Dresdengo Udalak antolatutako topaketan, Europako Errejioen Batzordeko ordezkariak izan ziren, baita Europako beste hiri batzuetako alkateak ere, hala nola Wroclaw (Polonia), Strasbourg (Frantzia), Mechelen (Belgika), Vantaa (Finlandia), Hertogenbosch (Herbereak), Aachen (Alemania) edo Graz (Austria).
Donostiak dituen datu sozioekonomikoak azaldu ondoren, Goiak ondorioztatu zuen Donostiak ‘gizarte kohesio indartsua daukala’. ‘Donostian oraindik ere tartea badago hiriko auzo eta gune ezberdinen arteko aberastasun mailari erreparatuz, baina gure inguruko eta Europako beste hiri batzuekin alderatuz oreka handiagoa dugula esan genezake”, adierazi zuen.
Euskal Herrian ETAren indarkeri garaia amaituta, gizarte kohesioa sendotzeko bizikidetzan oraindik ere ‘urratsak daude emateko, besteak beste biktimei eskaini beharreko arretan’. Nola nahi ere, Goiak azaldu zuen azken urteotan ‘asko aurreratu dugula’ bizikidetzan eta, hala, Donostiako Kultura Hiriburuak ‘aurrerapausu handiak’ suposatu zuela nabarmendu zuen. Horren adibide bezala Adiorik gabe proiektua azpimarratu zuen, hamalau biktimaren memoria musikal eta literarioaren bidez terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak omentzeko hiru errezitaldi antolatu zituen programak.
Horrekin batera, adin nagusikoen alde Udalak duen “Donostia Lagunkoia” programa azaldu zuen. Nagusienei ematen zaien arretan oinarri sendoa ezartzearen beharra azpimarratuaz.
Hizkuntza aldetik, Euskadin hizkuntza aniztasuna kohesio tresna izateko jarraitu diren politikak ere azaldu zituen Donostiako alkateak, ‘hizkuntza aniztasuna, kultura aniztasuna ere modu egokian garatuta gizartearen kohesioan eragin zuzena duelako’.
Kepa Korta, Estrategia Bulegoko zuzendariaren agerraldia, mahai-inguru baten baitan izan zen. Bertan, hainbat hirietako ordezkarirekin eztabaida demokratikoaren eta partaidetzaren ikuspuntutik egin daitekeena aztertu eta partekatu zuten. Kortak, hiriko plan estrategikoaren parte-hartze eredua azaldu zuen, Gizarte Kontseilua organo gakoa bezala. Bestetik, bizikidetzan kulturak duen garrantziari buruz mintzatu zen. Mahai ingurua, Dresden, Schweinfurt, Postdam (Alemania) Milan (Italia), Tesalonika (Grezia) eta Coventry (Erresuma Batua) hirietako ordezkariez osatuta zegoen.