Horrela, Donostiako Udala kontratazio arduratsuaren irizpideak dokumentu bakar batean batzen duen lehenengo udala bilakatu da. Kontratu edo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei klausulak nola aplikatuko diren argitzearren, gida bat eta aplikazio informatiko bat egingo ditu Udalak. Dokumentua, Gobernu Batzarrean onartu beharko da.
Donostiako Udal Gobernuak eta haren mendeko erakundeek produktu eta zerbitzuen erosketa eta kontratazio sozialki arduratsua aplikatuko dute. Egitasmo honen arabera, enpresa guztiei, gutxienez, Gipuzkoako lan hitzarmenak betetzea eskatuko zaie, azpikontratazioa mugatuko da (gehienez ere obra edo zerbitzu osoaren kostuaren %30 azpikontratatu ahal izango da); urtero kontratu batzuk erreserbatuko dira desgaitasunak dituzten edo gizarte bazterketa egoeran dauden kolektiboak integratzeaz arduratzen diren enpresentzat eta zentro berezientzat.
Kanpoko produktuei dagokienez bidezko merkataritzakoak lehenetsiko dira; banka etikoaz baliatzea kontuan hartuko da; enpresa guztiek Udalean onartu zen 1991ko Euskararen Erabilera Araua bete beharko dute, baita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legea ere; eta produktu, zerbitzu edo obren ingurumen jokabidea kontuan hartzeaz gain, materialei dagokienez, baldintza zehatzak ezarriko dira, batetik, baliabide naturalak aurrezteko, eta bestetik, merkatuan ingurumena gehiago errespetatzen duten produktu eta zerbitzuak zabaltzea bultzatzeko.
Hala, Donostiako alor publikoan, klausula hauen ezarpenak langile guztien eskubideak bermatu, gizarte babesa eman, etika irizpideak ezarriko, diskriminazio egoerak eragotzi, berdintasuna sustatu, hizkuntz betebeharrak zaindu, eta ingurumena babestuko du.
Udalak kontratu edo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei klausulak nola aplikatuko diren argitzearren, gida bat eta aplikazio informatiko bat egingo ditu. Gainera, dagokion udal departamentuko teknikariek aholkularitza indibidualizatua emango diete.