Legealdia ixteko asmoz, hiriaren inguruko ikuspegi ezberdinak ezagutzeko tartea izan zuten bertaratuek, Gizarte Kontseiluko kide diren sei norbanako edo entitateetako ordezkariren aurkezpenen bidez.
Hitza hartzen lehena SODEPAZ Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntzako Kontseiluko kide Kepa Torrijos izan zen, eta berak ordezkatzen duen erakundearen bi erronka nagusiei egin zien erreferentzia, azken urteetan antolatutako jardueren irudiak bistaratzen ziren bitartean. “Gizateria eta bizitza bidegurutze baten aurrean daude uneotan. Paradigma aldatzea funtsezkoa da pertsona erdingunea kokatzeko eta dirua eta ekonomia instrumentu gisa ulertzeko, eta ez helburu moduan”, azaldu du.
Jarraian, Jone Berriozabalek hartu du hitza, Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako Sailburuordeak. Gizarte Kontseiluaren dinamikotasuna eta parte-hartzea balioan jarri nahi izan ditu, eta hiriak azken urteetan egindako urrats garrantzitsuetako hainbat azaldu ditu, hala nola, hainbat espazio donostiarrentzako berreskuratu izana, kulturaren eta sormenaren sektore estrategikoei eman zaien bultzada, zientziaren eta garapen ekonomikoaren arteko oreka bilatzeko egindako lana, eta hirian errotutako dauden unibertsitate zein orotariko zentroek Donostia nazioartean proiektatzeko egindako ahalegina.
Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreorde Xabier Riezuk, bere aldetik, ordezkatzen duen erakundeak aurkeztu berri duen Plan Estrategikoaren bost heburuak azaldu ditu, hiriaren E2030DSS estrategiaren argipean eta harekin lerrokatuta garatutakoak, eta haien izaera ekintzailea balioan jarri du. “Deustuko Unibertsitatea eragile garrantzitsua da hirian, urtez urte % 10eko hazkundea baitugu. Gainera, irabazi asmorik gabeko proiektua izanik, gure helburuekin bat egiten duten egitasmoetan inplikatzen gara eta haien alde lan egiten dugu”.
Ondoren, Maddi Juanikorenak hartu du hitza, Euskararen Kontseiluaren eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen izenean. “Donostian ematen ari diren eraldaketa prozesuek hizkuntzaren transmisioan eta biziberritzean duten eragina aztertzea ezinbestekoa da. Euskarak gertuko harremanetan du indarra, harreman komunitario eta kolektiboetan”, azaldu du, eta lotura horiek zaintzea hiritiarren garapen integrala zaintzea dela gogoratu du: “Hiriak ez baditu oinarrizko behar horiek bermatzen, ez da bizigarria izango”.
Gipuzkoako Bazkundeko Marketing zuzendari Iñigo Muguruzak, aldiz, hiriaren eta lurraldearen argazkia egin du, bertan errotuta dauden enpresen eta politika ekonomikoen ikuspegitik. Gipuzkoa oso lurralde industrializatua dela azpimarratu du, eta enpresak garaiko beharretara egokitu direla gaineratu; aldiz, Donostia zerbitzuen eta turismoaren hiria da, nahiz eta lehen horien profila, nagusiki, enpresei zuzenduta egon, eta lurralde osoari eragiten dion. Bere hitzetan, hainbat erronkari egin beharko zaie aurre datozen urteetan, tartean, enpresen garapen digitalari (sarean egotetik harago, bertan jarduteko gaitasunak eskuratzeari lotuta) eta garapen jasangarriari.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren zerbitzu-kabineteko buru Ander Arzelusen txanda izan da, eta instituzioek, herritarrekin ez ezik, elkarrekin jarduteak duen garrantziaz mintzatu da: “Erakundeen arteko lankidetza indartzeko, instituzioen barruko eskemak nola lantzen ari garen jakitea funtsezkoa da, eta beharra balego, horiek egokitzea”.
Zientziaren hiria
Sei aurkezpenen ostean, Donostiak zientziaren hiria bilakatzeko azken bi hamarkadetan landutako ibilbide estrategikoaz mintzatu dira Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendaria, Julio Arrizabalaga IIS Biodonostiako zuzendari zientifiko ohi eta sendagilea, eta Ricardo Díez Donostia International Physics Center-eko zuzendari eta ikerlaria.
Kortak, bere aldetik, hiriaren plan estrategikoek bilakaera honetan izandako garrantzia bistaratu du: “Donostia zientziaren alorreko nazioarteko erreferentzietako bat izatea ez da kasualitatea, sektorea indartzeko elkarlan publiko-pribatu garrantzitsu bat egon baita atzean, eta ekimen hauen lidergoa hartu duten pertsona askoren inplikazioa funtsezkoa izan da».
Arrizabalagak bi kontzeptu nagusiren gainean garatzen ari diren proiektua aurkeztu du: hiritarrena eta irekia den zientzia oinarri duen behategia. Gainera, osasunaren alorreko elkargo profesionalek eta ikerketa zentroek prozesu bat abiatu dutela kontatu du, elkarlanean landu ditzaketen ikerketaren alorreko gaiak identifikatzeko.
Díezek, azkenik, EHUren Gipuzkoako Campusean Ikerbasquek izango duen eraikinean instalatuko den ordenagailu kuantikoaren inguruko azalpenak eskaini ditu, eta fokua jarri du IBMk eta proiektuan inplikatutako gainerako eragileek Donostiaren alde hartutako erabakian: “Munduko seigarren ordenagailu kuantikoa izango da (Asian bi daude, Ameriketan beste bi, eta Europan orain arte bakarra, Alemanian), eta hura kokatzeko Donostia aukeratu izana urte askotako lanaren ondorioa da; instituzioen proiektua estrategikoek, haien arteko lankidetza hitzarmenek eta Donostiaren izaera zientifikoak berebiziko garrantzia izan dute”.
Enpresen kultura lantzen
Saioa amaitu aurretik, Ainara Arizabaleta Fabrikako Negozio Garapenerako zuzendariak hartu du hitza, eta urtarrilean ateak zabaldu zituen Erakundeen Trantsizio Kulturalerako Errendimendu Handiko Zentroaren helburuak eta jarduteko dinamikak aurkeztu zituen: “Gure egitekoa elkarteei laguntzea da, haien kultura hobetu dezaten, eta hala, kideen arteko harremanak hobetu daitezen eta eraginkortasunean irabazi dezaten”. Enpresek bizi duten testuingurua oso zaila dela gaineratu du, erronka handiei aurre egin behar dietelako, eta enpresaren kultura balio estrategikoekin lerrokatuta egotea berebizikoa dela nabarmendu du.
Amaitzeko, Zulaikak agur hitz batzuk egin ditu, azken hiru urteetan bidelagun izan dituen kideei, eskainitako babesa eskertuz.
Saioaren bideoa ikusgai dago LOTURA honetan.