikagaien kooperatiba. Egitasmoaren testuingurua eta protagonistak ezberdinak diren arren, euskal ereduarekin eta dinamikekin lotura estua dutela argi geratu zen atzo Donostia Zinemaldian, kooperatibaren nondik norakoak jasotzen dituen dokumental homonimoaren proiekzioan, eta osteko solasaldiak alternatiba horien bideragarritasuna eta etorkizunean izango duten pisua agerian utzi zuen.
Emanaldia 18:00etan abiatu zen Trueba zineman, eta bertan izan ziren Maravillas Espín Espainiako Gobernuko Lan Autonomoaren, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren zuzendari nagusia; Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; Mikel Larrea EROSKIko Komunikazio eta Harreman Korporatiboetako zuzendaria; eta Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko Erakunde Harremanetarako zuzendaria.
Gizarte Ekonomiari lotuta, euskal lurraldearen berezitasuna azpimarratu zuen Espinek, eta horrek bultzatuta egin zutela Donostiaren izendapena. Perezen hitzetan, nabarmendutako helburuetatik haratago, Hiriburutzak badu beste asmo garrantzitsu bat: nazioarteari ez ezik, euskal gizarteari ere ekonomia eredu honen balioa eta enpresa-sarean duen pisua ikusaraztea.
Larreak azaldu duenez, gainera, hezkuntzari, energiari eta elikadurari lotutako kontsumo kooperatibak dira nagusi gurean, gizartean detektatutako beharrei erantzuteko sortzen joan direnak, eta Albizurik, Mondragon Korporazioak nazioartean sustatzen dituen proiektuez gain, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak argitaratutako 2023ko Txostenaren berri eman zuen; bertan, ekosistema kooperatiboen eredu gisa nabarmentzen dira Kibbutz-en mugimendua eta Mondragon Korporazioa.