Donostiako Udaleko Estrategia Bulegoak hiriko 2030eko Plan Estrategikoa garatzeko prozesuarekin jarraitzen du, eta abenduan aurkeztuko du jendaurrean.
Eszenatokia eta helburu estrategikoak zehaztu ondoren, besteak beste, elkarrizketa ugari egin dira hiriko hainbat esparrutako eragileekin, ekintza-ildo nagusiak zehazteko. Azken horiek izan dira, hain zuzen ere, azken egunetan Plan Estrategikorako Lan Batzordeak berrikusi dituenak. Batzorde horrek ekarpenak egin zituen urriaren 25ean izandako topaketan.
Atzo, Gizarte Kontseiluaren txanda izan zen. Hiriko organo aholku-emaile gorenak ere zuzenean aztertu zuen 2030eko Estrategiaren dokumentua, eta behin betiko berresteko proposamenak mahai gainean jarri zituen.
Beraz, aldaketa horiek txertatu ondoren onartuko da hurrengo hamarkadarako hiriaren "ibilbide-orria" izango dena.
Hain zuzen ere, abenduaren 2an Tabakaleran egingo den ekitaldi publiko batean jarriko da abian hiriaren estrategia berria, eta bertan izango dira, besteak beste, prozesuan parte hartu duten hainbat eragile.