Parte Zaharra, Intxaurrondo eta Donostiako 9 kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matía eta Larratxo) establezimenduen harrera oso ona izan da.
2015ean hiriko beste auzo batzuetara zabalduko da egitasmoa. Hala ere, baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk aukera izango du egitasmoan parte hartzeko www.euskaraz.net webaren bitartez merkatari atalean eskaera on line eginez gero. Bertan formulario bat betetzea nahikoa izango du eskaera egiteko.
#ereeuskaraz lehiaketa sare sozialetan
Euskararen erabilera sustatu eta ekimena ezagutzera emateko asmoz, bideo bat ere egin da, eta sare sozialetan #ereeuskaraz lehiaketa martxan jarri da. Lehiaketa martxan dago eta azaroaren 23ra arte egongo da zabalik. Epea amaituta, 10 irabazleen izenak ezagutzera emango dira. 50 euroko 10 sari banatuko dira, eta irabazleek diru hori egitasmoan parte hartzen duten establezimenduetan gastatu beharko dute urtea bukatu aurretik.
Lehiaketan parte hartzeko bi bide daude. Alde batetik, sare sozialen bidez, hau da twitter eta facebook erabiliz. Horretarako, parte hartu nahi duenak @euskaraz “atsegin dut” sakatu behar du edo laguna izan behar du, eta horrez gain txio bat idatzi behar du, #ereeuskaraz traola erabilita. Bestetik, identifikatutako establezimendu batera joan, euskaraz hitz egin eta bertan egongo den txartel bat betetzea nahikoa izango da lehiaketan parte hartzeko.