CIVITASen Urteko Hiria saria garraio iraunkorragoaren alde Europan ematen den saririk garrantzitsuena da. Azken urteotan sari hori eskuratu duten hiriak, Donostiaren aurretik, Utrecht, Bolonia eta Gante izan dira.
Juan Karlos Eizagirre Donostiako alkateak Gasteizen egin zen Civitas Forumen inaugurazio ekitaldian jaso zuen saria, Jon Albizu Donostiako Udaleko Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Mugikortasun zinegotziarekin eta Gerardo Lertxundi Dbuseko Zuzendari gerentearekin batera.
Sari honi duela gutxi DBUSek jasotako beste bat batu behar zaio. Bere web orria, diariovasco.com-ek urtero ematen dituen sarietan Gipuzkoako administrazioko web onenaren bereizketa lortu du.
CIVITAS hirien sarea hirietako bizimodua erraztu eta hobetzeko asmoz teknologiak garatu eta neurriak ezartzea helburu duten 200 hirik osatuta dago.
Dbusek, Donostiako Udalarekin batera, hiria ordezkatzen du CIVITAS-Archimedes proiektuaren barruan, zeinak garraio iraunkorraren erabilera bultzatu, efizientzia energetikoa hobetu eta garraio seguruago eta erosoagoa eskaintzeko helburua duen.
Saria ematerakoan funtsezkoak izan dira Dbusek garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta autobusaren zerbitzua etengabe hobetzeko ekintzak, bai eta garraio ez kutsatzaileen erabilera sustatzeko aurrera eramandako ekimenak ere. Epaimahaiaren esanetan, Donostiak hiriko bizimoduaren kalitatea nabarmen hobetzen laguntzen duten irtenbideak inplementatzen ditu, inplementatu ere "ikuspegi integratzailea"rekin eta batzuetan polemika dakarten neurriekin.
Autobusaren erabileraren etengabeko gorakada dugu sustapen neurri horien adibidea, besteak beste honako neurri hauena: ahalmen eta maiztasun handiko BRT 2 lineak sortzea, autobus zerbitzua industria eta negozioak dauden guneetara zabaltzea eta bus erraiak sortzea. Neurri horiei esker urtean 29 milioi bidaiari izatera heldu ahal izan gara, Europan biztanleko dagoen garraio publikoaren erabilera ratiorik handienetakoa. CIVITASen "Urteko hiria" izeneko sariarekin Dbus eta Donostia erreferentzia sendo bihurtu dira ingurumena errespetatzen duten eta, bide batez, hirien garapen iraunkorra ahalbidetu eta hiriko biztanleen bizimoduaren kalitatea handitzen duten garraiobideak bultzatzen eta horiekiko kontzientzia hartzen duen hiri gisa.