Urteko Biltzarrean Latinoamerika eta Europako adituak bildu dira gogoeta egiteko eta CIDEU sarea osatzen duten hirien artean jakintza partekatzeko proiektu egokiak hautatzeko.
Topaketa hori apirilaren 3tik 5era bitartean egin dute Medellínen, Bizitzarako Hiriak leloarekin . Orduan, 2016ko XXIII. Kongresuaren egoitza Donostia izatea erabaki zuen Biltzar Nagusiak, Europako Kultura Hiriburua den urtean, hain zuzen. Kongresua Munduko Hiri Foroarekin lotuta egon da aurten; hiri-garapen jasangarriari eta plangintza estrategikoari buruzko Nazio Batuen topaketarik handiena da hori, eta apirilaren 5etik 11ra bitartean egiten ari dira Kolonbiako hirian. Biltzarrak Bizitzarako Hiriak leloa izan du bi kasuetan, ekitatea, gizarteratzea, balioak… landu nahian, desberdintasun ekonomikoei aurre egin behar zaiela, eta bereziki, munduko populazioaren bi heren baino gehiago bizi den hirietan gertatzen direla ulertuz.
Asmoa sareak sortu eta elkartzea da, berdintasun horretarako bidean hirietan eta hirietatik aurrerapausoak emateko helburuarekin.
Topaketa horretan 2016ko Europako Kultura Hiriburuaren berri eman diete hiri ugaritako alkateei eta teknikariei.
Biltzarraren ondorioak (Medellíngo Adierazpena deitutakoa) astelehenean, apirilak 7, aurkeztu zituzten Munduko Hiri Foroan. Bertan, Estrategia Bulegoko zuzendaria den Kepa Kortak Europako kultura-hiriburutzaren proiektuaren lerro nagusiak aurkeztu zituen Bizikidetzarako Kultura izenburupean .
Hiria hautagaitza aurkeztera eraman zuten faktoreak nabarmendu zituen bereziki, bai eta haren funtsezko lerroek Donostiaren etorkizunerako duten garrantzia ere.
Iberoamerikako hirien alkate eta ordezkari ugarik parte hartu zuten topaketan; Bartzelonako Xavier Trias buru izan zen kargua uzten duen presidente gisa, bai eta Medellíngo alkate Aníval Gaviria ere, presidente berri modura.
CIDEU 1993an sortu zen, eta Donostia 2006tik da hirien arteko sare horretako kidea. Hirien Garapen Estrategikoaren Iberoamerikako Zentroa 134 kidez osatutako elkartea da. Kideen artean, hiriak (Buenos Aires, Rosario, Medellín, Concepción, Durango, Bogotá, Guadalajara, Lima, Montevideo, Quito…), erakunde laguntzaileak eta garapen eta lankidetzarako agentziak daude. Egoitza iraunkorra Bartzelonan du.
Zentroa osatzen duten hiriek 120tik gora milioi pertsonaren bizi-kalitatea hobetzearen aldeko sare-lana egiten dute, eta hirietako proiektu estrategikoek sortzen duten ezagutza partekatzen dute.