Donostiak 2019ko Europako Sariari ongietorria emango dio. Udalak jarduerez beteriko egitaraua prestatu du, “hiriak Europarekin duen konpromisoa eta inplikazioa” aitortuko duen saria emateko ardura duen Europako ordezkaritzak Gipuzkoako hiriburura datozen bi egunetan egingo duen bisitari begira.
Ekitaldi nagusia ostegunean, irailaren 19an, ospatuko da. Haur, gazte eta helduez osatutako danborrada baten danbor-arradek hiriko hainbat kale zeharkatuko dituzte. Danborradak Alderdi Ederren amaituko du bere ibilbidea eta bertan ordezkaritzari harrera egingo dio. Egitarauaren jarduera aipagarrienetakoa izango da eta egun horretan bertan Udaleko Osoko Bilkura Aretoan 19:00etan ospatuko den Sariaren banaketa-ekitaldiaren ataria izango da. Ekitaldian hainbat herrialde ezberdinetako hamar bat parlamentariez, La Daira de Bojador bezalako hiri senidetuez eta 2016an sari bera jaso zuen Gironako alkateaz osatutako delegazioak parte hartuko du, besteak beste. Instituzio, erakunde eta kolektibo ezberdinetako ehun ordezkari baino gehiagok ere beraien parte-hartzea baieztatu dute.
Eneko Goia alkateak, Kęstutis Masiulis Europako Sariaren Azpibatzordeko lehendakariordearen eta Parlamentu Biltzarreko lehendakariordea den Joseph O’Reilly jaunaren eskutik jasoko du saria.
Hala ere bihar, irailaren 18an, Udalak antolatutako ekintzak ere egongo dira. Ordezkaritza Aieteko Bakearen Etxera joango da 17:00etan. Bertan, "Europako Sariaren 60. urteurrena" erakusketa bisitatzeaz gain, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Saileko eta Globernanceko (Gobernantza Demokratikoaren Institutua) arduradunek harrera egingo diote. Bilera amaitu ondoren, bisitaren beste mugarrietako bat gauzatuko da: Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarreko agintarien eta hiriko gazteen arteko elkarrizketa. UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitatea-Leinn, Tecnun, Deusto, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, European Youth Parliament eta La Asunción Ikastetxeko ikasleek taldekako dinamika batean parte hartuko dute. Bertan, besteak beste, honako gai hauek eztabaidatuko dira: gazteek Giza Eskubideak bultzatzeko duten zeregina eta erakundeek Europako balioak sustatzeko duten ardura. Topaketa Aieteko Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 18:15etik aurrera, eta bi aldeen arteko hurbilketa eta elkarrizketa irekia sustatzea izango du helburu.
Ondoren, ordezkaritza Donostiako Udaletxera joango da eta bertan harrera ofiziala egingo diote, Eneko Goia alkatearen eta Udalbatzaren eskutik.
Europar Batasuneko koloreekin bat etorriz, gainera, irailaren 18ko eta 19ko gauetan udaletxeko fatxada urdinez argiztatuko da.
Ibilbide luze baten errekonozimendua
Europako Kontseiluak apirilean ospatutako Legebiltzar Batzarrean iragarri zuen Donostiako hiria Europako Sariarekin saritua izan zela. Bertan, lankidetza eta promozio ekintza ezberdinen bidez gauzatzen diren hiriaren europar izaera eta izpiritua nabarmendu zituen Europako Kontseiluak.
Eneko Goia alkatearen esanetan, saria “ibilbide luze baten onarpena da, gure hiriak aspaldian egin duen Europa justu eta solidario baten aldeko apustua sarituz. Bide honek mugarri batzuk izan ditu, tartean 2016an bizitako Europako Kultur Hiriburutza bera”. Berez, Europako Kontseiluak hiri bati ematen dion sari garrantzitsuena da honakoa. Garaikurra, brontzezko domina, pergaminoa eta gazteentzako ikasketa amaiera ordaintzeko bekak eskaintzen ditu sariak, Europako erakunde nagusiak ezagutzeko helburuz.
Donostiako hautagaitza dossier baten bidez aurkeztu zen, baita bideo baten bitartez ere, non donostiar zein atzerriko herritarrek hiriak bultzatu eta barreiatzen dituen balioak azaltzen dituzten.
Saria Europako 47 estatuetako hirien artean banatzen da eta, beraz, Donostiak bat egin du hori lortu duten udalerrien zerrenda esklusiboarekin.