Lau egunetan zehar hirien etorkizunari buruz eztabaidatu zen "Gune Publiko eta Hiri-Paisaia" lelopean. CIDEU hiri iberoamerikarren sarean 126 hiri daude, hain zuzen ere, 120 milioi biztanle batzen dituzten 126 metropoli.
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari-koordinatzaile Kepa Kortak parte hartu zuten Santiago de Chileko Biltzarrean. Goiak hiriak adinekoentzat eta hiri lagunkoia izateko sustatzen dituen inklusio politikak azaldu zituen. Donostiako hiritarren hiru heren adineko pertsonak direla kontutan izanik, proiektu estrategiko garrantzitsua da hau hiriarentzat.
Donostiako alkateak ‘Donostia Lagunkoia’ programaren edukia zerrendatu zuen. Zentzu horretan, hiriak aldatzeak eta egokitzeak ez diola bakarrik hiriaren beraren fisonomiari eragiten azpimarratu zuen. “Izan ere, ohiturak ere aldatu behar dira, gune irisgarriak bilatu behar dira eta hainbat estrategia diseinatu behar dira gure hirietan gero eta pisu gehiago duen sektorea bizitzeko hiri atseginagoa izan dezan” adierazi zuen. Bestalde, Eneko Goiak parte hartu zuen Santiago de Chile, Oaxaca (Mexiko), eta Rosarioko (Argentina) eta Bartzelona hirietako agintariekin mahai inguru batean.
Bestalde, Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari-koordinatzaile Kepa Kortak, proiektuen mahaiean parte hartu zuen, Urumea ibaiaren balio-lanaren estrategia aurkeztuaz. Bere hitzaldian, Tabakalera Kultura Garaikideko Zentroa eta bere inguruan gertatu den eraldaketa eta Txomin-Enea proiektua Urumea ibai-parkea eta inguruneko hiri-eraldaketa izan zituen hizpide.
SANTIAGOKO ADIERAZPENA
Biltzarrean zehar CIDEU sarea osatzen duten hiriek Santiago-ko Adierazpena onartu zuten, eta bertan, segidako konpromisoa hartu zuten: lehenbailehen ibilgailuek hartu dituzten gune publikoak berreskuratzea hiritarren zerbitzura jartzeko. Eta horretarako, behar diren kultura aldaketak sustatuko dituzte hirigintza-inklusibo eta gertuko hirigintza proiektuak garatzeko.
Era berean, onartutako agiriak dio, gune publikoak elikatu behar direla jarduera agenda baten bitartez, eta agenda hori hiritarrekin adostu eta berrikusi behar dela, izan ere, hiritarrekin elkarlanean hiriko paisaia landu behar da.
Eneko Goia alkateak Batzarraren amaieran CIDEUren barruan egiten den elkarlana oso lagungarria dela hiriko plangintza estrategikoaren prozesuan adierazi zuen.”Izan ere, balio digu beste hainbat hiritan - horietako batzuk gure hiriaren oso antzekoak, eta beste batzuk, ordea, oso ezberdinak - dauden esperientziak ezagutzeko” azpimarratu zuen.
“Azken finean, hiri guztiek helburu bera dugu: hiriak hiritarrentzat leku humanoagoak izatea" azpimarratu zuen Goiak.