Donostiako Gizarte Kontseiluak antolatutako eta Eva Monentek zuzendutako eztabaida-saiotik eratorritako ondorio nagusia hau da: hiriko airearen kalitatea ona den arren, oraindik hobetzeko tarte handia dagoela. «Oro har, airearen kalitatea zehazteko neurtzen diren parametroek hobera egiten jarraitzen dute; izan ere, gasolioaren eta gasolinaren kontsumoagatik kutsatzaile horien jatorri nagusia diren ibilgailuek, ezarri diren araudien bidez, euren emisioak murriztu dituzte», azaldu du Benaitok.
Osasunaren Mundu Erakundeak 2021ean aldatu zuen alor horri lotutako gomendioa, muga zorrotzagoak ezartzeko. Izan ere, Benaitok adierazi duenez, «Hobetzeko marjina teknologiaren, ekonomiaren eta, azken batean, egiteko prest gaudenaren araberakoa da. Izan ere, ezagutza zientifikoa aurrera doa, eta lehen aztertzeko gaitasunik ez genuen hainbat elementu, orain aztertzeko gai gara». Hori dela eta, airearen kalitateari buruzko plan klimatikoa prestatzen ari da Udala OMEk gomendatzen dituen parametroetara iristeko; hala, hirian urtean 200 heriotza goiztiar saihestu ahal izango direla ondorioztatu da.
Cabaleirok, bere aldetik, enpresa askoren itxiera ekarri zuten industria-krisiak izan ditu hizpide, eta horrek ibaien eta kutsadura atmosferikoan izan zituen ondorio positiboak azpimarratu ditu: «Altzairutegiak kutsadura-iturri garrantzitsuak ziren, baina gaur egun, desagertu ez direnak asko hobetu dira, eta, beraz, egoera nabarmen aldatu da". Hiriko kutsaduraren eragile nagusia trafikoa da egun, eta Cabaleiroren iritziz, “konponbidea gure esku dago».
Müllerren aburuz, halaber, konponbidea gutako bakoitzaren pentsamolde aldaketatik abiatzen da: «Egiten dugunak eraginik ez duela pentsatzen dugu, baina badu, botere hori gure esku dago, eta gautza txiki asko egin ditzakegu egoera hobetzeko». Gainera, gazteak kontzientziatuago daudela uste du, informazio asko zuzenean eskura dezaketelako eta krisi klimatikoaren ondorioak zuzenean pairatzen ari direlako.
Beste kutsadura mota batzuk
Trafikoaz gain, Udaleko Osasun eta Ingurumen Sailak jarraipen bereziak egiten ditu Añorgako zementu-fabrikan eta Zubietako instalazioetan. Hots-kutsadurari dagokionez, zarata-mapak eta soinu-giroa hobetzeko planak garatu dira. Benaitok azaldu duenez, «Mapak ordenagailuko programen bidez egiten dira, kaleetako trafikoan eta geometrian oinarrituta. Horiei esker, zaratak etxebizitzetan eta biztanleengan duen eragina kontrola dezakegu».
Gure esku
Egungo egoera hobetzeko gutako bakoitzak egin dezakeenaren inguruko galderari erantzunez, gure bizitzako alderdi ezberdinetan kontzientzia hartzea funtsezkoa dela azaldu du Müllerrek: zer erosten dugun, nola, erositakoa nola zaintzen dugun, erabiltzen dugun, birziklatzen dugun… «Horri guztiari buelta batzuk eman behar dizkiogu jasangarriagoak izateko». Benaitok, aldiz, herritarrek eta administrazioek elkarlanean aritzeak duen garrantzian jarri du arreta: «Gizarte oso konplexu batean bizi gara, eta arauak ditugu gauza askotarako: trafikorako, produktuen segurtasunerako, elikagaietarako… Helburuak jarri eta bete behar ditugu, arauak bete egin behar baitira».
Hitzaldia amaitzeko, Begoñak mezu bat bidali nahi izan die gazteei: «Ardura hori ematen ari gatzaizkizue, eta ez dut uste bakarrik egin behar duzuen lana denik. Gainera, politikoki esnatu eta askoz gehiago aldarrikatu behar duzue, arazoa eragin dugunok hura konpontzeko ardura har dezagun».
Saio osoa entzungai duzue ESTEKA HONETAN.